FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA

Itxaropenarena

Igandean hasiko da denboraldia hiru euskal taldeentzat. Joan denean adina nahi du gozatu batek, eta joan denean adina sufritzeari utzi beste biek.

ASIER LEGARDA-EREñO - HARITZ GALLASTEGI
2006ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Igandean hasiko da Espainiako Liga, 2006-07 denboraldia, eta hiru dira oraingoan Lehen Mailan ariko diren euskal taldeak -Alaves Bigarren Mailan ariko da aurten-. Athletic-Reala derbiarekin hasiko da berriro denboraldia, eta Getafe izango du kontrario Osasunak, etxean. Jarri dituzte guztiek mahai gainean datorrenari aurre egiteko helburu eta egitasmoak. Egin dituzte fitxaketak. Indartu dute taldea, ustez. Hartu dute arnasa, eta asmo onez beteta dira hastekoak. Sailkapena dute guztiek jomugan, eta itxaropena zaindari. Osasunak joan den denboraldian adina nahi luke gozatu, baina lurrean jarrita ditu oinak. Txapeldunen Ligako zaplaztekoa dute goxatu beharra nolabait hasieran, eta berritasunei neurria hartu gero. Athleticek eta Realak ere berritasunei neurria hartzen dute lana lehenengo, eta iaz adina nola ez sufritu asmatzen ondoren.

OSASUNA

Sasoi errepikaezinaren ostekoa

2006-07 denboraldia ez da aurrekoa bezain erraza izango Osasunarentzat. 2005-06 denboraldian Ligako postu gozoenetan mugitu zen Iruñeko taldea hasieratik amaiera arte, baina ez da erraza izango Jose Angel Zigandak Javier Aguirreren balentria errepikatzea. Aurrekontua aintzat hartuz gero, Lehen Mailako talde apalenetakoa da oraindik ere Osasuna, eta ondorioz helburu nagusia mailari eustea izango da nafarrentzat. 2.B Mailatik Lehen Mailara jauzia egiteko gaitasuna badauka Zigandak, baina Osasuna beste behin Europako postuetan sartzea lortzea beste kontu bat da.

Urte dezente elkarrekin jokatzen daraman futbolari taldea osatu du Osasunak azken denboraldietan, eta horrexegatik mailari eusteko hautagai nagusien arteandago Iruñeko taldea. Edozein talderentzat aurkari deserosoa izanagatik, Osasuna zein motatako kluba den ahazterik ez dago, eta ez da komeni gehiegi eskatzea Ziganda-Goikoetxea bikoteari estreinaldiko denboraldian. Aske geratzen diren jokalariak (Font eta Nekounam) eta beste klubek utzitako futbolariak (Soldado eta Juanlu) soilik fitxatu ditu denboraldi honetan ere, azkenengoetan bezalaxe. Hori bai, harrobia ere ez dute inoiz ahazten nafarrek, eta iragan sasoian Javier Flaño eta Raul Garcia bezala, sasoi honetan Natxo Monreal gizon garrantzitsua bilaka daiteke. Taldea ez dago itxita oraindik, baina Txapeldunen Liga jokatzeak ziurtatzen zuen diru sarrera kea bezalaxe desagertu da. Beharren arabera fitxatu dute orain arte. Ondo. Talde sendoa dauka Osasunak. Sosik xahutu gabe jokalariak lotzen dituen talde apalari lorpen handiak eskatzea bidegabea da, hargatik.

Denboraldi-aurre osoan Txapeldunen Ligako atarikoa beste hizketagairik ez dute izan jokalariek, eta Hanburgoren aurkako porrotaren ostean Ligan itxura onez hastea da helburua orain. Txapeldunen Liga ez jokatzea kolpe latza izan da jokalarientzat, eta entrenatzaile berriarentzat ez da ibilbidea hasteko erarik onena izan. Hala eta gutiz ere, Osasuna ez dago Bigarren Mailan. Iruñeko kluba ez da desagertu. Bizirik daude gorritxoak, eta hiru lehiaketa dituzte hori erakusteko: Espainiako Liga eta Kopa, eta UEFA. Txapeldunen Ligaren ondoan sari zatarra dirudi UEFAk, baina 86 urteko historian laugarren aldiz Europan lehiatzea ez da sari makala Osasuna bezalako talde apal batentzat. Txapeldunen Ligatik kanporatuta geratu arren, Hanburgo baino gutxiago ez zirela ikusi zuten Osasunako jokalariek, eta etorkizunari aurpegi onarekin begiratzeko balio behar du horrek. ­ Asier Legarda-ereño.

ATHLETIC

Hutsetik

Athletic hutsetik hasiko da 2006-07 denboraldian. Talde zuri-gorriaren historiako denboraldirik txarrena ahaztu eta egorari buelta emateko itxuraldatu egin du taldea Lamikizek. Ahal izan duen neurrian, behinik behin. Nagusiak gutxitan egiten dira euren proiektuen porroten erantzule. Era berean, Athleticen mugak dituen talde batek ezin du taldea goitik behera aldatu. Alegia, ezin ditu jokalari asko bota eta beste horrenbeste ekarri. Beraz, lan egiteko modua aldatu dute zaleek ilusioa berreskuratzeko. Horretarako, arlo teknikoa berritu dute.

Athleticeko presidenteak astebete behar izan zuen Clemente entrenatzaile kargutik kentzeko. Barakaldokoak taldea salbatu zuen arren, Lamikizek ez zuen entrenatzailearengan konfiantza handirik. Halere, inguruak behartuta, beste aukera bat eman behar izan zion. Clementek ahoa zabaldu zuen arte. Entrenatzaile beteranoak ezbaian jarri zuen klubaren fitxaketa politika denboraldi-aurreko lehen astean. Lamikizek ez zuen onartu -Clemente kargutik kentzeak, Julen Guerreroren agurrak eta Gurpegi auziak sekula baino zeresan gehiago eman dute Athleticen opor sasoian-.

Clemente kargutik kendu eta Felix Sarriugarteri eman zion Athletic zuzentzeko ardura. Ez zen entrenatzaile aldaketa soila. Lan egiteko modua aldatzea erabaki zuen klubak. Entrenatzaile beterano gehienek duten lan egiteko modua alde batera utzi -eurak izaten dute Lehen Taldearen ardura guztia eta gainerako taldeak, langileak eta entrenatzaileak alde batera uzten dituzte-, eta taldeko lanaren alde egitea erabaki zuten. Denboraldi bi lehenago Athletici emaitza onak eman zizkion eredua berreskuratu zuen Lamikizek. Valverderen sasoia, alegia.

Sarriugartek lan egiteko era eta beste hainbat gauza aldatu ditu. Lehenik eta behin, aldagelan zegoen giro ona berreskuratu gura izan du -aurreko entrenatzailearekin galdu egin zen-. Berriztarrak ez du denbora asko behar izan gauzak bere onera ekartzeko -horrek ez du esan gura jokalari guztiak gustura daudenik-. Bestetik, joko sistema aldatu du. Bartzelonak erabiltzen duen 4-3-3koa du gustuko entrenatzaile gazteak.

Arlo teknikoan egindako itxuraldaketak beste kolore bat eman diezaioke Athletici, baina ezin dugu ahaztu zeintzuk diren protagonista nagusiak: Futbolariak. Arlo horretan betikoek izango dute taldearen giltza eta erantzukizuna. Fitxaketak balekoak izan dira. Sarriegik, Gabilondok eta Javi Martinezek-etorkizuneko apustua- lehiakortasuna areagotuko dute taldean, baina Athleticen bizkarrezurra iazko bera izango da: Orbaiz, Yeste, Iraola eta enparauen jokoa izango da Athleticek sailkapenean merezi duen lekua zehaztuko duena -ezinbestekoa izan ez arren, taldeak nabaritu egingo du Gurpegiren baja. Andosillakoa jokalari garrantzitsua bihurtu da zelaian eta kanpoan-. Halaber, Adurizen eta Llorenteren ekarpena ere oso garrantzitsua izan daiteke. Joan den urtean baino lasaiago eta gorago egoteko taldea du Athleticek. Apaltasunez eta mugak ahaztu barik emaitza onak lor daitezke. ­ Haritz Gallastegi.

REALA

Txakur-ametsik gabe

Norbere helburuak zehazterakoan oinak lurrean izatea komeni dela abiapuntutzat hartuta, Realaren xedea Ligan lan duina egitea eta ahalik eta gutxien sufritzea, eta Espainiako Kopan maila polita ematea izan beharko luke. Horrekin pozik egoteko moduan legoke mundu guztia. Azken urteetan pilatutako atsekabeek eta sufrimenduek gogogabetasun handia sortu dute zaleengan, baina ondorio mesedegarri bat izan dute, nolabait ere. Aurten, inork ez du txakur-ametsik izango. Taldeari ez zaio miraririk eskatuko, berea ematea baizik. Neurri hori zein den jakitea da kontua, datorren igandetik aurrera.

Egia esan, denboraldi-aurreak ez du gehiegi balio galdera hori erantzuteko, probetarako garaia delako eta gutxitan errepikatzen delako orduan erakutsitakoa benetako lehiaketa hasten denean. 4-1-4-1eko eskema erabiliz -Amorrorturi emaitza onak eman zizkion-, defentsan oinarritutako talde nahi du Bakerok, iazkoa baino sendoagoa. Ingalaterran jokatutako lau partidatan ez zuen golik jaso, baina sartzeko gauza ere ez zen izan, maila eskaseko kontrarioen aurrean. Olympiakosen aurka, berriz, negargarri aritu zen bere atean eta aurkarienean. Esan beharra dago, hala ere, esperimentuetarako erabili zuela Bakerok, eta taldea fisikoki pot eginda iritsi zela partida horretara.

Balio handiagoa dauka, neurria hartzeko, Tottenhamen aurka jokatutakoak. Orduan bai, hasierako hamaikakoaren antz handia izan dezakeenarekin, ondo egin zion aurre taldeak gaur egun pare bat koska gorago dagoen taldeari, azkenean 2-1 galdu arren. Erritmo handian jokatu zen partida, defentsan ondo moldatu zen Reala -geldikako jokaldietan izan ezik-eta erasoan nahiko ondo lotu zuen jokoa. Fitxaketei dagokionez, Rivas eta Gerardoren ofizioa oso lagungarria izan daitekeela ikusi da. Juanitok itxura ona eman du, eta Feliciok eta Bravok detaile onak eta ez hain onak tartekatu dituzte.

Zalantza asko argitu beharko ditu Realak. Aurrealdean, Skouboren lesioak eta Kovacevicen adinak eta egoera fisikoak pizten dituztenak. Edota Jauregirenak. Ikusi beharko da ere Aranburuk lehengoa izatea lortu duen. Faktore horien menpe egon daiteke, neurri handi batean, Realaren jarduna. Ezker hegalean norbait finkatzea ere garrantzitsua izango litzateke. Baita ere, nola ez, iaz baino gol gutxiago jasotzea eta azken minutuetako txakalaldiak ahaztea, edota Novo, Stevanovic eta Alonsok euren jokoan aurrerapauso bat ematea. Berri onen atalean, berriz, Urangak edo Diaz de Zeriok egindako denboraldi-aurre ona aipatu beharra dago. Nolanahi ere, denboraldi hasiera zaila dauka taldeak, egutegiari erreparatuta, eta jardunean ikusteko irrikan dira zale guztiak, gauzak nondik joan daitezkeen jakiteko, batez ere. Oraingoz, txakur-ametsik ez.­ Xabier Lopetegi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.