Iraupena. 1.15.41.
Pilotakadak. 695.
Sakez. Olaizola II.ak bakarra, eta Gonzalezek alerik ez.
Markagailua. 2-0, 2-3, 4-3, 4-4, 5-4, 5-5, 7-5, 7-7, 8-7, 8-9, 11-9, 11-10, 12-10, 12-12, 18-12, 18-15, 19-15, 19-17, 21-17, 21-18 eta 22-18.
Bestelakoak. Jendetza handia Bilboko Bizkaia pilotalekuan.
Zale eta aditu gehienek azkar eman zuten euren epaia Binakako Txapelketa aurkeztu zutenean: Olaizola II.a-Beroiz eta Martinez de Irujo-Barriola, hortxe finalerako bi bikoteak. Izenei begiratuta, oker-okerra ere ez zen ustea, bikote sendoa osatzen dutelako biek ala biek. Baina pilotalekuan jokatu egin behar izaten da ustea errealitate bihurtzeko, eta Martinez de Irujo eta Barriolari —Gonzalez ari da orain Iberokoaren ordez— oilartzen ari zaizkie aurkaririk gehienak. Txapelketako lehen lau partidak irabazita, txukun ekin zioten txapelketari, baina larritzen hasita daude dagoeneko. Azken sei partidetatik bakarra irabazi dute, azken hiru partidak errenkadan galdu dituzte, eta sailkapena asko ari zaie okertzen.
Olaizola II.a eta Beroizi buruz esan beharreko gehienak esanda daude jada. Hamar partidatan hamar garaipen. Beste behin ere, bi huts besterik ez Beroizek 695 pilotakadako partida gogorrean; eta sei huts pilatu arren, egindako hamabi tanto Olaizola II.ak. Perfekzioa ez daukate oso urrun. Hori bai, sufritu egin behar izan zuten atzo, orain arte inor ez delako gai izan eurei 18 tanto egiteko. 2-2, 4-4, 5-5, 7-7, 8-8, 9-9, 12-12... Estua eta gogorra izan zen atzoko partidaren hasiera, baina astea joan, astea etorri, neke handia pilatzen dute Olaizola II.a eta Beroizen aurkariek.
Barriolak behera egin zuen partidaren bigarren zatian, eta Gonzalezek erasoan huts egiten ez zuena Olaizola II.ak amaitzen zuen, bi pareta edo ezker gantxo neurtuekin. Lehengo astetik sailkatuta daude binakako txapelketako liderrak, baina ez daukate asmorik erritmoa apaltzeko. 18-12 atzetik jarrita, bazirudien etsipena gertu izango zutela, baina goizuetarraren huts batekin, eta Barriola eta Gonzalezen tanto banarekin, 18-15 gerturatu ziren urdinak. Eskuinarekin egiten du herren lapurtarrak, eta, sufrimendua gerturatzen hasita zegoenean (19-17), horixe baliatu zuen Olaizola II.ak 22. tantoa egiteko.
Bezperakoa ez zen atzokoa bezain lehia gogorra izan. Titinek eta Merinok gozatu egin zuten, eta 22-11koarekin, kolpe handi samarra eman zieten Bengoetxea VI.a eta Apraizi. Sei garaipenekin, bigarren daude errioxarrak.
Olaizola II.a-Beroiz 22. Gonzalez-Barriola 18
Itxura ona ez da nahikoa
Txukun aritu dira Gonzalez eta Barriola, baina asko okertu zaie sailkapena, azken hiru partidak galduta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu