Itxura txarra dauka

Baionak hutsune ugarirekin jokatuko du gaur Perpinyaren aurkako partida garrantzitsua

David Romieu, Baionakoa, baloiarekin, Perpinyaren aurka Jean Daugerren jokaturiko lehen itzuliko partidan. B. EDME.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Bost partida gelditzen zaizkio Baionari bere burua salbatzeko. Top 14aren fase erregularra gaur bukatuko balitz, Baiona bigarren mailara jaitsiko litzateke. Barkatzeko aukera gehiagorik ez dauka, eta hurrengo hiru partidetan bere etorkizuna jokoan izanen du. Hiru aurkari zuzenen aurka ariko da Aturri eta Errobiko taldea: Perpinya, Miarritze eta Lyon. Partida horietan lortutako emaitzek erabakiko dute haren geroa.

Hiru lehia horietan lehena Perpinyan jokatuko du (14:15, Rugby Plus). Partida garrantzitsuetan garrantzitsua, bi taldeentzat. Puntu bakarreko aldea dago Perpinya eta Baionaren artean sailkapenean, eta gaur irabazten duenak jaitsiera postuetatik ihes egingo du, galtzailearen kalterako. Egoera ikusiz, garaipenaren garrantzia begi bistakoa da. «Irabazi behar dugu. Top 14an jarraitzeko, gure etxeko partida guztiak eta etxetik kanpo beste bat irabazi beharko dugu. Gaur bertan hastea ez legoke gaizki»,azaldu du Marvin O' Connor Baionako hegaleko gazteak.

Partida derrigor irabazi beharrekoa da, baina Baionaren egoerak ez du itxura onik. Briveren aurka, urduri aritu zen, eta oso joko pobrea erakutsi zuen. « Konfiantza falta», eta «batzuetan falta inozoak» egiteko joera nabarmendu ditu Didier Faugeron baionarren entrenatzaileak. «Zaila da psikologikoki egoera kudeatzea. Nekagarria da jakitea astero borroka bat izango dela mailari eusteko. Freskotasun pixka bat falta zaigu», aletu du Julien Puricelli hirugarren lerroak, bolada txarraren gakoak aztertu nahian.

Baionan burumakur daude jokalariak. Hori gutxi ez, eta joan zen asteko hiru jokalari onenak: Dwayne Haare, Mark Chisholm eta Abdelatif Boutaty, min hartuta daude, eta ez dira zelaian izanen. Didier Faugeronek, egoera ikusiz, hasierakoak aulkian uztea erabaki du. Lehen lerro osoa aldatu du, Manukula, Da Ros eta Tialata zelairatuz; eta Linde, Rokocoko eta Gartzia ere zelairatu ditu.

Ikusi beharko da ordezkoek zer itxura erakusten duten, Perpinya oso motibatuta ariko baita zaleen aurrean: « Ziklo baten bukaera da. Jokalari anitz joanen gara sasoia bukatuta, eta taldea jaso genuen lekuan utzi nahi dugu », azaldu du Olivier Olibeauk aste honetan, sasoi bukaeran errugbia utziko duen Miarritzeko bigarren lerro ohiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.