Itxura zeharo aldatuta

Athleticek eta Malagak ez dute zerikusirik ligako lehen itzulian elkarren aurka jokatu zuten bi talde haiekin

haritz gallastegi
2009ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Athleticek aldartea aldatu beharko du berriz. Ez da azken aldia izango, gainera. Ez da albiste txarra. Espainiako Kopan bizirik jarraitzen duen seinale da. Ametsak aurrera jarraitzen duela erakusten du aste barruan partida jokatzeko aukera izateak.

Gijongo (Espainia) Molinon futbol zelaian hartutako poza alde batera utzi eta Ligan pentsatu behar du talde zuri-gorriak. Azken bi hilabeteetan irabazitako puntuekin lasaitasun eta patxada apur bat eskuratu du Caparrosen taldeak, baina oraindik lanean jarraitu beharko du, denboraldi amaiera lasaia izateko. Maiatzera bitarteko bideak oztopo gutxi izateko, ezinbestekoa izango da etxeko partidetan ondo jokatzea. San Mameseko harmailek beti ematen duten indarra, egun bere jokoan duen konfiantza eta argi artifizialaren babesean jokatzen diren norgehiagoketan sortzen den giro berezia baliatu beharko ditu Athleticek Malaga mendean hartzeko. Egiari zor, gauza guztien beharra izango du hiru puntuak irabazteko. Malaga sasoian baitago. Denboraldiko ustekabeko nagusia da talde andaluziarra. Caparrosek argi dauka zein den Malagaren arrakastaren giltza. «Malagak goi mailako entrenatzailea dauka. Tapiak oso ondo eramaten ditu taldeak. Ezagutza handiko teknikaria da. Gainera, etxekoa da. Hazten ari den taldea da», adierazi zuen zuri-gorrien entrenatzaileak.

Athleticen eta Malagaren egungo egoera ez sinesteko modukoa da. Sasoi hasieran inork ez zukeen txakur txiki bat emango San Mamesen ariko diren taldeen alde. Ligako bigarren jardunaldian jokatu zuten elkarren kontra. Irailaren hasiera zen. Kezkagarria izan zen oso Rosaledako berdegunean -zerbait esatearren- eman zuten itxura. «Badakigu zein izango den gure atzetik geratuko den taldeetako bat», pentsatu zuten jokalariek, zaleek eta adituek lehia amaitu zenean. Seguru asko gauza bera pentsatuko zuten Malagaren zaleek. Eta gainerako jarraitzaileek, berriz, maila ez galtzeko bi hautagai ikusi zituzten.

Urte erdi eskas igaro da lehen aldiz indarrak neurtu zituztenetik. Bada, ordutik asko aldatu dira gauzak. Bi taldeen egoera espero baino askoz hobea da. Athleticek eta Malagak atzean utzi dituzte jaitsierako postuak. Zuri-gorriak nahiko lasai daude sailkapenaren erdialdean. Bederatzi puntuko koltxoia dute. Hori gutxi balitz, Kopan bizirik daude oraindik. Malaga, berriz, askoz ere egoera hobean dago Espainiako Ligan. Egun UEFA Kopan sartzeko sailkapeneko postuetan sailkatzea da Tapiak entrenatzen duen taldearen helburua. Beraz, txapelketaren heren bi jokatu orduko, salbatuta egon daiteke. Sinestezina.

Ustaritz, Ocioren lekuan

Futbol zaleek lehen itzulian ikusitakoa hobetzeko eskatuko diete bi taldeei. Lasai jokatzeko aukera dutenez, litekeena da hobetzea. Talde bakoitzeko jarraitzaileek, berriz, jokoa hobetzeko eta irabazteko esperantza izango dute. Caparrosek ere irabazteko eskatu die futbolariei. Ez du konfiantzarik gura. «Futbolariek aldatu dute aldartea. Malagaren aurkako partidan dute burua. Akats larria izango litzateke %100ean ez jokatzea. Puntuak behar ditugu».

Horregatik, ez du iraultzarik egingo. Ez du Almeriaren aurka egin zuena errepikatuko. Aldaketak egingo ditu, baina taldea itxuraldatu barik. Jokalari garrantzitsu gehienak berdegunean izango dira gaur. Aitor Ocio izango da atseden hartuko duen jokalarietako bat. Behartuta hartu beharko du, gainera. Gasteiztarrak mina dauka ezker hankan, eta harmailetatik ikusi beharko du lehia. Ustaritz arituko da bere lekuan. Beharbada, beste jokalari bikain bat zelairatzeko aukerak eragina izango du gisa horretako erabakiak hartzerako orduan.

Atzealdean ez da beste aldaketarik aurreikusten. Bestalde, litekeena da zelai erdian eta erasoan ere aldaketak izatea. Caparrosek maila bertsua eman dezaketen jokalari dezenteren artean aukera dezake. Beraz, bi lerro horietako protagonistak aukeratzerako orduan, hurrengo lau egunetan jokatuko dituzten partida biak kontuan hartzeko aukera izango du. Euren jokoa freskotasun fisikoan oinarritzen duten futbolariei atsedena emateko parada izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.