Golak: 1-0: Paulaok (18. min.). 2-0: Ruben Castrok (81. min.). Epailea: Teixeira Vitienes. Txartel gorria Betiseko Mariori (88. min.). Txartel horia Betiseko Alex, Beñat, Agra eta Ruben Perezi; eta Realeko Griezmann eta Estradari. Bestelakoak: 35.000 ikusle Benito Villamarinen.
Argi bila joan zen Reala Sevilla aldera. Etxean izugarri ondo ari da talde txuri-urdina, jokatutako hiru partidak irabazi dituelako, Celta, Zaragoza eta Athleticen aurka. Baina etxetik kanpo aspalditik dabil ezinean. Joan den asteko derbiak indartuta, etorkizuna argitu nahi zuten donostiarrek Betisen aurkako partida irabazita. Baina Benito Villamarin futbol zelaiak berak eman zien abisua txuri-urdinei. Partida hastear zela, itzali egin ziren estadioko argietako batzuk, eta behar baino hamazazpi minutu geroago hasi zen lehia.
Baina Reala ez zen konturatu. Argia piztu berritan, itzali antzean zelairatu zirelako txuri-urdinak. Aurrealdeko hirukoak min egiten zuen bizpahiru pase jarraian emandakoan, baina Betisek nahi zuen guztietan egiten zuen min, ezker hegaletik bereziki. 6. minutuan ozta-ozta bidali zuen baloia kornerrera Mikel Gonzalezek, Ruben Castro arean sartzera zihoanean; 9. minutuan Beñat Realaren atzealdea txikitzeko zorian egon zen, pase sakon batekin. Eta 18. minutuan iritsi zen, azkenean, Betisen gola, korner batean. Iñigo Martinezek huts nabarmena egin zuen markaketan, eta Paulaok nahi izan zuen bezala egin zuen errematea, buruz, atzetik aurrera indartsu sartuta. Zubikaraik esku-artean zeukan baloia, baina ihes egin zion azken unean. 1-0.
Aurretik ere urduri ari zen Realeko atezaina, eta gol horrek are urduriago jarri zuen. 23. minutuan, beste korner batean, bide erdian geratu zen. Atzelariek atera zuten baloia atepetik. Deigarria izan zen Griezmannek taldekideei 26. minutuan egin zien keinua. Frantziarrak falta argia egin behar izan zuen zelai erdian, taldekideek baloia galdu berritan, eta erabat haserretu zen erdilaria. Estutzeko eta aurkariaren gainean egoteko eskatu zien taldekideei.
Haserraldi hori tarteko, lehen minutuetan egin bezala, presioa gorago egiten hasi zen Reala. Eta oldarkortasun horrek piztu zuen taldea. 36. minutuan, Xabi Prieto, Estrada eta Illarramendiren jokaldi landu baten ondoren, gutxigatik bidali zuen baloia kanpora Velak, ezkerrez. 41.ean Xabi Prietok pase dotorea eman zion Velari, eta Adrian atezainaren aurrean, bakar-bakarrik, huts egin zuen mexikarrak. Aurrelaria baldar ibili zen kontrolean, eta behartuta iritsi zen errematera. 43. minutuan, Alexek ezkerretik egindako erdiraketan, 2-0ekoa lortzeko aukera ona eduki zuen Nosak. Baina Reala nagusitu zen minutu horietan. Velak area barrutik erremate kaskarra egin zuen 46. minutuan; eta, azken kornerrean, ezkerrez, 1-1ekoa lortzeko zorian egon zen Mikel Gonzalez. Geldiketa bikaina egin zuen atezainak.
Areatik areara bigarren zatian
Bizi-bizi amaitu zen lehen zatia. Eta horrelaxe hasi zen bigarrena ere. Xehetasun argi bat: oso oker, baina 30. segundoa betetzerako egin zuen lehen errematea Illarramendik. Hori bai, 47. minutuan, Ruben Castrok langara bidali zuen baloia. Baina jokatzeko zegoen Reala. 52. minutuan De la Bellak pase luzea bidali zion Velari; mexikarrak kontrolatu, eta, beste behin, oso gora bidali zuen errematea. Zurutuzak falta jaurtiketa onean estutu zuen Adrian.
Pozuelok 62. minutuan egindako errematea gorabehera, Betisen area ertzean ari zen jokatzen partida. Iritsi behar zuen golak, ezinezkoa zen joko horrekin lehia ez berdintzea. Baina Realari sarritan gertatzen zaizkio horrelakoak. Zurutuza eta Vela aulkira bidalita —Chory Castro eta Ifran zelairatu zituen Montanierrek—, itzali egin zen, berriz ere, Reala. Eta 81. minutuan, beste estrategia jokaldi batean, bigarrena sartu zuen Ruben Castrok. Beste kolpe bat. Beste bat gehiago.
BETIS 2. REALA 0
Itxuraren sailkapenik ez dago
Behar baino hamazazpi minutu geroago hasi da partida, argiekin izandako arazoa tarteko, eta itzalita ekin dio Realak partidariBigarren zatian gol aukera asko izan arren, estrategia jokaldietan huts egin du berriz ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu