Gescrap Bizkaia taldeko jokalariek prentsan duten oihartzuna aztertuko bagenu, ia azaldu ere ez lirateke egingo erreportaje honetako bi protagonistak. Argi guztiak taldeko makulu direnentzat dira: Marko Banic kapitaina, Alex Mumbru, Aaron Jackson joko antolatzaile estatubatuarra, D'Or Fischer eta Axel Hervelle pibotak... Izarrak dira horiek guztiak, kantxan aginte makila hartzen ohituak dauden jokalari bikainak, eta normalean mikrofono aurrean erantzuteko eskaera gehien jasotzen dutenak. Josh Fisher eta Kostas Vasileiadis ere jokalari onak dira, baina itzalpeko izarrak dira. Ez dute taldekideen oihartzunik komunikabideetan, baina funtsezkoak dira talde lanean. Biak izan dira funtsezkoak Gescrap Bizkaia dinamika onean sar dezakeen garaipenean, eta behingoagatik, loreak haiei bota behar zaizkie.
«Berak irabazi du partida; gerlari bikaina da», esan zuen Aaron Jacksonek Twitter sare sozialeko bere kontuan Fisherrez, Gasteizko partida bukatu eta berehala. Fisherrek epaileek eta zorte txarrak piztutako sutea itzali zuelako, azken hamabi minutu bikain jokatuta. Orkatila bihurritu zuen Raul Lopezek atsedenaldia baino lehenago, eta ez zen kantxara bueltatu. Aaron Jackson 28. minutuan kanporatu zuen Cerebuch epaile italiarrak, laugarren falta eta teknika jarraian adierazita. Katsikarisi bat-bateko buruko mina sartu zitzaion: nor jarri orain joko antolatzaile postuan?
Bada, Josh Fisher. Washingtongoa ez da joko antolatzailea. Eskolta postuan jokatzen ikasi zuen saskibaloian, baino patuak aspaldi erakutsi zion eskatzen diotena egiteko gai izan behar zuela etorkizuna izatekotan. Eskatutakoa egin zuen, eta ondo baino hobeto. Baloia eraman, taldea gidatu, kideak elikatu, Pablo Prigioni ezerezean utzi eta bi baloi berreskuratu azken 100 segundoetan, norgehiagoka bizkaitarren alde hautsi zenean. Zortzi puntuko balorazioa hamabost minutuan.
Inork ez zuen txakur txikirik ematen Fisherren alde joan den sasoia bukatutakoan. Taldeak kontraturik ez ziola berrituko uste zen, baina Katsikarisek haren konpromisoa, gutxi jokatzeagatik kexarik ez erakustea eta taldeari defentsan ematen zion kemena baloratu zituen haren alde egiteko. Gasteizko partidak erakusten du Fisher berarekin fidatzeko moduko jokalari bat dela. Ez ditu partida biribil asko jokatuko, baina hala jokatzen dituen apurrak erabakigarriak izan daitezke taldearen jardunean, eta itxura hori dauka Gasteizkoak.
Herrikide zorrotzena
Antzekoa da Kostas Vasileiadisen kasua, baina ezberdina, taldearen puntu ekoizpenean Josh Fisherrek baino askoz garrantzi handiagoa baitu. Hirukoetan daukan jaurtiketa mekanika azkarra zitala da aurkarientzat, eta zigor handia eragiten die. Harreman emankorra dauka Katsikaris entrenatzaile eta herrikidearekin. Grezieraz mintzatzen dira biak, baina Katsikaris izango da, ziurrenik, Vasileiadisen herrikide zorrotzena, asko eskatzen diolako eta egiten dituen hutsak errepikatzen dituenean asko haserretzen delako.
Huts horiek eta sarri samar izaten dituen joko beherakadak dira Vasileiadisek gainditu beharreko arazoak. Asmatzen duen neurrian, entrenatzailearen konfiantza izango du. Balantzaren alde batean emandako hiru baloi eta defentsako bi akats jarri, eta bestaldean 21 puntu erabakigarri, Vasileiadis garaile. Bitxia da, gainera, Baskoniaren aurka jokatzen duenean lortzen dituen zenbaki onak. Otsailean, Kopan, zazpi hiruko sartu zituen.
Litekeena da partida sorta luze batean Josh Fisher eta Vasileiadisen zenbakiak on-onak ez izatea, baina noizean behin egitea nahikoa da, ilun ikusten zena haiei esker argi ageri delako orain.
Itzalpeko izarrak
Josh Fisher eta Kostas Vasileiadisen lan onari esker hautsi zuen Gescrap Bizkaiak etxetik kanpoko bolada txarra. Hedabideen oihartzunetik at bizi da bikote hori, baina langile finak dira, eta erantzukizuna hartzeko gai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu