Itzuli bat hegan

Athleticek estu eta larri zegoela egin zion bisita Realari. Ligako lehen bost jardunaldietan bi puntu baino ez zituen lortu, eta dudak zeuden Bielsaren gaitasunaz. Ordutik, Txapeldunen Ligan egoteko maila eman du.

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Derbi bat irabaztea berezia da. Oso neurketa gutxitan sentitzen den poza eragiten du. Etxe ondokoari, aurkari nagusietako bati irabaztea ederra da. Sailkapenean hiru puntu balio duenak askoz ere gehiago ematen du kalean. Berez da garrantzitsua derbia. Baina derbi bakoitzaren atzean lehian ari diren taldeen egoera dago. Era guztietako derbiak jokatu dira orain arte: Athletic zein Reala Europarako txartela irabazteko lehian aritu dira elkarren aurka; bi taldeak amildegitik gertu zeudela ere behin baino gehiagotan egon dira aurrez aurre; talde bat ondo egonda, baina bestea ez horren ondo, asko izan dira neurketak... Beraz, derbietako emaitza behin baino gehiagotan izan da erabakigarria talde baten edo bestearen norabidea aldatzeko. Onerako zein txarrerako.

Athletici dagokionez, hasi berritan zegoen proiektu bati indarra emateko balio izan zuen lehen itzulian Anoetan jokatu zen derbiak. Zalantzaz beteriko lehen saioak egin ostean, Anoetan hasi baitzuen gorako bidea Marcelo Bielsaren proiektuak. On egin zion Anoetan 1-2 irabazita eginiko urratsak. Izan ere, behin gorako bidea hartuta, gora eta gora egin baitu etengabe talde zuri-gorriak. Lehen sei jardunaldietan laino beltzak zeuden Athleticen zeru gainean, baina, ordutik gaurdaino, desagertuz joan dira. Urdinguneak dira nagusi egun. Jakinekoa da ligako emaitzak lehen jardunalditik kontatu behar direla. Hau da, sasoi batean lur gaineko rallyen txapelketan egiten zen legez, ezin direla emaitza txarrenak kendu. Baina Anoetako neurketatik orain arte egindakoa aintzat hartuz gero, talderik onenen artean Athletic hirugarrena izango litzateke, 32 punturekin. Aurretik, jakinekoa da, Real Madril eta Bartzelona egongo lirateke. Atzetik, berriz, gainerako talde guztiak. Azken hemeretzi jardunaldietan Valentziak baino puntu bi gehiago irabazi ditu, Osasunak baino lau gehiago, Espanyolek baino bost gehiago eta Rayo Vallecanok baino sei gehiago. Bada zerbait.

«Zorionez, Anoetako derbiko astetik gaur egunera arte asko aldatu dira gauzak. Futbolak horrelako gauzak ditu, baina badirudi ez dugula ikasten. Proiektu baten hasiera zen. Duda beti egoten da, baina nik konfiantza handia nuen entrenatzaile eta talde on batengan», esan zuen herenegun Josu Urrutiak ezohiko batzarrean. «Ni denbora ematearen aldekoa naiz. Lan berri batean hasten naizenean, denbora eskatzen dut, eta gainerakoek ere hala egitea gustatuko litzaidake. Ez nekien nora eramango gintuen hasitako bideak, baina konfiantza ez dut sekula galdu», gaineratu zuen.

Merezi baino puntu gutxiago

Lagun bakoitzak gura dituen moduan erabiltzen ditu estatistikak. Eta, sarri, zenbaki berberekin hainbat irakurketa egiten dira. Baina sailkapen bakarra dago. Eta sailkapen horrek Athletic bosgarrena dela erakusten du. Talde zuri-gorriaren sekretuak zeintzuk diren jakinekoak dira: jokatzeko era berrira azkar egokitu izana, eta, Bielsak gura duena garatzeko, konpromiso handiko futbolari kalitatedunen ekarpena. Fernando Llorente da belaunaldi on horren iparra.

Derbian irabazi izanak itxuraldatu zuen Athletic. Ordutik, onak izan dira emaitzak. Baina, hala ere, talde zuri-gorrian ez daude erabat gustura. Gehiago gura dute. Egindako jokoak lortutako uztak baino gehiago merezi zuela iritzi diote. Anoetako partidatik ia ez delako Athletic baino gehiago izan den areriorik —Real Madril izango zen bakarra—. Zuri-gorriak mendean hartzeko gai izan diren beste bi aurkariak Granada eta Betis izan dira. Baina neurketa gehienetan nagusi izan da Athletic. Hala ere, garaipenak adina izan dira berdinketak. Eta jakinekoa da garaipenak hiru puntu ematen dituenetik alde handia dagoela irabaztearen eta berdintzearen artean. Inork baino hobeto zekien horren berri Joaquin Caparrosek. Iaz Sadarren neurketa negargarria jokatu eta irabazi ostean esan zuena da horren adibiderik garbiena. «Sailkapena, lagun, sailkapena!», esan zuen taldearen jokoaz galdetu ziotenean. Egun zuri-gorrien jokoa ez da aitzakia. Zaleak oso gustura daude ikusten ari direnarekin. Emaitzak ez ezik, ikuskizuna ematea ere eskatzen baita. Baina Athletici erreparatu dionak jakin badaki zuri-gorrien jokoa irabazitako puntuen gainetik egon dela. Gehiago merezi izan duela, alegia. Halaber, ez da ahaztu behar futbolean sarri erabiltzen den esaldia: merezi izatea ez dela nahikoa. Joko onak, baloiaren jabetzak, proposamen ausartak… gauza horiek guztiek ez dute ia ezertarako balio golak sartzen ez badira. Finean, emaitza barik ez dagoela ezer.

Bada, emaitzak dira lehen itzuliko derbiaren eta bigarren itzulikoaren artean Athleticen aurki daitekeen alde nagusietako bat. Joko onak eta konfiantzak aurkari berberen kontra sei puntu gehiago lortzeko aukera eman dio Bizkaiko taldeari. Poltsikoan puntu bi zituztela zelairatu ziren zuri-gorriak Anoetan. Egun 34 pilatu dituzte. Horietatik zortzi, bigarren itzuliko lehen bost neurketetan. Derbiak aldatu zuen Athleticen ibilbidea. Mugarri izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.