Izana izenaren gainetik

Diazek kanporatu egin du Olaizola I.a (8-22); Bengoetxea VI.ak ez du arazorik izan Beroizen aurka (22-3)

jon eskudero
Donostia
2010eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Lehenago edo beranduago, baina zera dio esaerak: txapelketa guztietan gertatzen direla ustekabekoak. Bada, aurtengo lau t'erdikoari ere iritsi zaio estreinakoa. Izan ere, pronostiko guztiak irauli eta 22-8 irabazi zion Iñigo Diazek atzo Asier Olaizolari, Gernikako Santanape pilotalekuan. Hala, gorengo mailan lehenengo aldiz lortu zuen Iruñekoak final-zortzirenetara sailkatzea. Eta txartel hori eskuratu duen bestea Oinatz Bengoetxea izan zen, Iruñeko Labriten Mikel Beroizi 22-3 irabazita. Udako sasoiari segida ematen jarraitzen duela erakutsi zuen leitzarrak.

Gertatzen da, tarteka, izanak izenari gaina hartzea, eta horren adibiderik garbiena atzo Gernikan gertaturikoa da. Diazen izena ez da, egiari zor, pilotarien artean entzutetsuena, baina erakutsitako jokoari erreparatuta, garbi dago zergatik ari den lehen mailan. Iaz Gonzalez kanporatzeko zorian egon zen, eta aurten zorian ez, halaxe egin du. Kasu honetan, goizuetarrarekin.

Neurketari bi tanto atzetik ekin arren, kikildu ez eta joko bikaina egin zuen Iruñekoak. Ongi sakatu, ongi aritu piloteoan, eta ideiak fresko izan tantoa amaitzerako garaian. Ez dauka aitzakiarik Diazen lanak, baina egia da Olaizola I.a ez zela bere mailara hurbildu ere egin. Egun txarra tokatu zitzaion, eta ez zuen batere itxura ona eman. Diazek Urrutikoetxeari edo Zubietari egingo dio aurre hurrengo fasean.

Eta itxura ezin hobea eman zuena Bengoetxea VI.a izan zen. Beroizek erraztasun handiak eman zizkion, bai, baina berea ongi egin zuen leitzarrak. Udara paregabea egin du, eta dudarik ez da, txapelerako hautagai nagusietako bat bera dela. Hori bai, hurrengoan ez du aurkari samurra izango: Barriola edo Saralegi.

Aritz Lasa, hurrengo fasera

Aritz Lasak ez zuen hutsik egin herenegun bere zaleen aurrean Urretxun, arazorik gabe gailendu baitzitzaion Lemunori (22-17). Oso partida eskasa jokatu zuten biek ala biek, eta huts gutxien egin zituenak irabazi zuen. Aste osoa sukarrarekin pasa du Aspekoak, eta hori igarri egin zitzaion kantxan. Markagailuan abantaila handiarekin ibili zen, baina kosta egin zitzaion hogeita bira heltzen. Lemunok, berriz, urduri eta presaka jokatu zuen, bere mailatik oso urrun. Lasak Patxi Ruiz-Olaetxea neurketako irabazlearen aurka jokatuko du final-zortzirenetan.



Jaialdiak

OSTIRALEKO EMAITZAK

Urretxu. Retegi Bi-Ladis Galarza 22; Idoate-Eulate 13. Aritz Lasa 22; Lemuno 17.

ATZOKO EMAITZAK

Galarreta. Etxabe II.a-Gaztelu 35; Matxin IV.a-Barrenetxea IV.a 24. Ezkurra-Etxeberria III.a 35; Zeberio II.a-Lizaso 40. Juaristi-Olazar 38; Urtasun-Ion 40.

Deportivo. Urkia-Oiarzabal 14; Garcia-Larrinaga22. Gaubeka-Aierbe 29; Ziskar II.a-Lujan 45. Iriondo-Garma 34; Altadill-Beldarrain 40.

Gernika. Mendizabal-Mendizabal II.a 22; Rico IV.a-Beloki 18. Olaizola I.a 8; Diaz 22.

Iruñea. Bengoetxea VI.a 22; Beroiz 3. Berasaluze VIII.a-Apraiz 22; Arretxe II.a-Begino 15. Olaetxea-Otxandorena 16; Urrutikoetxea-Albisu 18.

GAURKO PARTIDAK

Eibar (17:00, ETB1). Merino II.a / Gorka. Gonzalez-Goñi III.a / Aritz Lasa-Pascual. Cabrerizo II.a-Larrinaga / Ongai-Arruti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.