RAYO 2. ATHLETIC 3

Izar bat laino artean

Llorentek sartutako hiru golei esker, garaipen garrantzitsua lortu du Athleticek VallecasenJokalariak eta joko sistema bera aldatu ditu Marcelo Bielsak, eta, irabazi arren, aspaldiko partidarik eskasena jokatu dute zuri-gorriek

haritz gallastegi
2012ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Golak: 1-0: Michuk (10. min.). 1-1: Llorentek (16. min.). 1-2: Llorentek (22. min.). 2-2: Arribasek (27. min.). 2-3: Llorentek (67. min.). Epailea: Paradas Romero. Txartel horia Rayo Vallecanoko Casado eta Raycori eta Athleticeko Iñigo Perez, Susaeta, Toquero eta Ekizari. Bestelakoak: 12.450 ikusle Vallecas futbol zelaian, tartean Athleticeko zale asko.

Athleticek denboraldiko neurketarik kaskarrenetakoa jokatuta eskuratu zituen atzo Vallecasen jokoan zeuden hiru puntuak. Merezi gabeko sariarekin bueltatu dira lehoiak Madrildik. Emaitza ona lortu zuen Athleticek. Europako lehian murgilduta jarraitzeko aukera ematen duen saria da. Beraz, arlo horretan pozik egongo da Marcelo Bielsa. Gabonetako atsedenaldian zuri-gorriek erakutsitako jokoak puntu gehiago merezi zituela aipatu zuen teknikariak. Bada, futbolak zorretan dagoen puntuetatik hiru itzuli zizkion atzo.

Baina argentinarraren hausnarketak askoz ere sakonagoak izaten direnez, ez zuen gau ederra pasatuko. Jokalariek neurketetan egiten dituzten akats guztiak gainbegiratzeko ohitura dauka, eta luzerako lana du orain. Beharbada egokiagoa izango da norgehiagoka lehenbailehen ahaztu eta Kopako finalerdietan pentsatzen hastea. Vallecasen egindakoa Anduvan errepikatzen bada, Athleticen ametsa amaitzeko arriskua egon daiteke. Esnatu beharra dago.

Athleticek ia dena egin zuen txarto atzo Rayo Vallecanoren kontra. Bielsak lau aldaketa egin zituen guztira. Bi behartutakoak —Javi Martinez eta De Marcosena—, eta beste biak teknikariak berak erabakitakoak —Herrera eta Muniain aulkian geratu ziren—. Hartutako erabakiekin begi bat Kopan zuela erakutsi zuen entrenatzaileak. Hamaikakoan aldaketak egiteaz gain, jokatzeko era ere moldatzea erabaki zuen. Vallecas zelai txikia da, eta, batez ere, laburra. Horregatik erabaki zuen bi aurrelari petorekin jokatzea. Llorenteren alboan Toquero zelairatu zuen.

Ez zion emaitza onik eman. Lehen minututik ikusi zen zelai erdiko jokalariak lekuz kanpo zeudela. Iñigo Perez eta David Lopez erritmo gabe daude, eta Iturraspe ez zen gai izan aurkariari eusteko. Joan-etorri askoko neurketa izan zen, beraz. Zuri-gorriek ezin zuten aurkaria kontrolatu, eta Rayo eroso zegoen neurketa ero eta bizian. Athleticek sortzen zuen aukera bakoitzeko bi edo hiru arrisku jokaldi egiteko gai zen etxeko taldea.

Horietako batean aurreratu zen Rayo. Korner batean bakar-bakarrik errematatu zuen ezkerrez Michuk. Lehen golarekin batera hasi zen ordu laurden eroa. Athleticek sei minutu geroago itzuli zion kolpea, falta bat baliatuta. Iñigo Perezek maisutasunez erdiratu zuen eta Llorentek sartu zuen 1-1ekoa, buruz. Izar handi baten lehen agerraldia izan zen. Bigarren agerraldian bigarren gola sartu zuen. Area ertzean bularrez kontrola egin, eta buelta erdian jaurti ostean, aurreratu zuen Athletic. Markagailuan abantaila izan arren, Athletic ez zen gai Rayo zaintzeko, eta eromen horretan, Arribasek lehia parekatzea lortu zuen. Iraizozek txarto urrundutako jaurtiketa bat baliatu zuen erdiko atzelariak. Talde osoaren neurketa txar batean atezain nafarra izan zen eskasena. Haren kontrol eta geldiketa txarrekin inguruan zituen denak urduritzea lortu zuen.

Behin neurketa berdinduta, berdin jarritu zuen Rayok, eta arrisku jokaldi asko sortu zituen. Baina Rayok ez dauka aurrean Athleticek duena: izar bat, alegia. Etxekoak ez ziren gai izan aukera bakar bat ere baliatzeko. Llorentek, berriz, abagune bat nahikoa izan zuen buruz hirugarrena sartzeko. Salbatu zen bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.