«Izarrak fitxatzea baino gehiago, bizkarrezurrari eustea da arrakastaren gakoa»

Joan den sasoian ezagutarazi zuen bere burua, baina Superkopan eta liga hasieran bikain aritu da. Bilbon jokatuko du gaur, eta tituluren bat irabazi nahi luke, bere ametsa bete aurretik: NBAn jokatzea.

Andoni Urbistondo.
2010eko urriaren 10a
00:00
Entzun
ACB ligako jokalari dotoreenetakoa da Nando de Colo (Sainte-Catherine-Les-Arras, Frantzia, 1987). Jaurtiketa txukuna du, baina buruz buruko jokaldietan duen gaitasunak egiten du arriskutsu. Bigarren urtea du ACB ligan, Valentzian, eta tituluren bat irabazteko helburua du ahalik eta azkarren. Besteak beste, eta gauzak zeharo okertu ezean, haren etorkizuna Ozeano Atlantikoaren bestaldean dagoelako, NBAn. Lan saioa hasi aurretik erantzun ditu telefonoz BERRIAren galderak.

Luzean 1,95 metro zara, eta joko antolatzaile postuan jokatzen duzu normalean, baina eskolta postuan ere ez zara gaizki moldatzen. Nola definituko zenuke zeure burua?

Joko antolatzaile postuan jokatu izan dut beti, baina taldearen mesedean eskolta postuan jokatu behar dudanean ere ez daukat arazorik. Denboraldi honetan dezente jokatzen ari naiz 2 postuan, Omar Cook taldekidea ari delako joko antolatzaile jardunean. AEBetan esaten duten moduan, combo guard bat naizela esan daiteke (1 eta 2 postuetan joka dezakeen jokalaria).

Ezohikoa ia bi metroko garaiera duten joko antolatzaileak ikustea.

Niretzat abantaila da, desabantaila bainoago. Baloia ondo eramateko dohaina dut, eta, garaia izan arren, ez dut abiadurarik galdu. Normalean ni baino txikiagoak diren jokalariak izaten ditut parean, eta horrek bizkarreko jokoa lantzeko aukera ematen dit.

Barneraldietan trebea zara, baina jaurtiketetan ere nahiko portzentaje onak lortzen dituzu. Zer atsegin duzu gehien?

Barneraldiak egitea. Blokeoa eta jarraipenari esker nire parekoa atzean uzten badut, zaila da beste taldeko pibotek txapela jartzea, nik ere ia bi metro ditudalako.

Gaztea zara, baina jaurtiketa erabakigarria egiteko beldurrik ez duzula erakutsi duzu sarri. Nola ikasten da erantzukizun hori hartzen?

Ez dakit. Nik natural egiten ditut jokaldi horiek. Baloi horiek eraginkorra naizelako emango dizkidatela pentsatzen dut. Jokaldi horiek egin eta egin, noiz eta nola hasten zaren ahazten duzu.

Baina ez duzu erantzukizuna hartu eta kale egiteko beldurrik.

Ez, hala balitz ez nukeelako erantzukizunik hartuko. Taldean ardura hori har dezakegun jokalari sorta dugu: Rafa Martinez, Dusko Savanovic, Omar Cook, ni neu...

Prentsak, behintzat, hitz eder ugari esaten dizkizute. Nola hartzen dituzu laudorio horiek?

Ez diet garrantzi handirik ematen. Nik nire lana daukat, eta kazetariek eurena. Nik nire lana egiten dut, kazetariek eurena.

Joan den sasoian Eurokopa irabazi zenuten, eta sasoi honi begira, talde bikaina osatu da. Zein da helburua?

Joan den denboraldian lortutakoa hobetzea, hazten jarraitzea.

Eta zer izango litzateke hori?

Eskatzeko baimena emango balidate, ligako lau talde onenen artean sartzea gustatuko litzaidake, eta, ahal izanez gero, tituluren bat lortzeko aukera izatea.

Posible ikusten al duzu lau talde onenen diktadura haustea?

Zergatik ez? Konfiantza daukat gure gaitasunean, eta Superkopan erakutsi genuen talde ona daukagula. Taldeko bizkarrezurra mantendu dugu. Taldean segitzen dugu Simeonek, nik neuk, Rafa Martinezek, Victor Claverrek eta Listxukek. Oinarri horrekin errazagoa da haztea, nire ustez erabakigarriagoa baita jokalari multzo bat talde berean mantentzea, izar distiratsuak fitxatzea baino.

Alegia, Bartzelonak egiten duen bezala?

Bai, Bartzelona muturreko adibidea da, joan den sasoiko hamabi jokalariak mantendu dituelako.

Zuekin eta Cajasolekin batera, Bizkaia Bilbo Basket da aberatsenen multzo hori hausteko beste hautagaia. Zein iritzi duzu Fotis Katsikarisek zuzendutako taldeaz?

Oraintxe ikusi dugu Manresako partidako bideoa, eta, han bezala jokatzen badute, ez dugu zereginik edukiko.

Haiek ere oinarriari eutsi egin diote.

Aurkari zaila izango da orduan.

Zure tankerako jokalaria fitxatu dute: Aaron Jackson. Ezagutzen al duzu?

Ez gehiegi, baina Manresako partidan lau baloi berreskuratu zituela esan digu entrenatzaileak, adi ibiltzeko haren defentsarekin. Erasoan ere iaioa dela esan digu.

Baskonia menderatu zenuten Superkopako finalerdian. Bilbo Basketi haren etxean irabaziz gero, garrantzitsua litzateke zuentzat, ezta?

Bai, baina Bilboko taldearentzat ere bai. Haiek, guk bezala, 2-0 balantzea lortuko lukete. Gure aurkako garaipenek ere balio handia dute aurkariarentzat.

Valentziako egonaldia zer da, NBAn jokatu aurreko pausoa, edo Europan geratzeko asmoa duzu?

Nire helburua NBAn jokatzea da. San Antoniok 2009ko draft-ean hautatu ninduen, bigarren txandako 53 zenbakian, eta han jokatzea da nire erronka.

Noiz izan daitekeen arrastorik bai?

Ez, eta une honetan ez dut horretan pentsatzen. Une honetan Valentziarekin lan ona egitea da nire asmoa.

San Antonion Tony Parker herrikidea egotea abantaila handia izango da.

San Antoniora joaten banaiz, han egotea espero dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.