Fernando Llorente iragarpen guztiak gainditzen ari da. Haren alde apustu egin zutenek ere ez zuten sekula pentsatuko egun duen maila emateko gai izango zenik. Athleticeko aurrelariari ezin zaio gehiago eskatu: iristen zaizkion baloi asko aurkariaren ate barrura bidaltzen ari da —hamar gol sartu ditu denboraldi honetan Ligan jokatu dituen hamabost partidetan—. Haren ondoan jokatzen ari direnei, aldiz, kontrakoa gertatzen ari zaie. Bigarren aurrelari postuan aritu direnek ez dute oraindik gol bakar bat ere sartu. Horrek ez du esan gura txarto ari direnik, arlo askotan asko ari baitzaizkio laguntzen taldeari: aurkaria estutzen, gol paseak ematen… Baina golik sartzen ez duen aurrelariari zerbait falta zaio.
Gaizka Toquero(10 partida, 611 minutu) Konfiantza barik
Joaquin Caparrosen gustuko jokalaria da Gaizka Toquero. Entrenatzaile zuri-gorriak apustu gogorra egin zuen aurrelari gasteiztarraren alde orain bi urte, eta bete-betean asmatu zuen. Azken hamarkada bietan ez dira jokalari asko egongo Athleticen lehen taldean Toquero adina hazi direnik. Asko ikasi du. Hala ere, jakinekoa da lanerako gaitasuna eta indarra direla arabarraren dohain nagusiak; beraz, sasoi betean ez dagoenean asko nabaritzen zaio, eta, denboraldi honetan, urrun du bere sasoi onena. Lesioek ez diote bere maila hartzen utzi, eta ez du golik sartu. Ez da albiste ona hori, baina badago jokalariaren lehortea bezain larria den beste kontu bat: oso erremate gutxi egin dituela, alegia. Orain arte ia ez da arrisku eremuetan agertu. Asko dauka hobetzeko, b. Baina, era berean, bide onera bueltatzeko ezinbestekoa den laguntza jasoko du: entrenatzailearen babes osoa dauka.
Igor Martinez (6 partida, 320 minutu) Bigarren aukera
Toqueroren ostean, Llorenteren ondoan gehien jokatu duen futbolaria da Igor Martinez. Alaveseko jokalari ohiaren ezaugarriek ez duten antz handirik Toquerok dituenekin, baina biei antzeko jokoa egiteko eskatzen die. Aurkariaren atzelariak estutzeaz gain, erasoan asko mugitzeko eta hegaletara joateko eskatzen die Caparrosek. Jokatzea egokitu zaionean, txukun aritu da. Molinonen debuta egin zuen egunean, zuri-gorri onenetakoa izan zen. Jokatu dituen gainerako norgehiagoketetan ere ez du lan txarra egin, baina ez da nahikoa izan jokatzen jarraitzeko. Zerbait falta zaio., eta lehen taldea eta bigarrena tartekatzen ari da egun. Bizia da, inguruak nahasteko futbolari aproposa, baina oraindik ez du erakutsi gol sena daukanik. Orain arte Llorentek erakutsitako eraginkortasunak bigarren mailan utzi du haren ondoan gehien jokatu duten futbolari bien ekarpena, baina taldeko izarraren jokoak behera egiten badu, laster hasiko dira haien jokoa lupaz begiratzen.
Iker Muniain (13 partida, 885 minutu) Pisua hartzen
Iker Muniainek ezker hegalean jokatu du orain arteko partida gehienetan. Hala ere, beharra egon denean, bi euskarrien aurretik jokatzeko eskatu dio entrenatzaile zuri-gorriak taldeko harribitxiari. Berez, erdilari aurreratu postua da Muniainentzat aproposena. Aurrelariaren atzetik arituta dauka bere dohain guztien berri emateko aukera onena. Bai erdian eta bai hegalean aritu denean, asko eman dio taldeari. Nafar txikia da, besteak beste, Athleticen erasoko jokoak dituen gabeziak ezkutatzen ari direnetako bat. Aldagela zuri-gorrian pisu handia duen futbolari batek esaten duen legez, «aspaldian» taldeko gazteenari ari zaizkio ematen arriskua sortzeko ardura guztia. Denetarik ari da egiten taldearen jokoa hobetzeko, baina arlo batzuetan badauka zer landu. Atera jaurtitzea, esaterako. Sarri ailegatzen da area ingurura abantailarekin, baina oraindik ez du asmatu jokaldiak egoki amaitzen. Ikasiko du, ordea. Oso gaztea da, eta denbora asko aurretik.
Markel Susaeta (14 partida, 960 minutu) Besterik ez dagoenean...
Markel Susaeta Lezaman lehen urratsak egiten hasi zenetik gertutik jarraitu duten entrenatzaile askorentzat, erdilari aurreratuarena da eibartarrarentzat leku egokiena. Hala ere, Lehen Mailan hegaletik jokatu duenean nabarmendu da gehien. Denboraldi honetan ere eskuin hegalean ari da jokatzen ia beti; bigarren aurrelari gisa minutu apur batzuetan baino ez du jokatu. Egun ez dago postu horretan jokatzeko hautagai nagusien artean, baina, premia izanez gero, Caparrosek ez du arazorik izango haren alde egiteko. Eta, bestela, hegaletik jokatuta sartu beharko ditu golak. Iragan denboraldian lau sartu zituen. Sasoi honetan, ordea, ez du oraindik bat bera ere sartu.
Oscar de Marcos (5 partida, 195 minutu) Karramarroaren antzera
Oscar de Marcosen jarduna zalantzaz beteta dago. Haren kirol ibilbide profesionala hasi baino ez da egin, eta orain arte erasoan aritzeko duen gaitasunarengatik nabarmendu da. Aurrean jokatzeko fitxatu zuen Athleticek, 2009ko udan, Alavesetik. Baina Caparrosek bestelako asmoak ditu futbolari gaztearentzat: Andoni Iraola falta denerako ari da prestatzen. Azken hilabeteotan eskuin hegaleko atzelari gisa ari da jokatzen. Lan saioetan, noski. Izan ere, aspaldian ez baitiote jokatzeko aukerarik eman. Hori bai, jokatu duenean zelai erditik aurrera aritu da. Ez du zorte handirik izan, eta, horren ondorioz, konfiantzaz ere larri dabil.
Ion Velez (4 partida, 88 minutu) Aukera barik
Toqueroren jokoa eta Igor Martinezen maila ikusi ostean, zale eta aditu askori kosta egiten zaio sinestea Ion Velezek denboraldi honetan hain gutxi jokatu izana. Nafarra ez da jokalari aparta, baina taldeko jokalari ona da. Hala, segidan jokatzeko aukera izan duenean, taldeari laguntzeko futbolari aproposa dela erakutsi du. Joan den sasoian lesio luze bat izan zuen, eta ia ez zuen jokatu. Denboraldi honetan, berriz, Caparrosek ez dio eman dezakeena erakusteko aukerarik eman. Bera da Llorenteren ondoan bigarren aurrelari gisa minutu gutxien jokatu duen jokalaria.
Izarraren inguru iluna
Fernando Llorente bolada gozoan dago, eta hamar gol sartuak ditu jada Ligan. Baina bestelakoa da haren ondoan jokatzen dutenen egoera: bigarren aurrelari gisa jokatu dutenek ez dute golik sartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu