«Galdera mordoa etorri zitzaidan burura. Nire barrura begira hasi nintzen; ez igerilari moduan, pertsona moduan baizik. Igeri egin eta igeri egin, ur azpiko marra beltza besterik ez nuen ikusten, baina bat-batean, burua altxatu nuen eta inguruan zer zegoen ikusi». Bost urterekin hasi zen, eta 24 arte parte hartutako proba guztietan irabazi eta markak apurtu dituenak horrela esanda, beste zentzu bat hartzen du hausnarketak. Eta esango dute bere garaian arrakastak parean harrapatu eta jan zituenei buruz esandakoa: Hollywoodek farandula ezagutu duela, Hiltondarrekin eta Armanirekin ibili dela Beverly Hillsen, eta hori dela uretatik burua altxatu ostean ikusi eta gustatu zaion ingurua. Errekorrak apurtu baino nahiago duela galtzontziloak eta elastikoak diseinatu, eta telesailetan aktore lanetan aritu -Unicefeko enbaxadore izatea ere eskaini diote, politikan sartzeko proposamenak ere baditu Australian, eta kirol etxe nagusientzat ez ditu inolaz ere bere xarma eta erakargarritasuna galdu-.
Eta Thorpek esan du lehentasun kontua dela. «Konturatu naiz beste gauza batzuei eman behar diedala lehentasuna, eta igeriketa bigarren postu batean utzi; hurrengo fasearen zain nago». Eta esan du bakarra izan dela erabakiaren helburua: «Zoriontsua nintzen lehen lortu nuen guztiarekin, eta zoriontsuagoa naiz orain hartutako erabakiarekin».
Ez da Thorpe elitean aritzearen poderioz aspertu den lehenengoa, baina bai gazteenetakoa. Kasualitatea izango da, baina igeriketak berak badu beste kasu sonatu bat: Mark Spitzena. Inoiz igerilari onenak urrezko zazpi domina irabazi zituen Municheko Olinpiar Jokoetan (1972) -hamaika domina irabazi zituen guztira Olinpiar Jokoetan-, baina 22 urterekin hartu zuen erretiroa. «Motibazio falta» aipatu zuen agurrekoan, eta Thorpek aipatutako arrazoien zerrendan agertu den hitzetako bat da hori.
Bjorn Borgen erretiro misteriotsua (26 urte zituen), Tracy Austin tenislari bikainarena (15 urte)... badago erretiro goiztiarren zerrenda ez oso potolo bat. Presio jasanezina, familia, kirola ondo pasatzeko soilik egitea... Eliteko kirolaren atzaparrak horrelako zauriak eragiten ditu. Ez da Thorperen belaunaldi berekoa, baina argigarria da haren kasua: Hicham El Guerroujena. Aurtengo miatzean iragarri zuen erretiroa. 31 urte zituen eta irabazi beharreko guztiak irabazita -Atenasen atera zuen Olinpiar Jokoetako urrezko dominarekin arantza-. Eta arrazoiak orain artekoen beretsuak. «Ez dut ez txapelketetan, ez errekorretan, ez dominetan pentsatzen. Orain, ondo pasatzeko soilik egiten dut korri». Erretiroa hartu ez hartu zebilela esandakoak dira horiek. Erabakiaren berri eman zuenean, prentsaren aurrean eseri eta esan zuen: «Lortu nahi nuen guztia lortu dut. Nahikoa dela esateko ordua da». Erretiroetan behin baino gehiagotan errepikatzen diren esaldiak dira, baina El Guerroujek bakarrean laburbildu zuen gailurrean ari den kirolariak duen penaizoa. «Badakit proba batean arituz gero, garaipena bakarrik emango dudala ontzat. Inork ez luke ulertuko nik ez irabaztea. Ez zaleek, ezta kazetariek ere. Eta orain, ezin diot inori irabazi».
Ez da erraza hausnarketa hori egitea, eta zailagoa ondorio horretara iristea. Goizegi ematen dute amore batzuk (Thorperen kasua?), norberaren diziplinan irabazteaz aspertu eta esperimentu arraroetan murgiltzen dira besteak (Valentino Rossi moto gidari txapeldunaren kasua rallyetan), eta badira inoiz erretirorik hartzeko asmorik ez dutenak apurtzeko markak eta irabazteko sosak dauden bitartean (Romario futbol jokalariaren kasua). Kasuistika horietan sartzen ez direnak egun kirolaren gailurrean dauden izarrak dira. Gehienak, Ian Thorperen belaunaldi berekoak dira. 1980ko hamarkadakoak.
Arrakasta eta gaztetasuna ez dira beti ongi uztartzen diren elementuak izaten, eta une honetan izar direnak izar iheskor izateko arriskua bat-batekoa duela jakin badaki. Arrisku horri neurria hartu eta aurrera egin, edo neurria hartu eta maila berari eustea, handinahikeriarekin ez nahastea, horrek bereizten ditu izar iheskorrak eta benetako txapeldunak. Neurri horretan aritzea tokatzen zaion belaunaldiaren errepasoa da honakoa:
1980
Futbolak egun duen izarrik distiratsuena, Ronaldo de Assis Moreira Ronaldinho, urte horretan jaiotakoa da Porto Alegren (Brasil). Urte berean jaio zen Tom Boonen Molen (Belgika), UCI Pro Tour Ligako aurtengo irabazlea. Eta urte berekoa da Venus Williams ere, Linwooden (AEB) jaiotako tenislaria. Arrakastari eusteko zailtasunen eredua da azken hori, horren ongi hasitako ibilbidea ez aurrera eta ez atzera baitu orain, gailurrean topatutako guztiari neurria hartzen asmatu ezinda. Alejandro Valverde txirrindulari espainiarra ere urte horretan jaiotakoa da Las Lumbrerasen.
1981
Urte horretakoak dira une honetan kirolak dituen bi izar gazte esanguratsuenak: Fernando Alonso 1 Formulako txapelduna (Oviedo, Espainia) eta Roger Federer tenislaria (Basilea, Suitza). Azken hori da arrakastari eta gailurrari tentuz baina sendo heltzen asmatzen dutenen eredua. Sari guztiak irabazi eta marka guztiak bata bestearen atzetik apurtu arren, partidarik ustez kaskarrenean ere bere burua motibatzeko duen gaitasunarengatik egin da ezagun aurkarien artean. 1981ekoak dira Samuel Eto'o Bartzelonako jokalaria (Nikon, Kamerun), Juan Martinez Irujo eskuz banakako txapelduna (Ibero, Euskal Herria), Nicky Hayden motoziklismo txapelduna (Owesnboro, AEB) eta Serena Williams estatubatuarra ere (Saginaw, AEB). Azken hori, Venus ahizparekin batera, arrakastari eusteko zailtasunak izan dituztenen artean eredu delako agertzen da zerrendan. Hark bezala, gailurrari neurririk hartzen asmatu ez duelako. Damiano Cunego txirrindulari italiarra ere 1981ean jaiotakoa da Veronan (Italia).
1982
Ian Thorpe jaio zen urte berekoak dira hauek. 24 urte ditu Asafa Powellek (Kingston, Jamaika), munduko korrikalaririk azkarrenak. Kenenisa Bekele atletismoko eta kroseko izar nagusia ere (Bekoji, Etiopia) Thorperen adin berekoa da. Pertika jauziko egungo izarra ere, Ielena Isinbaieva (Volgogrado, Errusia), urte berekoa da, eta baita aurtengo denboraldiko tenislari onena ere: Justine Henin-Hardenne (Lieja, Belgika). Min hartuta dago egun eskiak duen izarrik distiratsuena, Janica Kostelic (Zagreb, Kroazia), baina hark ere 24 urte ditu, Thorpek bezala.
1983
Atletismoak ditu bi izar urte horretan jaiotakoak: Liu Xiang da bat (Shangai, Txina) eta Karolina Kluft bestea (Sandhult, Suedia). 110 metro hesidunetako munduko markaren jabea da Liu Xiang, beste inork ez bezalako bilakaera izan du modalitate horretan, eta 2008an bere herrialdean jokatuko diren Olinpiar Jokoei begira ari da lanean bete-betean. Karolina Kluft atletismoak duen kirolari osoena da une honetan, heptatloi probako txapelduna, eta munduko markarik onenaren jabea da.
1984
Ez da irabazi dituen txapelketa guztiengatik ari gailurrean, baina bai apurtu dituen marka eta jokoan emandako itxurarengatik.
1985
Ian Thorpen erretiroak hutsune handia utzi du igeriketan, baina bada haren pareko beste izar bat urte horretan jaiotakoa: Michael Phelps (Baltimore, AEB). Urte berean jaiotako beste bi atletismoko izarrak dira: Tirunesh Dibaba (Bokoji, Etiopia) eta Jeremy Wariner (Irving, AEB). 5.000 eta 10.000 metrokoen munduko txapelduna da Dibaba, eta gutxi dira adin horretan luzera horretako garaipen zerrenda duten atletak. 400 metrokoen erregea da Wariner estatubatuarra. Ez da Michael Johnsonen garaitik haren parekorik sortu. Urrea irabazi zuen Atenasen, urrea Helsinkin, eta ez du aspaldian lasterketarik galdu.
1986
Ez da erraza 20 urterekin onenen artean ari direnen zerrenda osatzea, baina Rafael Nadalen kasua da nabarmentzekoa (Manacor, Herrialde Katalanak).
1987
Izar erabat goiztiarrak dira urte horretan jaiotakoak. Maria Sharapova (Niagan, Errusia) tenislaria gailurrean ari da 19 urte eskasekin; eta Jorge Lorenzo (Palma, Herrialde Katalanak) 250ekoen munduko txapelduna da motoziklismoan.
erreTIro GoIzTIarraK
Bjorn Borg
Misterioa
Tenisean utzitako marka askok iraun egiten dute oraindik, eta badu horrek meritua 26 urterekin hartu baitzuen erretiroa. Sei Roland Garros, bost Wimbledon... onenean esan zuen agur -egin zuen bueltatzeko keinu bat arazo ekonomikoengatik-, baina ez du sekula argitu zergatik hartu zuen erabaki goiztiar hura.
Mark Spitz
Asebeteta
1972ko Municheko Olinpiar Jokoetan irabazitako zazpi urrezko dominek erabat asebete zuten igerilari estatubatuarra. Kontrariorik gabe aritu zen, eta motibazioa gainkarga bihurtu zitzaion nonbait. 22 urterekin hartu zuen erretiroa. «Zer egin dezaket? Makina perfektua eraiki duen auto egilea bezala sentitzen naiz», esan zuen agurrean.
Vitali Scherbo
Istripua
Egun bakar batean urrezko lau domina irabazi dituen kirolari bakarra da. 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan lortu zuen balentria hori -urrezko sei domina irabazi zituen orotara-. 1996ko Atlantako Jokoetan brontzezkoak irabazi zituen lau, eta eskumuturra hautsi zuen ondoren moto istripu batean. 25 urterekin erretiratu zen.
Tracy Austin
Garaizegi
Horrelakoak bat baino gehiago eman ditu tenisak, baina berezia da Tracy Austin estatubatuarraren kasua. 15 urterekin iritsi zen gailurrera. Sei denboralditan iraun zuen onenekin, tenislari onenen zerrendan lehenengoa, AEBetako Irekia birritan irabazitakoa... Bizkarreko arazo larriengatik hartu behar izan zuen erretiroa.
Kristin Otto
Onenean
Berlingo Harresia erortzea eta Ekialdeko Alemaniak emandako igerilari onenaren agurra biak bat. 23 urte besterik ez zituen Ottok erretiroa iragarri zuenean. Urtebete lehenago biribildu zuen bere nagusitasuna 1988ko Seulgo Olinpiar Jokoetan urrezko sei domina irabazita. Irabazi beharreko guztia irabazi zuela esanez agurtu zen.
Bobby Jones
Legenda
Izan dira golfean kirolari goiztiarrak -Tigger Woodsek 31 urte ditu-, baina Bobby Jones estatubatuarraren kasua berezia da. 28 urterekin irabazi zituengarai hartako (1930) lau Grand Slam-ak (AEBetako irekia eta Erresuma Batuko irekia profesional zein amateur mailan), eta urte berean hartu zuen erretiroa. 1971n zendu zen.