Saskibaloia. ACB ligako final-laurdenak. Caja Laboral Baskonia 77. Gescrap Bizkaia 73

Izerdi asko, eta urrea

Oso derbi parekatua jokatu dute Baskoniak eta Bizkaiak, eta etxekoek 38. minutuan bakarrik hartu ahal izan dute arnasa lasaiTeletovicek hautsi du partida, jarraian zortzi puntu sartuta; San Emeterio bikain aritu da

Andoni Urbistondo.
2012ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Caja Laboral Baskonia. Prigioni (7), Oleson (2), Nocioni (10), Teletovic (19), Lampe (10) —hasierako bostekoa—; Ribas (1), San Emeterio (13), Nemanja Bjelica (7), Milko Bjelica eta Heurtel (8).

Gescrap Bizkaia. Jackson (18), Blums (5), Mumbru (15), Hervelle, D'Or Fischer (9) —hasierako bostekoa—; Mavroeidis (4), Banic (7), Vasileaidis (15), Grimau eta Raul Lopez.

Markagailua. 20-22, 42-42 (atsedenaldian); 55-57 eta 77-73.

Epaileak. Arteaga, Garcia Ortiz eta Peruga. Caja Laboraleko Oleson kanporatu zuten (38. min.).

Bestelakoak. 14.162 ikusle Fernando Buesa Arena pabiloian.

Faboritoak irabazi du, baina majo sufrituta. Bizkaiak buruko min handia eragin zion Baskoniari, eta partida bukatzear zela bakarrik eman zuen amore, 38. minutuan. Teletovicek aginte-makila hartu zuen, eta zortzi puntu erabakigarri saskiratu zituen, parean jarri zitzaion ororen ahalegina zapuztuz. Saiatu zen Banic, saiatu zen D'Or Fischer, baina bosniarrak talentu handia dauka, eta funtsezkoa izan zen 1-0ekoa ziurtatzeko. Kapitainak 19 puntu sartu zituen, 20ko balorazioa, eta puntu bateko jaurtiketetan baldar samar aritu bazen ere, bi minutu ikaragarri jokatu zituen beroak erre egiten zuenean, eta bizkaitarren erresistentzia kamustu.

Kanporatuak izateko presioarekin, baina konforme egoteko moduan daude Bilbokoak. Oso partida txukuna jokatu zutelako, eta minutu askotan, arabarrak izutu. Aaron Jacksonen gidaritza eta puntuak, Mumbruren hiruko ezinezkoak, Vasileiadisen unean uneko sua, D'Or Fischerren kemena, Hervelleren gogortasuna... Bizkaia aurretik egon zen markagailuan minutu askotan, baina asmatu behar zuenean ez zuen asmatu, eta akabo. Saskibaloiak ez dauka logika zailik. Puntuak lortu, edo etxera. Blumsek jaurtiketa bat huts egin zuen saskipean bakar-bakarrik, eta Jacksonek ere baloia galdu zuen barneraketa on bat bukatzera zihoala. Galdu, edo Prigionik maisuki kendu.

Argentinarra berriro erabakigarria izan zelako. Ez zen beste egun batzuetan bezain dotore ari, eta Heurtelek aspaldiko partida txukunena egin zuen. Zortzi puntu saskiratu ziturn frantziarrak, eta tarteka, defentsa ona egin Aaron Jacksoni. Azken minutuetan, ordea, egin ezin diren bi akats larri egin zituen. Saskia txikitzen ahaleginduz, aurrena. Bi puntu oparitu zituen, eta hurrengo erasoan baloia eman. Berehalakoa izan zen Ivanovicen erreakzioa. Prigioni deitu zuen.

Eta Prigionik lema hartu. Baloi onak eman zizkion Teoetovici, bi errebote erabakigarri hartu, eta puntu bateko lau jaurtiketa sartu, garaipena lotzeko. Zenbakietan distirarik ez, baina egon behar zuen unean, bertan. Baskoniak Lampe eta Nocioni aulkian zeudela bukatu zuen norgehiagoka eta esanguratsua da hori, argentinarra gabe beste batzuk eutsi ziotelako ontziari. Hor zen Nemanja Bjelica, ondo beste behin. Gorantz egin du nabarmen kroaziarrak, eta gogoratzeko modukoak izan ziren D'Or Fischer eta Aaron Jacksoni jarritako bi txapel dotore. Bjelicak 5 postuan jokatu zituen minutu asko, eta pibot jardunean eskarmentu handirik ez duela gogoan, pieza garrantzitsua bilakatu da Ivanovicentzat.

Bestea San Emeterio izan zen. Bakarren bat azken bi hilabeteetan jokatu ez dituen partidekin gogoratuko da, pubalgia gora eta pubalgia behera, baina atzo min handia egin zien Roger Grimau eta Vasileiadisi. Greziarraren kasuan, ulergarria da, defentsan ez delako ondo moldatzen, baina Grimau zakur zaharra da. Bartzelonakoak lau falta egin zituen hegalekoaren atzetik, baina halere, ezin: 13 puntu on eta 19 puntuko balorazio bikaina espainiarrarentzat.

Bostpasei puntuko aldeak

Ezin hobe hasi zen Bizkaia. 1-6, 4-8 eta 8-13 aurreratu zen. Mumbru mina egiten ari zen, eta D'Or Fischer horma gaindiezina. Teletovicek eman zion lehen aldea bere taldeari, 16-15, baina anekdota bat izan zen. Berriro 20-22, eta 24-28 Mumbruren hirukoarekin. Nocioni ernegatu zuen Mumbruk, eta argentinarrak ere bere indarra jarri zuen balantzan: hirukoa eta 36na. 42na bukatu zen dema lan erditan.

Bigarren zatian 50-45ekoarekin eman zuen lehen abisua Baskoniak, baina Bizkaiak 0-9koarekin erantzun: 50-54. Hortik aurrera, batek eman, eta besteak erantzun, Teletovicek 67-61ekoa, eta Prigionik 75-68koa jarri arte. Hasi besterik ez da egin!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.