Bi arrastori segika irudika daiteke gaur-biharretan Sankt Wendelen (Alemania) jokatuko den Munduko Ziklo-kros Txapelketa. Orain sei urtekoa da arrastoetako bat; orain hamabi hilabetekoa bestea. Orain sei urte Sankt Wendelen bertan jokatu zen Munduko Ziklo-kros Txapelketa, eta izoztutako elur pistan Sven Nysek (Belgika) irabazi zuen urrezko domina, azken esprintean Erwin Vervecken herrikideari aurrea hartuta. Sven Vanthourenhout belgikarrak osatu zuen belgikarren hirusta. Arrasto horri segika, Nys bera faboritoen goiko muturrera igo beharra dago, nahiz eta Munduko Txapelketa eta Nys ez diren ondo-ondo ezkontzen —adinak ere ez du barkatzen, eta belgikarrak 35 urte beteta dauzka jada—.
Bigarren arrastoa, berriz, iazkoa da. Txekiar Errepublikan jokatu zen orduan Munduko Txapelketa, Taborreko barruti izoztuan. Arrasto fidagarria da hura, gaur eta bihar ere erabat izoztuta egongo delako zirkuitua. Hotz handia egin du egunotan Sankt Wendelen, eta gaurko eta biharko iragarpenak beldurtzeko modukoak dira. Gaur goizalderako zero azpitik zortzi graduko tenperatura zegoen iragarrita, eta tenperaturarik altuena, berriz, zero azpitik hiru gradukoa izango da. Eta biharko iragarpena ere antzekoa da: -2 altuena, eta -9 baxuena.
Izotz pista arriskutsua izango da, beraz, Sankt Wendelgo zirkuitua, eta Taborreko patinaje proba aztertuta, podiumeko lehian sartuta ibiliko dira Zdenek Stybar txekiarra —iazko garailea—, Klaas Vantornout belgikarra, Nys bera... Hori bai, faboritoen artean mailaketa zehatza egin behar izanez gero, lau txirrindulari agertuko lirateke lehen lerroan: Niels Albert belgikarra —Munduko Kopako txapelduna—, Nys —sasoi honetan ez du irabazi Munduko Kopako probarik—, Stybar —min hartuta egon da— eta Kevin Pauwels belgikarra. Izugarrizko denboraldi amaiera egiten ari da Telenet-Fideako txirrindularia. Orain bi aste, Pont-Chateaun (Frantzia), Munduko Kopako zazpigarren proban, bera izan zen onena; eta orain astebete, Hoorheuden, Munduko Kopako azken proban, bigarren sailkatu zen, Niels Albertengandik sei segundora. Munduko Kopako sailkapen nagusian ere bigarren amaitu du.
Murgoitio, gora begira
Lau izar horiek berotuko dute bihar Sankt Wendelgo izotz pista, baina, Espainiako selekzioko elastikoarekin, oilarren artean toki txiki bat egiten saiatuko dira Egoitz Murgoitio eta Javier Ruiz de Larrinaga ere. Munduko Kopako ia proba guztietan lehiatu da Murgoitio, eta joan den astean Ispasterren irabazita, sasoi betean iritsiko da Munduko Txapelketara. «Espainiako Txapelketan erori eta irabazteko lehiatik kanpo geratu ondoren, beherakada bat izan nuen. Baina gero gustura geratu nintzen Pont-Chateauko 18. postuarekin eta Ispasterko garaipenarekin». Hala azaldu dio BERRIAri.
«Lehen hogeien artean» sartzeko helburua jarri dio bere buruari. Baina, hori bai, baldintza zaila jarri dio emaitza horri. «Zirkuitua 2005ean baino hobeto egongo da, orduan erabat izoztuta zegoelako. Hala bada, izotzik ez badago, eta zirkuitua egoera onean badago, lehen hogeien artean sartzea da nire helburua». Asmo apalxeagoak ditu Javier Ruiz de Larrinagak.
Munduko Txapelketako azken proba izango da elite mailako gizonezkoena. 14:00etan hasiko da proba hori, bihar, eta aurretik, 11:00etan, elite mailako emakumezkoen proba jokatuko da. Buruz buruko lehia espero da bertan, Katie Compton estatubatuarra eta Marianne Vos herbeheretarra —egungo txapelduna— faborito argiak direlako.
Biharko kontuak izango dira horiek, baina gaur beste hiru euskal txirrindulari ariko dira lehian. Junior mailako proba jokatuko da 11:00etan, eta han izango da Jonathan Lastra bilbotarra. Esperientzia pilatzea eta proba amaitzea izango da helburu bakarra. Gaur 14:00etan, berriz, 23 urtez azpiko lasterketa jokatuko da, eta tartean izango dira Dani Ruiz gernikarra eta Jon Ander Insausti mutiloarra. Lan duina egitea izango dute biek helburu. Baina, hori bai, Zamoran Espainiako Txapelketa irabazita, gozatzeko lizentziarekin ekingo dio lasterkari Insaustik, juniorretatik igo berria baita.
Izotza ere berotuko dute
Munduko Ziklo-kros Txapelketa jokatuko da gaur eta bihar Alemanian, Sankt Wendelen, eta zero azpiko tenperaturak daude iragarritaNys, Albert eta Pauwels belgikarrak eta Stybar txekiarra dira irabazteko faboritoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu