Berasaluze VIII-Albisu 22. Arretxe II.a-Begino 9

Jada ez da ezustekoa

Berasaluze VIII.a eta Albisu izan dira nagusi partidaren erdialdetik aurrera, eta oso gertu dituzte finalerdiak

Jon Ander Albisu, atzoko partidan, artekarien eta epailearen begiradapean. J. URBE / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Tolosa
2012ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Iraupena. 52:30.

Pilotakadak. 461.

Saketik. Berasaluzek 1; Arretxek alerik ere ez.

Markagailua. 1-0, 1-1, 2-1, 2-2, 2-3, 3-3, 5-3, -5, 6-5, 6-6, 6-7, 7-7, 9-7, 9-8, 12-8, 12-9 eta 22-9.

Bestelakoak. Jende asko Tolosako Beotibarren, ia 500 ikusle. Apustuak 100-60ri irten ziren gorrien alde. Jaialdiko lehen partida 2. mailako txapelketakoa izan zen, eta Mendizabal III.a-Galarzak 22-19 irabazi zieten Saralegi-Untoriari.

Ezustekoek, maiz, gutxi irauten dute. Egun edo partida bateko kontua izaten dira. Kirolean zaila da ezustekoa eman eta goian irautea, denboraren poderioz faboritoen logika inposatzen delako. Berasaluze VIII.a eta Albisu, ordea, inon idatzi gabeko lege hori ezbaian jartzen ari dira binakako txapelketan. Lehen ligaxka bukatzeko bi jardunaldi falta direla, bigarren sailkatuak dira. Hiru hilabeteko lehia luzearen ondoren, merezimenduz lortu dute eurena ustekabekoa dela entzuten ez jarraitu behar izatea. Hala ere, harridura eta miresmena ez da gauza bera, eta hori bai, miresmen uzta biltzen jarraitzea merezi dute. Albisu gazteak bereziki.

Berasaluzek eta Albisuk emaitzak ulertzera eman dezakeena baino lan gehiago eginda lortu zuten atzo zazpigarren garaipena. Gaur egun, ligaxkako bigarren postuan daude, eta beste partida bat irabazita finalerdietan leudeke. Eskura dute aurrera egitea, baina ez da erraza izango, hurrengo partidak Titin-Merinoren eta Irujo-Barriolaren aurka baitituzte. Baliteke kanpoan gelditzea, baina horrek ez du belztuko eginiko txapelketa duina.

Ezer jokoan ez izan arren, Arretxek eta Beginok ez zieten ezer oparitu enpresakideei. Auzakoak estu hartu zuen Albisu, Asegarceko hierarkian duen tokia arriskuan ikusi izan balu bezala. Harrotasun duelua zen, autoestimu auzia. Lurraldea defendatu behar zuen Beginok, animalia helduen antzera, eta partida luzatu ahala gazteak paretik nola kendu zuen irentsi behar izan zuen. Partidako lehen berrogei minutuetan bi pisu astunen arteko borroka berdindua izan zen, eta agian Auzakoa gehiago izan zen, baina ez zion etekin handirik atera (9-8). Dena den, nabarmentzekoa izan zen, 5-4koan jotako pilotakada. Albisuk bueltatzeko ahalegina egin izan ez balu, Beotibar luzeko errebotera iritsiko zen.

Partidak luze joko zuela zirudien, baina irabazleek ordu laurdenean egin zituzten bukaera artekoak. Antzezlanaren askaera ziztu bizian garatu zen, hein handi batean aurrelarien eraginez. 10-8koaren ondoren Berasaluze aldageletara joan zen gihar bikiko minez, eta medikuak «krema» eman zion ingurua berotzeko. Ukenduarekin batera, inspirazioa ere igurtzi zion. Berrizkoak eztena zorroztu zuen. Erremate zehatzei esker hamasei tanto pilatu zituen, eta bi huts baino ez. Arretxe, aldiz, oso kamuts aritu zen. Korrika saioak egin zituen defentsan, baina berriz ere agerian gelditu zen zuloak ikustea zenbat kostatzen zaion.

Aurreko koadroetako desorekak atzekoa kutsatu zuen, eta Albisuk bizkarra erakutsi zion Beginori. Orduan ikusi zen zergatik dagoen halako aldea sailkapenean bi bikoteen artean. Partidak hatzen artean ihes egiten ziola ikusita, Auzakoak ere amore eman zuen, eta gaztearen itzala handituz joan zen. Albisuk hartu zituen kantxa erdiko koadroak, eta pilotakada bikainak jo azken tantoetan. «Nik ere ez nuen espero maila honetan jokatzea», onartu zuen 21 urteko ataundarrak, zintzo, eta pixka bat lotsati, amaieran. Lanera behartu zutenean ondo eutsi zion, eta gero gaina hartu zion kontrarioari. Harena ere, jada, ez da ezustekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.