Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzaileak arretaz jarraituko du datorren larunbateko Athleticen eta Realaren arteko partida, Espainiako Kopako finala. «Pena itzela da zalerik gabe jokatu behar izatea», adierazi du BERRIAk atzo argitaratu zuen elkarrizketan.
Ez du nahirik ezkutatu: Reala babestuko du finalean. «Hurrengoan animatuko dut Athletic», esan du barrez. Zaila iruditzen zaio, ordea, gertatuko dena aurreikustea. «Oso indartsuak dira, bakoitza bere estiloarekin». Ziur da Realak azkar emango diola buelta Bartzelonaren aurkako porrotari. «Finala zerbait ezberdina da», azaldu du.
Realak urteak daramatza titulurik irabazi gabe, eta Athleticek bi final jokatuko ditu hamabost egunean. Arrasate, baina, ziur da taldea ez dela ari bigarrenean pentsatzen: «Arreta osoa lehen finalean izango du».