FUTBOLA

Jainkoak behera

jon ordonez garmendia
2004ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Greziaren garaipenak zibilizazio baten historia ekarri du gogora Portugalen: Greziako selekzioa Troiako harresia dela, jokatzen dutenak Olinpoko jainkoak direla, eta hautatzailea Zeus Rehhagel. Txapelduna izen handi eta entzutetsu askorekin izenda daiteke, garai bateko zibilizazioa futbol talde batera mugatzeko beldurra galduta. Baina ez da hori Eurokopa irabazi duen Greziako selekzioa. Dialektika mitologikoaren azaleko erabilpena baino ez da. Futbolaren kontrako selekzioa dela esan dute askok txapeldun atera den taldeaz, eta ez dabiltza oso oker. Ezin du beste modu batera izan Frantzia, Txekia eta Portugal bezalako taldeak mendean hartzeko. Joko zuhurra egin du Greziak. Finalean bost aldiz errematatu zuen, behin ate barrura, eta final-laurden eta finalerdietan bezala, gol bateko aldeaz irabazi zuen. Grezia futbolarentzat otsoa da.

Otto Rehhagelen selekzioa ez da jainkoen selekzioa, eta gaur egungo Grezia ez da antzinakoa, Mediterraneoa beretzat hartu zuena. Ekainaren 12a arte futbolean jainkoak besteen gainetik nabarmentzen ziren jokalariak ziren, goleatzaile zorrotz, irudimen handiko erdilari eta esperientzia sendoko atezainak. Eurokopan Greziak behera bota ditu, ordea, orain arteko mito handiak, eta Nedveden urrezko tximak orraztu ere egin ditu. Antzekotasunik bilatu nahi izanez gero Homerorengana jotzea hobe: Greziako selekzio osoak ez jokalari batek Ulisesena egin du bere jukutriarekin Polifemorengandik ihes eginez.

Futbolean jainkotutako jokalarien selekzioak erori egin dira, baina Eurokopa ezin da mitorik gabe historiara pasa. Horregatik ateratzen dira orain lehen lerrora Greziako jokalarien izenak. UEFAk berak Zagorakis izendatu du txapelketako jokalari onena, baina jokalariak eman du bere iritzia: «Greziaren talde lanaren aurrean jokalari bati ematen zaion sari hau bigarren mailan geratzen da». Mitoak erortzen direnean, ordea, heroiak behar dira, batez ere mitoa mito zela argudiatu ahal izateko.

Antzinako Grezia eta Grezia zahartua bereizi beharra daude. Europaren hegoaldean dagoen lurraldean, izandakoaren arrastoa baino ez dira zibilizazio handi horren handikeriak. Tenpluak lurrean, monumentu asko atzerrian eta kaosa hirian. Jokalariak ez ziren atzo Olinpoan sartu, Atenasen baizik. Lurralde horretako selekzioak irabazi du Eurokopa, ez jainkoek. Horregatik poztu dira horrenbeste greziarrak, hamaika milioi euren etxean eta beste bost milioi atzerrian. «Garaipen hau mundu guztiko greziarrentzat da. Etorkizunean oroituko duten zerbait izatea espero dugu», gaineratu zuen Zagorakisek partidaren ondoren.

Jainkoak hegaztiak bezalakoak dira: hegan egiteko hegoak zenbat eta gutxiago mugitu beharra izan, orduan eta jainkoago dira. Baina Greziari asko kosta zaio Eurokopa irabaztea. Ez da erraza jokaldi bakarrarekin beste batzuek bostekin irabazten dutena lortzea. Inor k ez diezaiola meritu hori kendu.

HIRU BELAUNALDI



 

GAZTEAK



 

Etorkizuna aurrean dute





Eurokopak etorkizunerako jokalari interesgarri berri asko utzi ditu. Cristiano Ronaldo oraindik ondo egin gabeko jokalaria da, baina 19 urterekin bere teknika bikainaren arrastoa utzi du. Txapelketako ezusteko handiena, jokalariei dagokionez, Wayne Rooney ingelesa izan da, lau gol sartu baititu. Beckham eta Owenen gainetik selekzioaren ikur bilakatu zen, min hartu zuen arte. Goleatzaile nagusia, ordea, Milan Baros izan da. Zlatan Ibrahimovicen ausardiak ere merezi du aipamenik. Arje Robben herbeherearra ere kontuan hartzeko jokalari bihurtu da Portugalen.

Izarrak



 

Barraskiloarena, nekea bizkarrean





Ez da Portugalgoa izarren txapelketa izan. Beckham, Zidane, Henry, Trezeguet, Totti, Vieri eta Kluivertek atzeko atetik utzi behar izan dute Eurokopa. Euren taldeak ez dira ondo aritu, baina beraiek ere ez dute une zailenetan taldea bizkarrean hartzen jakin. Askok denboraldiaren nekea sumatu dute, batez ere Real Madrileko jokalariek, eta selekzioarekin hilabete bat egonda ere ezin izan diote buelta eman. Horien artean, Luis Figo da zulotik apur bat atera den bakarra, baina txapelketaren amaiera ez da horrentzat ere erraza izan. Frantziak berritze plan oso bat behar duela agerian utzi du.

Agurrak



 

Azkeneko aukera izan da askorentzat





Txapelketa guztiak izaten dira zenbait jokalariren geltoki. Portugalen ere badira. Desailly, Rui Costa edo Toldok, beste batzuen artean, ez dutela selekzioan jarraituko jakinarazi dute. Ebbe Sand daniarrak ere selekzioa utzi du, bere ibilbidean Schalke 04 taldera mugatzeko. Aipagarria Herbehereen kasua da, bost jokalarik utziko baitute selekzioa: Van der Saar, Frank de Boer, Stam, Overmars eta Bosveltek. Beste asko izan daitezke, ordea, bi urte barru Alemanian egongo ez direnak, horien artean, Bixente Lizarazu lapurtarra. Chapuisat, Couto eta Mostovoik ere ziurrenik ez dute segiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.