Jaisteko postuak gertuago

Aukera onenak Osasunarenak izan dira, baina Deportivoren defentsa zorrotza gainditzeko biderik ez dute aurkitu 16. postuan da orain Mendilibarren taldea, eta jaisteko postuak puntu bakarrera ditu

Iruñea
2011ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Osasuna 0
Deportivo 0
Epailea: Delgado Ferreiro. Txartel horiak: Osasunako Lolori eta Monreali; eta Deportivoko Lopori eta Juan Rodriguezi. Bestelakoak: 13.437 ikusle Nafarroako Erresuma futbol zelaian.

Etxetik at irabazten ez denean etxeko partidetan berdinketa lortzeak ez du inor pozik uzten eta galtzea baino hobe da beti berdintzea, baina atzo Deportivoren aurka lortu berdinketak ez zuen inor pozik utzi Iruñean. Deportivorentzat ere ez zen egundoko saria, baina batik bat bigarren zatian, Lotinaren taldeak ontzat eman zuen berdinketa eta erasoari muzin eginda Osasunaren erasoak saihestea izan zen galiziarren asmo bakarra. Zoritxarrez, nahi zutena lortu zuten Lotinaren mutilek. Etxetik kanpoko bolada txarra asteburu honetan Malagan amaitu ezean jaisteko postuetan izango da Osasuna datorren astean. Mendilibarren etorrerak eragin ilusioa desagertzen hasi da azken bi partidetako emaitzen ostean.

Osasuna ondo sartu zen norgehiagokan. Mendilibarren mutilek bazekiten ahalik eta erritmo biziena jarri behar zietela partidari eta hasieratik saiatu ziren Deportivo estu hartzen. Alvaro Cejudok izan zuen lehendabiziko aukera, Lekicek bosgarren minutuan ezker hegaletik area barruan jarri erdiraketa bat ezkerrarekin errematatu zuenean. Eskuin hegaleko erdilariak baloia langaren gainetik bidali zuen, dena dela. Bere estraineko norgehiagoka zuen Cejudok Osasunarekin, eta azken ukituan asmatu ez bazuen ere, gauza politak egin zituen Juanfran ordezkatzeko Las Palmasetik fitxatu jokalariak. Corominasen sarrerak —Masud baloi inozoak galtzen ari zelako sartu zen kataluniarra berdegunera Mendilibarren esanetan— hegalez aldatzera behartu zuen arte, Cejudo izan zen Osasunako jokalaririk onena.

Zazpigarren minutuan Monrealek ezker hegalean hasi jokaldi bat ezker hegaleko atzelariak berak errematatu zuen, Masuden erdiraketa bat buruz ateruntz desbideratu ostean. Dani Aranzubiak, estu eta larri baina gelditu egin zuen Monrealen errematea. Lehen zatiko bigarren aukera argia zen, eta azkena suertatu zen amaieran. Bi aukera on horien ostean asko kostatu zitzaion Osasunari erasoan min egitea. Baloia ondo eta azkar mugitu zuten gorritxoek zenbait unetan, baina sakontasun gutxirekin. Jose Antonio Camachoren garaian baino denbora gutxiago galtzen du Ricardok baloia jokoan jartzeko orduan, eta baloi luze gutxi ikusten da orain Nafarroako Erresuman. Aurrean Deportivo bezain talde sendoa dagoenean, ordea, oso ondo egin behar da dena jokatzeko era horrekin aurkariaren ate ingurura iristeko, eta hasierako minutuen ondotik kostatu egin zitzaion Osasunari Aranzubia urduritzea. Bigarren zatian ere ondo lotu zuen Deportivok Osasuna eta erasoari uko eginda defentsan saiatu ziren batik bat, Miguel Angel Lotinaren mutilak. Amaieran Kike Solak izan bi aukera onetan soilik izan zuen gertu Osasunak garaipena. Lehendabizikoan ezkerrez egin errematea Deportivoko atzelari batek zutoinera desbideratu zuen, eta bigarrengoan atzelariei eta atezainari aurre hartu arren baloia buruz harmailetara bidali zuen Cascanteko aurrelariak.

Bi taldeetako inor ez zen pozik amaieran, baina Deportivok nahi zuena lortu zuen: ez galtzea. Osasunak irabaztea nahi zuen, eta berdinketarekin etsi behar izan zuen. Orain etxetik kanpoko bolada negargarriari amaiera ematea da erronka. Igandean Malagaren zelaian jokatuko dute gorritxoek. Manuel Pellegriniren mutilak jaisteko postuetan daude, eta salbazioa lortzeko lehian aurkari zuzenak dira Malaga eta Osasuna. Nafarroako Erresumatik kanpoko bolada txarra amaitzeko unerik aproposena da. «Ezin dugu pentsatu besteek egiten dutenaren arabera etxetik at berdinketa bat eskuratzea ona dela, eta irabazteak izan behar du Malagan gure helburu bakarra. Puntuak behar ditugu, eta hirunaka batu behar dira zulotik ihes egiteko», esan zuen atzo partidaren ostean Jose Luis Mendilibarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.