Binakako txapelketa

Jaka-Zabaleta, nagusi hasieratik amaierara

Artola-Imaz Olaizola II-Urrutikoetxearen aurka arituko dira finalerdietara sailkatzeko lehian, eta Altuna III-Galarza Laso-Albisuren kontra. Sailkatuta daude Jaka-Zabaleta eta Ezkurdia-Martija.

Jaka-Zabaleta bikotea, gorriz. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
2020ko otsailaren 25a
20:22
Entzun

Jaka eta Zabaleta nagusi izan dira ligaxkako azken partidan ere. Aise garaitu dituzte Peña II.a —Artolaren ordezkoa— eta Imaz: 22-10. Partida hasi aurretik ere ziurtatuta zuten ligaxkako lehen postua, baina zapore gozoarekin amaitu nahi izan dute. Eurekin batera, Ezkurdia-Martija bikotea da finalerdietako ligaxkara zuzenean sailkatu den bigarrena. Hurrengo lauek kanporaketa bana jokatu beharko dute, onenen artean izateko.

Artola eta Imaz fin aritu dira orokorrean, eta merezitako hirugarren postua erdietsi dute. Halere, ez dute kanporaketa erraza izango. Seigarren sailkatutako Olaizola II-Urrutikoetxea bikotea izango dute aurkari. Bien arteko partidek Artola eta Imazen alde hitz egiten dute; 22-13 eta 22-9 irabazi zituzten. Halere, beteranoak gorako bidean dira, eta azken lau partidetatik hiru irabazi dituzte. Tartean galdutakoa Jaka eta Zabaletaren aurkakoa izan zen: 22-17. Orduan, Aranguren aritu zen atzelari lanetan, Urrutikoetxearen ordez.

Bigarren kanporaketa ere estua espero da. Altuna III-Galarza eta Laso-Albisu bikoteek garaipen kopuru bera lortu dute: zazpi. Badirudi, ordea, Altunak eta Galarzak neurria hartua dietela beste biei, ligaxkan euren aurka jokatutako bi partidak irabazi baitituzte. Lehen itzulian 22-10 gailendu ziren, eta bigarrenean 18an utzi zituzten.

Kanpoan geratuko direnak ere izen handiak dira. Irribarriak eta Rezustak osatutako bikotea faboritoetako bat zen txapelketa hasi aurretik, baina ez dute nahi bezala jokatzea lortu. Euren kaleratzea azken-aurreko jardunaldian sinatu zuten, zuzeneko arerioen aurka galdu zutenean: Olaizola II-Urrutikoetxea 22-9 Irribarria-Rezusta. Ia aukerarik gabe zirela, azken partida jokatzeko Irribarria ordezkatzeko erabakia hartu zuen Aspek. Beraz, azken partida iazko txapeldunek batera jokatu zuten, Elezkano II.ak eta Rezustak. Halere, ezin izan zuten Peña II.ak —Lasoren ordezkoa— eta Albisuk osatutako bikotearen aurka.

Ahazteko modukoa izan da Bengoetxea VI.aren eta Mariezkurrena II.aren txapelketa. Bi partida bakarrik irabazi dituzte, horietako bat atzo —22-19 Altuna III.a-Ladis Galarza bikotearen aurka—. Aspek Irribarriakin egin bezala, Baikok ere bi partidatan Bengoetxea ordezkatzeko erabakia hartu zuen. Victorrek hartu zuen haren lekua, baina zorterik gabe.

Sailkapena

1. Jaka-Zabaleta, 12 puntu

2. Ezkurdia-Martija, 9 puntu

3. Artola-Imaz, 8 puntu

4. Altuna III-Galarza, 7 puntu

5. Laso-Albisu, 7 puntu

6. Olaizola II-Urrutikoetxea, 6 puntu

7. Irribarria-Rezusta, 5 puntu

8. Bengoetxea VI-Mariezkurrena II, 2 puntu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.