TXIRRINDULARITZA

Jakobsenek bigarren garaipena lortu du Espainiako Vueltan

Deceuninck taldeko esprinterrak nagusitasunez irabazi du zortzigarren etapa. Aritz Baguesek, Mikel Iturriak eta Ander Okamikak 140 kilometro baino gehiago egin dituzte ihesean

Fabio Jakobsen, garaipena ospatzen. MANUEL BRUQUE / EFE
Julen Etxeberria.
2021eko abuztuaren 21a
17:54
Entzun

Lehia estuan dabiltza Espainiako Vueltan Jasper Philipsen (Alpecin) eta Fabio Jakobsen (Deceuninck). Lau aldiz erabaki da etapako garaipena esprintean, eta bitan nagusitu da bakoitza: Philpsen, bigarren eta bosgarren etapan; eta Jakobsen, laugarrenean eta zortzigarrean. Gaur, herbeheretarra izan da azkarrena azken zuzengunean. Belgikarra baino hobeto kokatuta iritsi da, eta ez du aukera pasatzen utzi. Nagusitasunez irabazi du. Alberto Dainese italiarra (DSM) izan da bigarren, eta Philipsenek hirugarren postuarekin konformatu behar izan du. Jakobsenen garaipenak beste sari bat ere izan du: erregulartasunaren maillot berdea kendu dio Philipseni. Bestelakoan, ez da aldaketarik izan, eta Primoz Roglicek (Jumbo) arazorik gabe eutsi dio liderraren maillot gorriari.

Hiru txirrindulari bakarrik ausartu dira tropelak etaparako zituen asmoak zapuzten. Euskaldunak izan dira hiru ausart horiek: Aritz Bagues (Caja Rural), Mikel Iturria (Euskaltel-Euskadi) eta Ander Okamika (Burgos). Hirurek etapa hasi eta berehala egin dute aurrera, eta 140 kilometro baino gehiago egin dituzte ihesean. Tropelak une oro izan ditu kontrolpean, eta gehienez, lau minuturen aldea izaten utzi die. Azkenean, helmugarako 36 kilometro falta zirela harrapatu ditu.

Igandean, mendiko etapa gogorra

Gaurkoarekin alderatuta, oso bestelako etapa izango dute igandean txirrindulariek; oso gogorra da bederatzigarren etapa, orain arteko gogorrena. 188 kilometro egin beharko dituzte Puerto Lumbreras eta Velefiqueko mendate artean. Hamahiru kilometro pasatxoko igoera da azken hori, eta aldapa gogorrak ditu: %6,4ko batez besteko pendiza. Hara iritsi aurretik, gainera, beste hiru mendate igo beharko dituzte: Bigarren Mailako Cuatro Vientos, Lehen Mailako Collado Venta eta Hirugarren Mailako Castro de Filabres. Lehia espero da faboritoen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.