Bizitzaren gorabeherak zer diren: Iazko Poloniako Itzulian eroriko oso larria izan eta urtebete pasatxora, Espainiako Vueltako laugarren etapa irabazi du gaur Fabio Jakobsenek (Deceuninck). Sekulako abiaduran osatu da holandarra. Zortzi hilabetez izan zen lehiatik kanpo, erorketaren ondorioak gainditu bitartean. Beste lau hilabete baino ez ditu behar izan sasoia findu, eta izan zitzakeen arrasto psikologikoak gainditzeko. Abaila batean itzuli da onenera, eta halaxe gailendu da gaur ere, azkarrenen arteko borrokan. Arnaud Demareri (Groupama) eta Magnus Cort Nielseni (Education) hartu die aurrea, eta hala, igandeko bigarren postua hobetu du. Bestalde, amaieran erori egin da Rein Taraamae (Wanty), lasterketako liderra, baina eutsi egin dio elastiko gorriari: azken hiru kilometroen barruan izan du ezbeharra.
Oso bukaerara arte itxaron du tropelak benetako lehia abiatzeko. Bertatik Joan Bouk (Euskaltel-Euskadi) eta Angel Madrazo eta Carlos Canalek (Burgos BH) egin dute ihes, baina haien ahaleginak ez du multzo nagusia batere mehatxatu. Lau minutuko aldea izan dute gehienez, eta onenek begien bistan zituzten jada oraindik 30 kilometro gelditzen zirela. Goizegi zen ihesaldia deusezteko, eta berriro alde egiten utzi diete, harik eta 13 kilometroren faltan harrapatu dituzten arte.
Lanean Groupama ari zen, eta Alpecinek eta Deceuninckek beste estutu bat eman diote erritmoari. Funtsean, haiek zituzten esprinterrik azkarrenak. Alex Aranburuk (Astana) eta Jon Aberasturik (Caja Rural) ere beren aukerak izan zitzaketen, amaierak goranzko joera izaki, baina oso gaizki kokatuta iritsi dira esprintera. Jakobsen, ordea, itsasi egin da Demareren gurpilera, eta frantziarra nagusitasunez aurreratu du azken ahaleginean. Aberasturi 13. izan da, eta 16. Aranburu. Bestalde, faboritoak batera eta atseden hartuta helmugaratu dira.
Bihar ere oso egun lasaia izan beharko lukete oilarrek, Tarancon eta Albacete artean jokatuko den etapan. 184 kilometroko saio etzana izango da, azkarrenentzako oso aproposa.