Hogeita bat urte pasa dira ia, baina Jan Urban Osasunako jokalari ohiak ez du partida hura ahaztu. 1990eko abenduaren 30ean Osasunak 0-4 irabazi zion Real Madrili Santiago Bernabeu futbol zelaian, eta lau gol horietako hiru jokalari poloniarrak sartu zituen.
"Futbolean jokatzeari utzi nion orain dela asko, baina jendea oraindik gogoratzen da eta askotan esaten didate. Jendeak ikusten nauenean esante dit: 'Zu zara Urban? Bernabeuko hiru gol horiek... Bai garai onak horiek!'. Gauza polita da", gogoratu du. Osasunaren partida gogoangarrienetako bat dela gaineratu du.
Osasunak bihar jokatuko du berriro Santiago Bernabeun (12:00). Jose Luis Mendilibar entrenatzaileak lanak izan ditu deialdia osatzeko, izan ere, lesioak tartean lehen taldeko hamabost jokalari ditu soilik bere esanetara. Bigarren taldeko jokalariekin osatu du deialdia: Eneko Satrustegi, Marcos Perez eta Manuel Onwu.