Futbola

Japoniak irabazi du Munduko Kopa

Emakumezkoen txapelketa lehen aldiz irabazi du, penaltietan AEBei irabazita.

2011ko uztailaren 18a
11:33
Entzun

Japoniak emakumezkoen Munduko Kopa irabazi du bart, AEBen aurka penaltietan irabazita. Ezustekoa eman dute japoniarrek Alemanian jokatu den txapelketan, eta orain arte final-laurdenetatik aurrera inoiz igaro ez baziren ere, munduko txapelketa bi aldiz irabazi duen selekzioaren aurka irabazi dute finala.

Japoniak ez zuen amore eman partida osoan, nahiz eta AEBak esperientzia handiko taldea izan. Faborito zirela jakinik, estatubatuarrek hartu zuten partidaren ardura lehen minutuetan, eta lehen zatiaren amaieran eta bigarrengoaren hasieran gol aukera garbiak izan zituzten, hurrenez hurren, Wamblach eta Morgan jokalarien oinetan.

Lehen gola, ordea, 69. minutuan iritsi zen. Japoniak zelai erdian baloia galdu eta Rapinoek Morgani eman ostea sartu zuen horrek. Miyamak partida amaitzeko bederatzi minutu falta zirenean berdindu zuen, estatubatuarren defentsa huts bat baliatuz. Luzapenean Wamblachek eta Sawak sartu zuten bana, eta penaltietara iritsi zen partida. Japoniarrak finago aritu ziren hor, estatubatuarrek hiru huts egin baizituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.