JAPONIAKO MUNDUKO SASKIBALOI TXAPELKETA. JAPONIAKO MUNDUKO SASKIBALOI TXAPELKETA

Mozorroa kentzen hasiak. Argentina, Espainia eta Angola final-zortzirenetan izango dira, orain arteko partida guztiak irabazita. SAILKAPENAK ETA EMAITZAK

Jon Rejado.
2006ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Argitzen hasi da Munduko Saskibaloi Txapelketa. Hiru jardunaldi jokatu dituzte A eta B multzoko selekzioek, eta mozorroak kentzen hasiak dira. Argentinak, Espainiak eta Angolak final-zortzirenetarako txartela eskuratu dute. Zein postutan izango diren ikusteko dago, hala ere. Zeelanda Berria, Panama eta Venezuela, aldiz, pattal aritu dira eta zaila dute lehen fasea gainditzea.

Hiru jardunaldi baino ez dira jokatu, eta, dagoeneko, gauza asko argitu dira. Faboritoen artetik Argentinak eta Espainiak ez dute huts egin. Zalantza askorekin heldu zen Argentina Japoniara, baina gehienak uxatu ditu: hiru partida, hiru garaipen. Prestaketa partidetan erakutsi ez zuen kemena eta indarra berreskuratu ditu. Walter Hermann eta Luis Scola izan dira jokalari garrantzitsuenak azken bi egunetan. Eta oraindik asko du erakusteko: Nocioni, Ginobili...

ESPAINIAK, JOKO BIRIBILA. Espainiako selekzioak mundukoa hasi baino lehen kendu zuen mozorroa, eta txapelketan ere itxura bera du, hiru jardunaldi jokatu ondoren. Indartsua. Faboritoen artean zegoen hasieran, eta bertan jarraitzen du, Munduko Txapelketako joko eraginkorrenetakoa egin ondoren. Jardunaldiak igaro ahala gero eta sendoago dago; Pau Gasol izarraz gain, partida erabaki dezaketen jokalari asko ditu. Alemaniaren aurka proba gogorra zuen atzo, baina orain arte bezala, hirugarren jipoia eman die aurkariei Espainiak.

Hasieratik ezarritako erritmo bizia minutuak igaro ahala mantenduz apurtu zuen partida Espainiak. Dena den, emaitzak islatzen ez duen lan eskerga egin behar izan zuen. Nowitzki ondo gelditu zuen defentsan, baita gainerako jokalariak ere. Calderonek baldintzatu zuen partida. Saskira behin eta berriz sartu zen, eta Alemaniak ezarritako defentsa guztiz desorekatu zuen, hutsune asko behartuz. Bihar, Angolaren kontra, orain arte erakutsitako nagusitasun horren laugarren atala eskaini beharko du Espainiak, multzoko lehen postua ziurtatu nahi badu.

Angola da, orain arte ezusteko gozoena eman duen selekzioa. Mozorroa kendu duenetik agerian utzi du talde gogorra dela. Fisikoki indartsua da, eta horretan oinarritzen du jokoa. Defentsan ondo moldatzen da, eta erasoan baloia mugitzen badaki, lasaitasunez, aukera onena lortu arte. Kalitate handiko jokalariak ditu, erantzukizuna hartzen dutenak: Mingas, Gomes, Cipriano... Final-zortzirenak mugarri zaila ziren Angolarentzat, baina ezustekoa emateko gai da, aurkariek aintzat hartzen ez badute.

Beste lau taldek final-zortzirenetarako sailkatzeko aukera izango dute gaur, C eta D multzoetako hirugarren jardunaldia izango baita jokoan. Greziak eta Turkiak txartela lor dezakete C multzoan, baina aurkari gogorrak dituzte. Turkiak Brasilen aurka jokatuko du, eta Greziak, Australiaren aurka. Lituaniak, bestalde, Qatar menpean hartu beharko du lehen fasea gainditzeko aukera izateko. D multzoan, AEBak eta Italia dira sailkatzeko modua egin dezaketen selekzioak. Italiak Senegalen aurka jokatuko du, eta AEBek Esloveniaren kontra. Puerto Ricok ere sailkatzeko modua egin dezake, Txina garaituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.