Aro berria hasiko da Japonian. Bodiroga, Stojakovic, Divac... Desegin da azken bi Munduko Txapelketak irabazi dituen selekzio bikaina. Baina koroak bertan jarraitzen du, nork lortuko, eta inoiz baino buru gehiago ditu zain. Argentinak, Greziak, Espainiak eta Italiak, besteak beste, amets egiten dute horrekin. Dena den, hautagai horiek guztiek aurkari nagusi bat dute koroa lortzeko bidean. AEBetako selekzioa faborito bakarra litzateke, logikak saskibaloian zerbaiterako balioko balu. Logikaren esanahia aspaldi ahaztu da kantxan, ordea. Edozer gauza gerta daiteke gaurtik irailaren 3a arte.
Bederatzi partida irabazi beharko ditu Serbia-Montenegroren lekukoa hartu nahi duenak. Gaur goizean goiz hasi da lasterketa. Lau urteroko saskibaloi betekada. 12 partida egunero lehen astean, goizeko seietan hasi eta14:30 arte. Erritmo zirraragarri horrek selekzio bakoitzaren onena eskatuko du. Saskibaloi eraginkorra egiteko kalitatea, nekeari aurre egiteko trebezia, burua bere tokian mantentzeko indarra... Ezaugarri horiek guztiak banan-banan aztertu, eta AEBek nolabaiteko abantaila izan dezakete, hasiera batean.
OHOREA JOKOAN. NBAko jokalariek azken urtetan galdutako ohorea berreskuratzea dute helburu. Bartzelonako Olinpiar Jokoetan mundua liluratu zuen Dream Team (Ametsetako Taldea) ikusgarriaren itzala urrun gelditzen da. Geroz eta argiagoa da horrelakorik ez dela errepikatuko. Jordan, Magic, Byrd... Mito horien saskibaloia eta zentzua urrun dago egun.
Gertuago dago Atenaseko Olinpiar Jokoetan (brontzezko domina lortu zuen Grezian AEBetako selekzioak), edo etxean, Indianapoliseko Munduko Txapelketan une batzuetan erakutsitako larderia (6. postuan sailkatu ziren). Munduko saskibaloiaren erregeek koroa nahi dute aurrena, eta ohorea ondoren.
Saskibaloia asko aldatu da azken urteetan, eta horretara egokitu beharko dute jokalariek, NBAko Ligako izar sortak ezusteko gehiago ez izateko. NBA Liga indartsua da, baina Europa eta Hego Amerikakoak geroz eta gehiago. Horien artean bereziki azpimarragarriak dira Argentina, Grezia, Espainia, Eslovenia eta Frantzia. Azken horrek indarra galdu du Tony Parker gabe, baina talde sendoa da oraindik. Selekzio horiek saskibaloi zentzudunaren isla dira; fisikoa, taktika, eta teknika uztartzen dute.
Selekzio horietan hainbat egoerak egin dute bat: Jokalariak, sasoia... Japoniak izan behar du domina lortzeko tokia haientzat. Argentina gutxi aldatu da Olinpiar Jokoetan nagusitu zen taldearekin alderatu ezkero. Europako txapeldun bihurtu zen taldea mantentzen du Greziak, eta Sofoklis Schortsanitis erraldoiarekin indartu da (Baby Shaq goitizena du). Esloveniak kalitatea barra-barra du, eta, lehen parte-hartzea duen arren, ezustekoa ematen saiatuko da. Espainian belaunaldi oparo bateko jokalariek bat egin dute, eta sasoi puntu ezin hobean daude.
Selekzio indartsuetan egon badaude NBAko jokalarien erritmo eroa baldintzatzeko gai diren jokalariak. Bodirogak Munduko Txapelketako aurreko bi aldietan lortu zuen hori, eta bere bidea jarraitzen saiatuko dira hainbat Japonian. Saskibaloiaren mamia ez da buruz buruko jokaldi ikusgarria, dagoeneko, talde jokoa baizik. Joko hori proposatzen dute Pepe Sanchezek, Prigionik, Papaloukasek, Lakovicek eta abarrek. Bodirogaren lekukoa hartu nahi dute AEBetako selekzioa mendean hartzeko. Alargun dagoen koroa janzteko.
JAPONIAKO MUNDUKO SASKIBALOI TXAPELKETA. JAPONIAKO MUNDUKO SASKIBALOI TXAPELKETA
Aro berriko lehen koroak inoiz baino buru gehiago ditu zain. AEBak dira Munduko Saskibaloi Txapelketa irabazteko hautagai nagusiak , oreka handia dagoen arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu