Jarrai dezala festak

Athleticek ligako laugarren garaipena jarraian eskuratu gura du gaur etxetik kanpo, Mallorcaren aurka

haritz gallastegi
Bilbo
2010eko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Gabonetako etenaldiaren aurretik zuten indarra mantendu gura duten talde bi ariko dira gaur elkarren aurka Mallorcako Ono Estadi futbol zelaian. Mallorca eta Athletic ez dira Gabonen zain egon festari ekiteko. Abuztuko azken asteburutik ari dira gozatzen. Joan den sasoian ez bezala, txapelketaren lehen urratsetatik sailkapenaren goiko postuetan daude bi taldeak. Eta jakina da lehen jardunaldietako emaitzek garrantzi itzela izaten dutela taldeen ibilbidean. Finean, emaitzek ematen diote talde bati gauzak ondo egiteko behar duen konfiantza. Ondo egindako beharrak baino askoz indar handiago dute garaipenek.

Duela urtebete elkarren kontra aritu zirenean infernutik irtetea zuten xede Gregorio Manzanoren eta Joaquin Caparrosen taldeek. Egun, berriz, Europara sailkatzeko borrokan murgilduta daude buru-belarri. Oso bide ezberdinak hartuta ailegatu dira sailkapeneko goiko postuetara. Mallorca etxean erakutsitako indarrari eta eraginkortasunari esker dago Txapeldunen Ligatik puntu bira. Lau hilabetean ez du punturik galdu Ono Estadin. Zaleen aurrean jokatutako zazpi neurketak irabazi ditu. Ez dago hobeto egiterik.

Irletako taldeak erraztasuna dauka golak sartzeko. Txapelketa hasi zenetik batez beste ia gol bi sartzen ditu neurketa bakoitzeko. Horren erantzule nagusietako bat Aritz Aduriz da. Aurrelari gipuzkoarra sasoi hasiera ikusgarria egiten ari da. Bere ohiko lanari golak gehitu dizkio. Hamabi partidatan zazpi sartu ditu. Ondorioz, Espainiako aukeratzailea ere hasi da haren lana gertutik jarraitzen. Dena dela, aurrelari batek ezer gutxi egingo du ingurukoen laguntza barik. Ildo horretan, Mallorcak bere ohiko erdiko atzelari bien hutsunea izango du gaur. Ondorioz, aukera ona izango du Llorentek bere dohainak erakusteko.

Badauka meritua Mallorcak. Batetik, ez delako goi mailako taldea. Baina, batez ere, aspaldian futbol kontuek bigarren mailako garrantzia dutelako. Klubak arazo ekonomiko larriak ditu, eta beste edozein lanbidetan gertatzen den legez, arlo ekonomikoan egonkortasunik ez dagoenean nekeza izaten da burua lanerako egotea. Hala ere, berdegunean egon direnean ez zaie asko nabaritu arazo larriak dituztenik.

Athletic, talde orekatuagoa

Mallorcak errespetua merezi du. Baina baita Athleticek ere. Irletako taldeak orain arte egin duena txalotzeko modukoa bada, ez da gutxiagorako izango puntu bat gutxiago irabazi duen taldearena. Izan ere, talde zuri-gorria ere gertu dago Europara sailkatzeko postuetatik. Europako Liga puntu batera dauka, eta norgehiagoka batera Txapeldunen Liga.

Caparrosen taldearen ibilbidea Mallorcarena baino ohikoagoa izan da. Orekatuagoa. Zuri-gorriek etxean zein kanpoan eman dute maila ona. San Mamesen hamahiru puntu eskuratu dituzte, eta beste horrenbeste Katedraletik urrun. Hori ere ez da ohikoena talde zuri-gorriarengan. Jakina da lehoiak askoz ere arriskutsuagoak direla harmailetan babesa dutenean. Gaur irabaziz gero laugarren garaipena eskuratuko lukete errenkadan ligan. Zuri-gorriek duela mende erdi pasatxo lortu zuten azken aldiz etxetik kanpo hiru aldiz baino gehiagotan jarraian irabaztea.

Emaitzen taulak erakusten duen oreka da, hain zuzen ere, Athleticek azken hilabetean berdegunean erakutsi duena. Zuri-gorriek arrakastaren giltza aurkitu dute. Zelai erdia sendotu behar izan du Caparrosek taldeak atzean zituen arazoak konpontzeko. Erasoan aparteko argitasunik izan ez arren, geldikako jokaldiei eta erasoko jokalariek duten talentuari esker aukera eta gol asko sartzeko gai dela erakutsi du sarritan talde bizkaitarrak.

Ondo dagoena aldatzeko arrazoirik ez dagoenez, etenaldiaren aurretik erabilitako joko sistemaren aldeko apustua egingo du Ono Estadin Caparrosek. Zelai erdian Gurpegi eta Fran Yeste ariko dira hegaletan, nahiz eta azken hori kili-kolo ibili den aste guztian. Aurrean Markel Susaetak jokatuko du Toqueroren partez. Eibartarrak egingo ditu, beraz, zelai erdiaren eta Llorenteren arteko lotura lanak. Gainera, kontraerasoan jokatzeko futbolari aproposa da gipuzkoarra.

Atzeko lerroan, berriz, Castilloren eta San Joseren aldeko apustua egingo du teknikariak. Beraz, Koikilik eta Ustaritzek lanean jarraitu beharko dute postua berreskuratzeko. Iraolak eta Amorebietak ez dute lehiarik. Entrenatzailearen gustuko futbolariak dira, eta ezinbestekoa ez bada, Caparrosek sekula ez ditu hamaikakotik kanpo lagako. Bestalde, Diaz de Zerio eta David Lopez dira deialdiko hutsune nagusiak. Errioxarra ondoezik dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.