Jarrai dezala ikuskizunak

Athleticek Sporting hartuko du gaur San Mamesen, Espainiako Kopako final-laurdenetako joaneko norgehiagokan

haritz gallastegi
2009ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Athleticek aukera ona dauka Espainiako Kopako lau onenen artean sartzeko. Zuri-gorriek Sportingen aurka lehiatu beharko dute aurrera egiteko. Ligan antzera ibili dira bi taldeak. Gorabehera handiak izan dituzte. Beraz, estatistikak eskuan hartuta, kanporaketa parekatua izango dela esan daiteke. Zuri-gorriek zuhurtziaz jokatu dute, eta argi eta garbi esan dute, aste barruan, ez dagoela faborito garbirik. Bi partidako kanporaketa batean edozer gauza gertatu daiteke. «Bost edo hamar minutuz gaizki jokatzea nahikoa izan daiteke aukera barik geratzeko. Sporting aurkari gogorra dela iritzi diot. Kanporaketa parekatuta dago», adierazi zuen atzo Joaquin Caparrosek.

Ez zaio arrazoirik falta. Athletic oso talde gutxiren aurka da faborito argia. Harrotasunak alde batera utzi behar dira, beraz. «Onena zarela pentsatuz gero, kolpe gogorra hartzeko arriskua dago», azaldu zuen entrenatzaileak. Horretan ere arrazoia du.

Lehia parekatua izango dela onartzeak ez du esan gura baikor egoteko arrazoirik ez dagoenik.Manolo Preciadoren taldeak badauka Athletic kanporatzeko gaitasuna, baina baita zuri-gorriek Sporting gainditzekoa ere. Eta dagoeneko final-laurdenetan dago Kopa. Denboraldi hasieran final-laurdenetan egotea eta Sporting izatea aurkaria sinatzeko aukera emanez gero, inork ez lioke uko egingo. Hori gutxi balitz, talde zuri-gorria azken denboraldiotako sasoirik onenean egongo litzatekeela esanez gero, begiak itxita sinatzeko moduko kontratua litzateke. Horregatik dago ilusioa zaleen artean. Ilusioa baino askoz gehiago dagoela uste dute askok. Gehiegizko ilusioa omen dago. Baina zale zuri-gorriek futbola eta Athletic bizi duten modua kontuan hartuta ez da berria. Athleticeko jarraitzaileak beroak dira. Onerako zein txarrerako gertutik jarraitzen dute taldea. Ez dute sekula huts egiten. Une txarrenetan ere ez. Beraz, baikor egoteko arrazoiak dituztenean azaleratu egiten dute emaitza onak eskuratzeak sortzen duen poza.

Irabazteko gogoa eta ilusioa izatea ez da nahikoa aurrera egiteko. Horrez gain, jokatu egin behar da. Athleticek badauka. Zuri-gorriak ondo ari dira. Liga hasiera txarrari buelta emateko defentsan hobetu behar zutela konturatu zirenetik egin zuten gora. Urtea amaitu aurreko partidetan lortu zuten helburua. Athleticek talde itxura eman zuen. Emaitza bolada onak ez du etenik izan Gabonetako atsedenaldi ostean, baina bide onetik jarraitzeko bestelako dohainak erakutsi ditu. Erasoan izan duen eraginkortasunari esker eskuratu ditu puntuak eta garaipenak. Urtarrilean jokatutako bost norgehiagoketatik lautan zulatu dute aurkariek Iraizozen atea. Atletico Madrilek eta Valentziak birritan egin zuten, gainera.

Aukeran lehengo bidera bueltatzea litzateke egokiena. Kopan, batez ere. Kanpoan sartutako golek balio bikoitza dutela kontuan hartuta oso garrantzitsua izango baita atea hutsean mantentzea. Gainera, Sportingen aurka beste talde gehienen kontra baino gutxiago egin behar da golak sartzeko. Defentsan sendo agertzea erabakigarria izango da.

Defentsa sendotu nahian

Ate inguruan egin beharreko lana indartzeko Amorebieta berreskuratuko du Caparrosek. Txartelak tarteko ezin izan zuen Valentziaren aurka jokatu, baina Iurretakoa prest dago. Denboraldi hasiera eskasa egin ostean joan den sasoian erakutsi zuen maila berreskuratzen ari da.

Haren ezkerrean Koikilik jokatuko du, aukera eman diotenean bikain aritu den jokalaria. Caparrosen konfiantza dauka berriz. Balenziaga gazteari aurrea hartu diola dirudi. Zumarragarra da etorkizuna, baina egun gogor egin beharko du lan jokatzeko. Zelai erdian Susaeta izango da berrikuntza nagusia. Caparrosek atseden eman zion Ligan. Aspaldian oso ondo ari da jokatzen. Gainerakoak ohikoak izango dira. Entrenatzaileak oso argi dauka zer egin behar duen: «Ondo dagoena ez da aldatu behar». Are eta gutxiago partida garrantzitsuetan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.