Jarraian laugarrena irabaztera

Osasunak Almeriaren zelaian jokatuko du gaur; Nekunam eta Masud deialditik at geratu dira, sukarrak jota

Iruñea
2009ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Osasunak Lehen Mailan inoiz izandako boladarik onenean bost partida irabazi zituen jarraian. Bi aldiz egin dute balentria hori nafarrek, eta azkenekoa 2005-2006 denboraldi historikoan izan zen -laugarren postuan amaitu zuten Liga-. 2008-2009 denboraldia ez da hain oroitzapen gozoko sasoia izango gorritxoentzat, baina gaur Almerian irabaziz gero, asteazkenean, Malagaren aurka, historiako boladarik onena errepikatu ahal izango dute Jose Antonio Camachoren jokalariek etxean. Ez da erraza izango, baina hurrengo zortzi egunetan jokatu beharreko hiru partidetan salbazioa ziurtatu nahi dute Osasunako jokalariek, eta, horretarako, irabazten jarraitu beharra daukate. Espanyol, Atletico Madril eta Athletic menderatu ostean, Almeria mendean hartu nahi du gaur etxetik kanpo.

«Denboraldia zuzendu dezakegu astebetean», esan zuen herenegun Ludovic Delportek Taxoareko prentsaurrekoan. Salbazioa ziurtatzeko zazpi puntu behar dituztela ondorioztatu du Osasunako ezker hegaleko jokalari frantziarrak, eta aste honetan Almeriaren, Malagaren eta Valladoliden aurka jokatu beharreko hiru norgehiagoketan lortu nahi ditu Delportek zazpi puntu horiek. Ez dirudi ezinezkoa, aurkariak ez dira, eta beldurra ematen duten horietakoak, baina erraza izango ez dela ere argi dago. Batik bat hiru partidetatik bi etxetik at jokatuko dituztelako: Malaga bakarrik hartuko dute etxean, asteazkenean. Eta Osasuna etxetik at negargarri aritu da sasoi honetan. Bigarren itzulian, Nafarroako Erresumatik at, partida bakar bat galdu ez dutela egia da, bainaez da komeni ahaztea azken irteera arte etxetik kanpo norgehiagoka bakar bat irabazi gabe zirela. 15 partidatan, zazpi galdu, zazpi berdindu eta bat bakarra irabazi du Osasunak sasoi honetan etxetik at, Camachoren jokalariak irabazi gabe baitzeuden azken irteeran Atletico Madrilen zelaian 2-4 nagusitu arte.

Vicente Calderoneko garaipenak adorea indarberritu die nafarrei, dena dela: «Edozein zelaitan irabazteko gai ginela esaten nuen lehen, eta Vicente Calderonen irabazteak hori berretsi zigun», esan zuen atzo Osasunako entrenatzaileak. Gainera, Delporteren hitzei balioa kenduz, Camachok argi utzi du ezin dela pentsatu astebetean denboraldia zuzendu daitekeenik: «Esperientziak gauza bat erakutsi dit niri futbolean: partidaz partida joan behar da», adierazi zuen entrenatzaile espainiarrak.

Roberto sendatu da

Bizkarreko minak jota, Roberto atezainak ez du aste honetan normal entrenatzerik izan, eta Almeriako partida gal zezakeela ere bazirudien, baina ez; azkenean, jokatzeko moduan dago. Atzoko entrenamenduan, albiste txarrik ere izan zuen Camachok: taldeko bi irandarrak sukarrak jota daude, eta deialditik at utzi behar izan ditu. Orain, ukatzerik ez dago biak oso jokalari garrantzitsuak direla Osasunan. Kike Solak izango du Masud ahaztarazteko ardura, eta, zelai erdian, Patxi Puñalek hartuko du Nekunamen tokia.

Azken orduko bi aldaketa horiez gain beste bi ere egingo ditu Camachok. Jaroslav Plasil txekiarrak partida bateko zigorra bete behar du, eta Ludovic Delporte ariko da bere postuan -2008ko martxoan jokatu zuen azken aldiz titular gisa Ligan- zelai erdiko ezker hegalean, eta, atzealdean, Miguel Flaño itzuliko da hamaikakora Josetxoren kaltean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.