Jaurlaritzak 10 milioi euro jarriko ditu Anoetako estadioa berritzeko. Iñigo Urkullu lehendakariak gaur jakinarazi duenez, 3,3 milioi euroko diru sail bat jarriko du 2015. urtean, eta beste hainbeste bai 2016an eta bai 2017an. Diru hori Donostiako Udalari emango lioke, estadioaren jabeari, eta «atletismo pistak kentzeko eta eta harmaila berrian oinarria eraikitzeko» litzateke.
Anoeta estadioa berritzea aspaldiko nahia da Realarentzat, eta erabaki honekin Jaurlaritzak bultzada erabakigarria eman dio egitasmoari, Urkulluk berak azpimarratu duenez: «Honek estadioaren balizko eraberritze lanetan logikaz pentsatzera garamatza». Lehendakariaren hitzetan, Jaurlaritzak ikertu egin ditu «estadio egoki» bat izateak Donostian sortuko lituzkeen diru mugimenduak.
Realak askotan hitz egin du estadioaren berrikuntza lanei buruz, eta 62,5 milioi ingurutan finkatu du egitasmo osoaren kostua. Asmoa atletismo pistak kentzea, lau dorre eraikitzea eta estadioaren eserleku kopurua 40.000raino handitzea da —egun 32.500—. Kostuen zati handiena Realak berak hartuko luke bere gain, baina Gipuzkoako Aldundiak eta Kutxabanken laguntza ere espero du. Jaurlaritzak hainbat baldintza bat jarri dizkio bere diru laguntzari, besteak beste Gipuzkoako Kirol Federazioen bulegoak estadioan egotea. Egun, dena den hala daude.