Jipoi mingarrienaren ajeak

Jose Antonio Camacho entrenatzaile denetik porrotik gogorrena jasan zuen Osasunak herenegun Santanderren

Iruñea
2010eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Ligan etxean jokatutako azken partidan Malagari 3-0 irabazi ostean, Osasunak aukera ederra zuen herenegun Santanderren (Espainia) Racingi irabazi eta sailkapenaren erdian eroso kokatzeko. Etxetik kanpoko bolada negargarriak ez du amaierarik, ordea: azken bederatzi hilabeteetan hamabi aldiz aritu da Osasuna Nafarroako Erresumatik at Ligan, eta jokoan izan diren 36 puntuetatik bakarra bildu du.

Herenegun, Sardineron, gainera, sasoiko jipoirik handiena jaso zuen Jose Antonio Camachok zuzendutako taldeak (4-1). Igandeko partida jokatu aurretik Ligako talde kaskarrenetakoa zen Racing golak sartzerako orduan-bost gol besterik ez zuen sartu zortzi partidetan-, jaitsiera postuetan zegoen, eta gol asko jasotzen zituen -hamalau, Malagaren atzetik gol gehien jasotzen zuen taldea zen-. Osasunak, ordea, gaitz guztiak sendatzeko aukera eman zion Miguel Angel Portugalek zuzendutako taldeari. Jokalari gorritxoen jarrera ez zen onena izan, eta hiru gol geldikako jokaldietan jaso zituzten nafarrek, gainera. Osasunakoen lasaitasunaren oinarriak koloka utzi ditu igandeko porrotak.

«Porrotaren erantzukizuna nirea da. Jokalariek behar adinako tentsiorik erakusten ez dutenean eta hiru gol geldikako jokaldietan jasotzen dituzunean, jokalariek behar bezalako mentalitatea erakutsi ez dutelako izaten da, eta hori entrenatzailearen errua da, seguru», esan zuen Camachok Sardineroko prentsa aretoan, partidaren amaieran egindako adierazpenetan.

Bere erantzukizunari ez zion muzin egin Osasunako entrenatzaile espainiarrak. Zelaian ikusitakoaren ostean, beste hausnarketarik egiterik ez zuen Camachok, dena dela. Jokalariak behar bezala motibatzen asmatu ez zuen bezala, aldaketekin ere ez baitzuen asmatu: Nelson eskuin hegaleko atzelaria erdilari gisa ezker hegaletik erasoan ikustea deigarria izan zen, adibidez. Eta sasoi honetako porrot mingarriena izateaz gain, Camacho Osasunan dagoenetik gorritxoek jasan duten porrot gogorrena ere izan zen igandekoa.

2008ko urriaren 19an zuzendu zuen Camachok lehen aldiz Osasuna, eta harrezkero jokatutako 89 partidetan, Ligako 78 partida eta Kopako 11, behin bakarrik sartu zizkieten lau gol gorritxoei igandera arte. 2008ko azaroaren 30ean, Malagak 4-2 mendean hartu zuen Iruñeko taldea Rosaledan. Apoñok eta Bahak 2-0 aurreratu zuten Malaga, Nekunamek eta Flañok bina berdindu zuten norgehiagoka bigarren zatian, baina amaieran Luquek eta Eliseuk garaipena eman zioten Malagari. Igandera arte, orain bi urteko egun hartan soilik sartu zizkioten lau gol partida bakarrean Osasunari Camachorekin. Santanderren gol bakarra sartu zutenez, golen aldea Malagan egun hartan baino handiagoa eta mingarriagoa izan zen igandean, dena dela.

Camachok Osasuna zuzendutako 89 partidetan hiru aldiz soilik galdu zuten gorritxoek hiru golen aldeaz, igandera arte. 2009ko maiatzaren 10ean Getafek 3-0 mendean hartu zituen Alfonso Perez futbol zelaian, Graneroren bi goli eta Ikechukwu Ucheren beste bati esker. Aurten, apirilaren 19an Osasunak Valentzian jokatu partidan ere emaitza bera izan zen: Unai Emeryk zuzendutako taldea 3-0 nagusitu zen Joaquin eta Villaren golei esker-egun Bartzelonan den aurrelariak bi gol sartu zituen-.

Racingen aurkako lehiak

Eta bitxia da, baina hiru golen aldearekin galdutako hirugarren partida Racingen aurkako partida bat izan zen. Urte hasieran, Osasuna Racingen aurka lehiatu zen Espainiako Kopako final-laurdenetan, eta urtarrilaren 27an jokatutako itzulikoan Santanderko taldeak triskantza eragin zuen Nafarroako Erresuman, 0-3 irabazita. Martxa honetan, Portugal taldekide ohiari -Real Madrilen lau denboraldiz elkarrekin aritu ziren Camacho eta Racingeko entrenatzailea- amorrua hartuko dio Osasunako entrenatzaileak, hamar hilabeteko tartean bi aldiz irabazi baitio hiru golen aldeaz.

Sasoi hasierako kezkak eta urduritasunak emaitza onei esker baretzen hasiak zirela zirudienean iritsi da Santanderko hondamendia. Eta berriro ere iritzi ezkorrak izango dira nagusi Iruñean. Trezeguet, Valdez, Drenthe, Portillo eta enparauen Hercules hartuko dute igandean gorritxoek, eta mamu beltzak ageri dira berriz Osasunaren bidean. Muturreko galanta jaso ostean ringean etzanda geratzen den boxeolariaren itxura zeukan Osasunak Santanderko partidaren ostean. Orain, altxatu eta borrokan jarrai dezakeela erakutsi beharra dauka Herculesen aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.