Kito. Zirt edo zart. 40,5 kilometrok zehaztuko dituzteFrantziako Tourreko podiumeko hiru koskak. Marie Blanque, Soulor eta Tourmalet. Frantziako Tourreko 17. etapan bihurtuko da epaile. Etziko erlojupeko luzea ere -52 kilometro- erabakigarria izan daiteke podiuma zehazteko, baina jo beharrekoak gaur jo beharko dituzte txirrindulariek.
Pauen hasi eta Tourmalet maila bereziko mendian gainean amaitu, 174 kilometro dauzka etapak. Atzoko atseden egunarekin gorputza lotu samar edukiko dute askok eta, beroketa lana behar bezala egin ezean, Marie Blanque lehen mailakoan gora gorriak ikus ditzakete faboritoetako batzuek. Renoir laugarren mailako muinoa igo beharko dute lehenengo, 13,5. kilometroan, baina Escot herrira arteko lehen 46 kilometroek ez daukate aparteko zailtasunik.
Hortik aurrera hasiko dira komeriak. Igoera itoa dauka Marie Blanquek. Etzan samarrak dira lehen bost kilometroak, baina azken lau kilometroak beldurgarriak dira (%15eko pendiza dauka zati txiki batean). Soulor lehen mailako mendatea da bigarren zailtasuna. 13 kilometroko igoera da, eta %7,1eko batez bestekoa dauka. Soulorrek ez dauka aldapa ikusgarririk, baina azken zortzi kilometroetako batez besteko pendiza nekez jaisten da %7tik. Erabateko leherketa, ordea, Tourmaleten gora izango da. 18,6 kilometro, %7,6ko batez besteko aldapa, eta Tourra jokoan.
Frantziako Tourra
Jo beharrekoak jotzeko, hiru mendate tente
Tourmalet maila berezikoan bukatuko da etapa, eta aurretik Marie Blanque eta Soulor lehen mailakoak izango dituzte. BERRIA.INFO zuzeneko kontakizuna ari da egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu