Gescrap Bizkaia 64. Bennett Cantu 67

Joan hadi etxera Basile

Italiarrak hamar metroko hiruko ikusgarria sartu du azken segundoan, eta ataka zailean utzi Gescrap, beste taldeen emaitzen baitanPartida kaskarra egin du Bizkaiak, kaotikoa, eta Roger Grimauren kastari esker eutsi dio

Andoni Urbistondo.
2011ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Gescrap Bizkaia. Aaron Jackson (2), Blums (10), Mumbru (3), Banic (16) eta D'Or Fischer (6) —hasierako bostekoa—; Josh Fisher (6), Vasileiadis (10), Roger Grimau (11), Hervelle eta Mavroeidis.

Bennett Cantu. Cinciarini, Mazzarino (8), Micov (13), Leunen (10) eta Marconato (6) —hasierako bostekoa—; Gianella (3), Basile (7), Markoixvili (9) eta Shermadini (11).

Markagailua laurdenka. 14-17, 27-40 (atsedena); 47-54 eta 64-67.

Epaileak. Jungebrand, Herceg eta Geller. Kanporaturik ez.

Bestelakoak. 8.614 zale Bizkaia Arenan.

Persona non grata izendatzea merezi du! Ezin jakin Gianluca Basilek euskaldunen aurka zer daukan, baina zerbait badaukala zalantzarik ez. 2009ko ACB ligako finalean Baskonia txikitu zuen azken segundoan saskiratutako hiruko ikusgarri batekin, eta orduan egindakoa errepikatu zuen atzo berriz, Miribillan. Berak senza coscienza esaten die jaurtiketa horiei, nahi gabe edo gehiegi prestatu gabe egindakoak. Orduan eta jaurtiketa zailagoa, orduan eta aukera handiagoa, asmatzeko. Hamar metrotik sartu zuen Basso-k atzo hirukoa, partida bukatzeko 2.9 segundo falta zirenean. Baloia eskatu, keinua egin eta danba! Hamar metrotik!

Joan hadi etxera, Basile. Bizkaiako zaleek hirukoa sartu egin zela jabetu ostean esandako esaldi politena, hori. Goizero kafesnea prestatzen duenaren pareko lasaitasunarekin akabatu zuelako Basilek Bilbo eta Bizkaia osoaren ilusioarekin. Baloia hartu, bota eta sartu. Beste askotan egin duelako, ez zuen berehalakoan erreakzionatu. Horrelako dozenaka jaurtiketa egin eta bakarra ere ez sartzea delako normalena. Jaurtitzailea Basile edo Teletovic ez bada.

Gescrapek nahiko beltz dauka Top 16a orain, eta beste taldeen emaitzen baitan geratuko da. On egingo dio Nancyk atzo Fenerbahceren aurka galdu izana, eta Baskoniak Atenasen garaipena lor dezan bultzatuko dute gaur, greziarrekin puntu aldea hobea dutelako. Geratzen diren bi hitzorduak aski zailak dira: Istanbul hurrengo ostegunean, eta Caja Laboral abenduaren 22an, ligatxoko azken jardunaldian Miribillan. Katsikarisen taldeak multzoko laugarren postua, txartela ematen duen azkena izanen luke helburu.

Egiari zor, merezimenduz nagusitu zen Cantu. Hankapean ibili zuen Gescrap lehen zatian, eta 13 puntuko alde ona lortu zuen atsedenaldian: 27-40. Canturen sistema guztiek ematen zuten fruitua, eta eraginkortasuna ikaragarria zen: Micov eta Mazzarinoren hirukoak, Shermadiniren indarra saskipean, Markoixviliren talentua, Leunenen dotorezia... Zeharo jota utzi zuen noraezean zebilen Gescrap, batere zentzurik gabe, presaka, eta hirukoen baitan. Cantuk horretara behartu zuelako. 10 baloi eman zituzten bizkaitarrek lehen zatian, eta zaleak ernegatu sarri.

Buelta eman zion etxeko taldeak bigarren zatian, Roger Grimauren kemenari esker. 11 puntu egi zituen kataluniarrak, eta taldekideak hauspotu. Banicek 62-61ekoa jarri zuen, eta Vasileiadisek biko ederra sartu, partida 64-64 berdintzeko. Zentimetro gutxi batzuko kontua izan zen, bikoa edo hirukoa izan. Basileri zentimetroak bost axola. Senza coscienza utzi du Gescrap Bizkaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.