Joera kontrajarriak

Espero ez bezala dabiltza Osasuna eta Vila-real: uste baino hobeto bata, uste baino askoz okerrago bestea

Iruñea
2011ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Denboraldia hasi zenean helburuak argi zituzten Osasunak eta Vila-realek. Mailari eustea zen gorritxoen helburu bakarra, eta berriz ere Txapeldunen Ligan aritzeko sailkatzea zen Herrialde Katalanetako taldearen asmoa. Gaur egun sailkapenari begiratuz gero, ordea, rolak aldatuta ageri dira bi taldeak: zazpigarren postuan da Osasuna, 22 punturekin, eta Europako postuak bi puntura ikusten dituzte gorritxoek; Vila-real, aldiz, jaisteko postuetan dagoen azken taldearekin berdinduta dago; Sportingekin, hain zuzen ere.

Dena dela, oraindik ez dituzte helburuak aldatu. Behingoz Ligan suspertu eta gora egitea da Vila-realen asmo bakarra, eta Osasunaren helburu nagusia mailari eustea dela esan eta esan ari dira bitartean. Gaur arratsaldean ez da ezer erabakiko Nafarroako Erresuman jokatuko den partidan, baina bi joera ezberdinek bere horretan segituz gero, helburuak aldatzen hasi beharko dute Osasunak eta Vila-realek, batik bat bisitariek, kinka larrian geratu nahi ez badute.

Vila-realen estatistikak esanguratsuak dira: Liga hasi zenetik etxetik kanpo jokatu dituen zortzi partidetan hiru berdinketa eta bost porrot bildu ditu. Bi gol besterik ez du sartu, eta hamahiru sartu dizkiote. Osasunak, berriz, Nafarroako Erresuman jokatutako zazpi partidetatik lau irabazi ditu eta hiru berdindu. 11 gol sartu ditu, eta lau sartu dizkiote. Datu horiek ikusita, faboritoa Osasuna dela argi dago. Hargatik, Jose Luis Mendilibar ez da fidatzen: «Levante eta gu Vila-reali eta Atletico Madrili dagozkion postuetan gaudela dirudi une honetan, baina hori azkar alda daiteke, puntu gutxiren aldea baitago oraindik», esan zuen gorritxoen entrenatzaileak atzo goizean, azken entrenamendu saioa amaitu berritan. Ligan joko onik egin ez dutela onartu arren, aurkarientzat talde deserosoa direla gogoratu zuen gero zaldibartarrak.

Satrustegi, hasieratik

Osasunaren deialditik at geratu da Jukka Raitala finlandiarra, eta ezker hegaleko atzelari lanetan Eneko Satrustegi gazteak jarraituko du. Hala, lehen aldiz ariko da Nafarroako Erresuman. Azken partidan estreinakoz lehen taldearekin jokatutako harrobiko beste jokalaria, Roberto Torres erdilaria, bigarren taldearekin aritu zen atzo, Taxoaren Realaren aurka jokatutako derbian. Vila-realen, berriz, Javier Camuñas Osasunako jokalari ohia Iruñera itzuliko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.