Joan zen astean eman zioten miarriztarrek sasoiari amaiera, ofizialki, eta bi asteko oporren ondoan, prestaketa fisikoari ekingo diote. Hiru korrikaldi saio eta hiru gihar-lantze saio egingo dituzte astean. Hori, taldea osatuko dutenek.
Nauroy beti Miarritzen
Taldea utziko dutenen artean, Nauroy euskal herritarra nabarmenduko genuke, bizitza osoa eman baitio Miarritzeri, baina profesionaltasunak ez du gupidarik, eta onena izan behar da jarraikortasuna ukateko jokoan. Bigarren lerroan, Thion, Couzinet, Olibeau eta Booyse ariko dira; asko bi postutarako.
Helduko direnen artean, bistan da, Hariñordoki eta Traille dira aipagarriak. Beraz, Pauen jardundako Brusquerekin egingo dute bat; hiruko aparta. Roff eta entrenatzaile bat ere ekarri nahi dituzte.
HERVE MANENT -MIARRITZEKO JOKALARI OHIA
«Gogoan ukanen dut euskaldunen zintzotasuna»
Miarritzeren bigarren lerroa indartzera heldu zen Herve Manent. Mundiala jokatu zenean aukera ukan zuen jokatzeko, baina Thion itzuli zenean ordezko izan zen. Thion, ordea, lesionatu egin zen sasoi osorako eta kasik ohikoa izan da Manent.
Sasoi bat egin duzu soilik Miarritzen; nola laburbilduko zenuke?
Pozik naiz taldeak egin duen azken txanparekin, eta, halaber, taldea utziko duten jokalariengatik. Aipamen berezia egin nahinioke Olivier Nauroyri, errugbi bizitza oso eman baitio Miarritzeri. Bestetik, uste dut taldeak ahalegin guztia egin duela, eta horrek hemengo zaleria bikainari agur bero bat egiteko zilegitasuna ematen digu .
Zer nabarmenduko zenuke?
Batez ere, ukandako harrera beroa. Miarritze klub handia da, Euskal Herria herri bikaina da eta euskaldunak eskuzabalak; mila esker.
Zein da arrazoi nagusia Beziersera joateko?
Ni ez naiz kiroletako mertzenario bat. Miarritze laugarren kluba izan da, 32 urte ditut eta 26 urte eman dizkiot errugbiari. orain arte ez nuen inoiz sasoi baterako kontratua sinatu. Baina egun, errugbi profesionalak eboluzionatu egin du, eta behar batzuk bete behar ditugu; ez soilik finantza arlokoak. Miarritzen geratzeko aukera nuen, baina aurten ez dut asko jokatu eta heldu den sasoian ere antzekoa gertatzeko arriskua nuen.
Zerbaiten damurik ba al duzu?
Ez, ezta gutxiago ere. Oso pozik naiz hemen eman dudan sasoiarekin, aukera izan baitut, besteak beste, jokalari handiekin jarduteko. Bat aipatzearren, Gonzalez; nola kiroltasunagatik hala gizatasunagatik; egiazki eskertzen diot.
Errugbitik at, zer oroigarri eramango duzu Miarritzetik?
Lehen aipatu dudanaz gain, Baigorrin lagunak egin ditut. Oro har, euskaldunen berotasuna eta zintzotasunaz oroituko naiz.