REALA 2. MALLORCA 0

Jokalariei ere gustatu zaie erronka

Realak itxura ona eman du Espainiako Kopako final-zortzirenetako joaneko partidan, eta bideratuta utzi du kanporaketaAranburuk eta Agirretxek sartu dituzte bi golak, partidako bi jokalaririk onenek

Realeko jokalariak, elkar besarkatuta, atzo, Mikel Aranburuk sartutako gola ospatzen; 1-0eko jokaldian erremate ederra egin zuen azpeitiarrak, buruz. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Donostia
2012ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Golak: 1-0: Aranburuk (17. min.). 2-0: Agirretxek (55. min.) Epailea: Paradas Romero. Txartel horia Realeko Demidov, De la Bella eta Zurutuzari, eta Mallorcako Tejera, Marti, Caceres eta Nsueri. Bestelakoak: 22.330 ikusle Donostiako Anoeta estadioan.

«Ona da zaleek ilusioa edukitzea, baina guk kontzentratuta egon behar dugu». Philippe Montanier Realeko entrenatzaileak abisu argia eman zien jokalariei Mallorcaren aurkako Espainiako Kopako final-zortzirenetako joaneko partidaren bezperan. Aspaldian desagertuta zegoen ilusioa sortu du Kopak Gipuzkoa aldean, besteren artean zozketa bera ere aldekoa izan dutelako donostiarrek. Goxoki bat ere badago tartean gainera, Athleticen aurkako final-laurdenetako balizko kanporaketa. Eta jokalariei ere gustatu egin zaie erronka. Eurak ere ohartu dira lor dezaketela, eta grina handiarekin jokatu zuten atzo Anoetan. Hasi eta bukatu.

2-0ekoarekin, lehen pausoa emanda dago, baina Granadaren aurka ere erakutsi zuten txuri-urdinek aste berean onena eta okerrena egiteko gai direla. Zaleak hasi dira Athleticen —edo Albaceteren— aurkako kanporaketako egunei begira. Eta seinale ona da hori. Egiari zor, atzo bezala jokatuta, bide luzea egin dezake Realak sasoi honetan Kopan. Baina, urrutira begira jarri gabe, datorren asteartean, Mallorcan, ondo hasitakoa are hobeto bukatu beharko dute donostiarrek —aurretik ligako partida daukate etzi, Osasunaren aurka—. Jarreran nabari zaie jokalariei Koparekin gogotsu daudela.

Mallorcaren partida hasierak beldur pixka bat sortu zuen zaleen artean, lehen ordu laurdenean bi gol aukera argi-argi izan zituelako Hemedek. Lehen minutua betetzerako lehenengoa; eta 15. minutuan bigarrena. Baloia sareetara nola ez zen joan pentsatzen ariko da oraindik Zubikarai. Baina bi estutasun handi horiek piztu egin zuten etxeko taldea. Aurretik, 14. minutuan, area ertzetik jaurti zuen Griezmannek, eta Agirretxe oso gutxigatik ez zen iritsi goleko marran.

Futbolean nahikoa izaten da lehen bost minutuak aztertzea talde bakoitza nola dagoen ikusteko. Eta Realari gogoa, grina eta futbol gosea nabari zitzaizkion jokaldi bakoitzean. Serio urruntzen zuten atzelariek; hanka gogor sartzen zuten erdilariek; eta presio ona egiten zuten aurrelariek. Alfarok eta Tejerak min egin zuten hasieran hegaletatik barrualdera sartuta. Baina txuri-urdinek berehala eskuratu zuten partidaren kontrola. Aipagarria izan zen oso Aranburuk eta Agirretxek egin zuten partida. Gaztetuta dago azpeitiarra, eta titular aritzeak ematen duen konfiantzarekin usurbildarra.

Elustondori eta Zurutuzari kosta egin zitzaien hasieran Mallorcaren zelai erdiko jokoari neurria hartzea, baina, minutuak igaro ahala, gora egin zuten biek. Mallorcak bigarren gol aukera on-ona alferrik galdu berritan, Aranburuk eta Agirretxek sortu zuten goleko jokaldia, kontraerasoan, 17. minutuan. Zelaiko ohiko lanak aldatuta, erdiraketa neurtua egin zuen Agirretxek eskuin hegaletik, eta aurrelari finenen pare bidali zuen baloia sareetara, buruz, Aranburuk. Dotorea erdiraketa. Eta dotorea gola.

Hortik aurrera ez zen agertu Mallorca, eta oso eroso aritu zen Reala. Ezker-eskuin joko landua egiten saiatu ziren donostiarrak tarteka, eta lehen zatia bukatzerako bigarrena sartzeko zorian egon ziren Elustondo eta De la Bella. Atzelarientzat zail-zailak diren erdiraketa indartsu horietakoa bidali zuen Agirretxek, behe-behetik, eta elkarri traba egin zioten Elustondok eta De la Bellak.

Emaitzari eusteko, presioa

Lehen zatian gertatu bezala, hamar minutuko sua eduki zuen Mallorcak bigarrenean ere. Baina Realarenak izan ziren berriz ere aukerarik onenak. Demidoven pasea jaso, buelta erdia eman, eta urrutitik egin zuen jaurtiketa Agirretxek 54. minutuan. Eta hurrengo minutuan sartu zuen usurbildarrak bigarren gola, Aranburuk zutoinera bidalitako baloia jasota. 2-0. Partida amaitzeko 35 minutu luze falta zirela ikusita, arriskutsua zen emaitza, Mallorcaren gol batek erabat desorekatuko zuelako kanporaketa. Baina donostiarrek maisuki defendatu zuten aldeko emaitza; goi-goian presioa eginda, eta kontraeraso onak sortuta.

Agirretxek berak eduki zituen beste bi aukera on 3-0ekoa lortzeko, baina partida hoztearekin nahikoa zela ulertu zuten etxekoek. Oso emaitza ona da 2-0ekoa, bost egun barru Mallorcan gol bat sartuz gero, Baleareetako taldeak lau sartu beharko dituelako. Itxura polita hartzen ari da Kopa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.