Azken uneko akordiorik ezean, ez da Espainiako Ligako jardunaldirik jokatuko asteburuan. AFE Espainiako Futbolari Elkarteko ordezkariak eta LFP Futbol Liga Profesionalekoak atzo bildu ziren Madrilen, eta ez zuten akordiorik lortu. Are gehiago, akordio urrun ikusten dutela esanez irten ziren bileratik bi aldeetako ordezkariak. Hala ere, biharko egin dute beste hitzordu bat, eta bitartean ere saiatuko dira azken uneko akordio hori lortzen; asteburu honetarako ez bada, hurrengorako.
Luis Gil AFEko gerentea mintzatu zen jokalarien izenean, bilera bukatu berritan. Grebari eutsi egiten diotela berretsi zuen lehenengo, «Ligak ez duelako distantziarik laburtu nahi». Ezkor mintzatu zen Gil: «Jokalarien bermeak dira arazo handiena. Haien eskubideak eta kontratuak aldarrikatzen ari gara, hemen inor ez da ari diru gehiago eskatzen». Behin eta berriz aipatu zuen jokalarien eskubideen defentsa ari direla egiten, eta etorkizunera begira «neurri zuzentzaileak» ari direla eskatzen. «Jokalariei zor dietena eguneratuta izan ezean, kluba zigortzeko ari gara eskatzen, maila galdu dezala ari gara eskatzen».
Astiazaranen jarduna
Ezkor mintzatu zen AFEko gerentea, eta ezkorrago Jose Luis Astiazaran, LFPko presidentea. «AFEk asko tenkatu du soka, eta ez dugu inolako akordiorik lortu. Asteko ze egunetan gauden ikusita, gainera, ia ezinezkoa izango da akordio bat lortzea», aurreratu zuen Astiazaranek, eta asteburuan ez dela Liga jardunaldirik egongo iradoki.
Realeko presidente ohiak garbi esan zuen jokalarien greba deialdiak ez duela inolako justifikaziorik. «Greba egotea gogorra da, baina gu gure mugara iritsi gara», esan zuen Astiazaranek. «Baina Futbol Liga Profesionala elkarrizketarako prest dago», bota zuen hurrena. Jokalarien grebari balioa kentzeko, aldiz, onartu zuen batzuk kobratzeko zailtasunak dituztela «baina, haiek, gutxienez, lan bat daukate».
Jokalariek ez dute akordiorik lortu Ligarekin, eta grebari eusten diote
Akordioa urrun dagoela esanez irten dira bileratik bi aldeetako ordezkariak, baina bihar dute beste bilera bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu