Athleticek ez du Turkiako infernutik pasa behar izango paradisura ailegatzeko. Hango iragan sasoiko Ligako txapeldunari esker egingo du aurrera Europako Ligan. Nola den posible hori? Beste talde batzuk egindako ustezko iruzurrari esker, hain zuzen ere. Fenerbahce izan zen Turkiako ligako azken txapelduna. Baina, antza denez, iruzurra egin zuen bere helburua lortzeko. Partidak erosi omen zituen titulua lortzeko. Joan de sasoian gertatutakoa ikertzen ari diren bitartean, etenda dago Turkiako Liga.
Baina UEFA ere ez da eskuak gurutzatuta geratu. Auzia argitzen den bitartean, Fenerbahce Europako lehiaketetatik kanpo uztea erabaki du. Fenerbahcek Txapeldunen Ligan jokatzeko aukerari uko egiteko aukera bi eman zizkion Michel Platini UEFAko presidenteak Turkiako Federazioari. Klubak berak uko egitea batetik, edota Turkiako Federazioak berak uztea kluba lehiaketatik kanpo. Azkenean, bigarren aukera baliatu behar izan zuen federazioak. Horrela egin ezean, UEFAk Turkiako Federazioa bera zigortuko zuela azaldu baitzuen. Kontua da, Fenerbahcek ezin izango duela 2011-12 sasoiko Txapeldunen Ligan parte hartu. Bere lekua aurreko sasoian Ligan bigarren sailkatu zen Trabzonsporrek hartuko du. Athleticen aurkariak, alegia. Horrenbestez, zuri-gorriek itzuliko neurketa jokatu barik eskuratu dute Europako Ligako ligaxkako txartela. A ze pagotxa!
Athleticentzat berri ona da oso. Josu Urrutiak abian jarritako proiektuak izan zezakeen berririk onena. Izan ere, Turk Telekom estadioan jokatu beharreko partidan asko zuen jokoan talde zuri-gorriak. Arlo ekonomikoan diru asko zegoen jokoan —txarrenean jarrita bost milioi euro inguru irabaziko ditu Athleticek—. Horrek lasaitasun apur bat emango dio klubari. Baina arlo ekonomikoan ez ezik, kirol arloan eta zaleen ilusioan ere eragin zuzena izango du. Jokalariek hazteko aukera izango dute eta jarraitzaileak Athletic jarraituz beste talde eta herrialde batzuk ezagutzeko parada. Ez dago dudarik asko irabazi duela Athleticek. Gainera, ez zegoen batere argi aurrera egiteko gai izango zenik. Ez jakitea hobe, gainera.
Athleticentzat berri bikaina da. Futbolarentzat, aldiz, berri kezkagarria. Norabide okerra hartu du azken urteotan munduan jarraitzaile gehien dituen kirolak. Interes ekonomiek aurrea hartu diote kirolari eta horrek min handia egin dio. Italiako Ligan sekulako eskandalua izan zen duela urte batzuk. Juventusek eta Milanek iruzurra egin zutela erakutsi zen. Horren ondorioz, tituluak kentzeaz gain, Juventus Bigarren Mailara bidali zuten. Silvio Berlusconiren Milani, berriz, puntu asko kendu zizkioten iruzurraren ondoren jokatu zen txapelketa hasieran. Espainiako Ligan ere makina bat aldiz entzun da partida asko erosi direla. Baina, oraingoz, inork ez du eman beharrekoa urratsa egiteko ausardia izan. Eta Turkiako da azken kasua. Zikinduta eta pozoinduta dago egungo futbola. Oraingoan Athletic izan da lohi horretan saria aurkitu duen taldeetako bat. Istanbuldik partida jokatu barik eta txartela eskuan dutela itzuliko dira zuri-gorriak.
Jokatu gabe, sailkatuta
Athletic itzuliko partida jokatu gabe sailkatu da Europako Ligako ligaxkarakoTurkiako Federazioak Fenerbahce kanporatu du Txapeldunen Ligatik ustezko iruzurragatik, eta Trabzonsporrek hartu du haren tokia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu