"Jokatu egingo dut". Pilota zale guztiak Ives Salaberri Xalari begira zeuden goizean goizetik, eta baietz erabaki du lapurtarrak. "Hobera egin du ezker eskuak". Iruñeko Labrit pilotalekuan zeukaten hitzordua Xalak eta Juan Martinez de Irujok, eta aurrelariak pilotak aukeratzen hasi aurretik baieztatu du albistea. Ezker eskua minduta amaitu zuen lau t'erdiko txapelketako final-laurdenetako ligaxkako lehen partida, Julen Retegiren aurkakoa (12-22), eta Irujoren aurka jokatu, ez jokatu zalantzan egon da azken egunotan.
Baiezkoa emanda, lasaitu pixka bat hartuko zuten enpresek, 22-0 galtzeko arriskua zeukalako bestela. Emaitza horrek erabat baldintza zezakeen multzoa. Gaur-gaurkoz, garaipen banarekin daude Retegi Bi eta Mikel Urrutikoetxea, eta porrot banarekin Irujo eta Xala. Azken bi horiek larunbatean jokatuko dute elkarren aurkako partida, Iruñeko Labriten (18:00). Ondorengoak dira asteburuko beste hiru partidak: ostiralean, Tolosan, Artola-Bengoetxea VI.a; larunbatean, Etxebarrin (Bizkaia), Urrutikoetxea-Retegi; eta igandean, Donostian, Olaizola II.a-Altuna.