Jokatzeko ordua da

Athletici garaipenak baino ez dio balio gaur Numantziaren kontra, gauza asko baitaude jokoan San Mameseko partidan

haritz gallastegi
2008ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Athleticen inguruan esan beharreko guztia esanda dago. Zale zuri-gorriak nazkatu dira. Ez dute sufritzen jarraitu gura. Kokoteraino daude: batean defentsako lan eskasa, bestean golak sartzeko ezintasuna. Hori ez bada, banakako hutsak edota kalitate falta. Beti zerbait. Kontua da Athleticek ez duela ondo jokatzen. Zelai barruan zer egin behar duen ez dakien taldea dirudi sarri askotan. Eta hori baino gauza larriagorik ez dago. Emaitzak txarrak dira eta ez dirudi oraingoz hobekuntzarik egongo denik. Hala ere, Caparros ametsetan agertu zen Lezamako prentsa aretoan. «Joan den sasoikoa hobetzea dugu xede. Europan sartzeko ilusioa izan behar dugu». Harrigarria.

Talde zuri-gorria merezita dago jaitsierako postuetan. Azken denboraldiotan sarri egon da egoera berean. Horrek ondorio kezkagarriak ekarri ditu. Bat beste guztien gainetik: jokalari, entrenatzaile, agintari eta zaleak ohitu egin dira Athletic behean ikustera. Lehen kezka eta ardura zena normaltzat hartzen da gaur egun. Dagoenarekin konformatu behar. Bigarren Mailara jaitsi ziren hainbat talderen bide berbera egiten ari da Athletic. Badirudi zenbait denboraldi sufritzen egon ostean inork gura ez duen eguna noiz ailegatuko den zain dagoela talde bizkaitarra. Donostian, Cadizen.. eta beste hainbat hiritan badakite zer gertatzen den antzeko egoeretan. Hala ere, entrenatzailea, Europaren gainean hitz egiten.

Hitzak eta aitzakiak alde batera utzi eta ekiteko sasoia da. Athleticek ezin du sufrikarioa gehiago luzatu. Ez hasita dagoen denboraldikoa, ez azken sasoietan izan duena. Lehenbailehen aldatu behar da dinamika. Bestela ez dago zereginik. Eta, horretarako, futbolariek eman behar dute lehen pausoa. Eurak dira egoerari buelta emateko gaitasuna duten bakarrak. Eurak dira protagonista nagusiak. Euren esku dago klubaren etorkizuna. Entrenatzailearen beharra kontuan hartu behar dela? Duda barik. Entrenatzaile onak eta txarrak daude. Talde bati etekina ateratzeko gai direnak eta ezin dutenak. Gauzak txarto doazenean era guztietako probak egiten dituztenak eta ezer aldatzen ez dutenak.

Caparros Athleticen gaur egungo egoeraren errudunetako bat da, noski. Orain arte ez du asmatu. Ez du eraman Athletic bide egokitik. Ez Caparrosek, ez eta haren aurretik Athletic entrenatu zuten askok ere. Valverderen sasoitik bi entrenatzailek egin dute lan ona: Clementek eta Manek. Lehenak Europarako txartela ematen duten puntuak eskuratu zituen. Bigarrenak, berriz, oso talde mugatuarekin eutsi zion taldeari Lehen Mailan. Hala ere, arrazoi batzuk edo beste direla tarteko, ez zuten jarraitu taldean.

Baina horrenbeste entrenatzaile aldaketak ondorioak ateratzeko aukera ematen du. Besteak beste, Athleticen gaitz nagusia ez dagoela aulkian. Zelaian dago. Jokalariek ez dute ondo jokatzen. Eurengandik espero zen baino askoz gutxiago eman dute. Munduko entrenatzaile txarrenarekin ere gaitza da hiru hilabetean bederatzi puntu izatea. Javi Martinezen, Ocioren, Amorebietaren, Iraizozen, Yesteren, Susaetaren edota David Lopezen jokoak entrenatzailearen lanak baino garrantzi handiagoa du estatistika horretan. Ezin dute bide beretik jarraitu. Gaur dute eurengandik espero dena erakusteko aukera. Numantziak bisitatuko du San Mames, eta sekulako garrantzia du partidak. Gauza asko daude jokoan. Besteak beste, Joaquin Caparrosen kargua, Athleticek galtzen badu San Mamesen ez baita giro izango: Ligaren lehen herena beteko da; Athletic jaitsierako postuetan dago; etxean jokatzen du; aurrean Lehen Mailako talderik apalenetakoa izango du; baina galduz gero, bost puntuko aldea aterako dio. Salbazioko postuak urrun izango ditu Athleticek. Jarraitzaileek ez dute egoera onartuko. Klub ezberdina izanda ere ez. Fernando Garcia Makuak jakinaren gainean egon beharko luke.

Yeste eta Etxeita, hasieratik

Asko dauka jokoan Athleticek, baita Caparrosek ere. Gaurko finalerako aldaketa bi egingo ditu hasierako hamaikakoan. Behartuta biak. Orbaiz, azken jardunaldietan asko hobetu duen futbolaria, zigortua dago. Haren lekuan jokatuko du Yestek. Basauritarrak asko eman diezaioke Athletici, baina orain arte ez du ondo-ondo jokatu. Beste aldaketa atzealdean egongo da. Amorebietak min du belaunean, eta haren lekuan Etxeita gaztea arituko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.