Real Madril. Casillas; Arbeloa, Sergio Ramos, Albiol, Marcelo; Lass, Xabi Alonso, Pepe; Oezil (Adebayor, 47. min.), Di Maria eta Cristiano Ronaldo.
Bartzelona. Valdes; Alves, Mascherano, Pique, Puyol; Xavi, Busquets, Keita; Pedro (Afellay, 70. min.), Villa (Sergi Roberto, 90. min.) eta Messi.
Golak. 0-1. Messik (76. min.).0-2. Messik (87. min.).
Epailea. Wolfang Stark (Alemania). Txartel horiak Real Madrileko Arbeloari, Ramosi eta Adebayorri; eta Bartzelonako Alvesi, Mascheranori. Txartel gorriak Real Madrileko Peperi eta Bartzelonako Pinto ordezko atezainari.
Bestelakoak. 80.000 ikusle Madrilgo Santiago Bernabeu futbol zelaian. Txapeldunen Ligako finalerdietako joanekoa. Sekulako txistu zaparrada entzun zen zelaian UEFAk partidaren aurkezpena katalanez egin zuenean. Bartzelonak, bestalde, kexa aurkeztuko dio UEFAri Real Madrilek ez zuelako zelai ureztatu partida hasi aurretik.
Izango du atzokoak ere aitzakia. Izango du partidaz kanpoko jarduna. Hirugarren zatia. Esango dute hamar jokalarirekin gelditu dela berriz ere Real Madril. Peperena ez zela gorria, horia zela. Mourinho egotzi egin zutela. Haren jarduna epaitzeko neurria eta besteen jarduna epaitzeko neurria ez direla berberak. Hura bazela eta bestea etzela.
Eta esango du Mourinhok berea eta Guardiolak berea. Eta egingo du denak jira bien bueltan, jokoaren bueltan beharrean, jokalarien bueltan beharrean. Baina jokoak irabaziko dio dialektikari eta itzul-inguruka aritu beharrari. Jokoak eta golek. Jokoak eta kalitateak. Egindako apustuek. Real Madrilena zikoizkeriaren aldekoa, berdinketaren aldekoa, eutsi eta lotu beharraren aldeko izan zen atzo. Bartzelonarena, bere ohiko jardunari eutsita bestearen arabera jokatzearen aldeko. Argi dago noren apustuak irabazi zuen. Bai behintzat Pepe kaleratu zutenetik aurrera, bai behintzat Messi agertu zenetik aurrera.
Ez zen partida berehalakoan apurtu. Kaskarra izan zen lehen zatia. Lotsagabe irten zen Real Madril, baina 0-0ekoari eustera lotsagabe. Atzean jarrita, zain. Presioan lan eginez, baina Kopako finalean baino atzerago eta bareago. Orduko oldarkortasunik eta sinesmenik gabe. Bartzelonaren sormena deuseztu eta baloia lapurtu bezain pronto aurrera egin. Hori buruan zuela abiatu zen eta jokatu zuen lehen zati hori Real Madrilek. Mourinhoren esana zintzo betez, Txapeldunen Ligako kanporaketak bi partidetara jokatzen direla pentsatuz, berdinketa txarra ez dela barneratuz.
Eta Bartzelona bere erara, baina beste era batera. Horrenbeste ukituz eta maseatuz baloiaren jabetzan aurrera egin beharraren premiarik eta presarik gabe —Iniestaren hutsuneak ere izan zuen zeresana horretan—, baina bere buruari eutsiz bezala. Zirrikituen bila bai, baina tentuz. Jokaldiak kateatu nahian bai, baina buruz. Aurreko lanak Messiri, Pedrori eta Villari utzita. Keitari eta, batez ere, Alvesi, galga jarrita. Baina, hala ere, haienak izan ziren aukerarik garbienak: Villak 10. minutuan izan zuen hura, edo Xabik 24. minutuan izan zuenak. Bi jaurtiketak Casillasek gelditu zituen.
Bi horiek eta Cristiano Ronaldok lehen zatiaren amaieran area kanpotik egindako jaurtiketa hura izan ziren arrisku une bakarrak. Hortik aurrera gehiago izan zen tentsioa jokoa baino, gehiago epaileari protesta eginez partida apurtzeko asmoa jokoz eta jokaldiz nagusitzea baino. Tentsioa lehen zati horren amaieran lehertu zen, aldageletara bidean, Pinto Bartzelonako atezainak, Keitak, Arbeloak eta Real Madrileko teknikariek izandako liskarrean —txartel gorria atera zion epaileak Pintori, eta ordezko atezainik gabe aritu zen Bartzelona bigarren zati guztian—.
Ez zen bigarren zatiaren hasieran partidaren itxura askorik aldatu. Pentsamolde eta jarrera berberekin hasi ziren bi taldeak, nahiz eta Real Madrilek presio aurrerago egitea erabaki. Sinesmen gehiagorekin oraingoan eta oldarkorrago oraingoan. Baina ustez Bartzelona estu hartuta zeukan unea atera zion epaileak txartel gorria Peperi (60. minutuan). Alvesi sarrera gogorra egin zion Real Madrileko jokalariak, eta gorria atera zion Starkek gehienek horia espero zutenean. Mourinhok ere bai nonbait, jokaldi hartan egindako protestengatik egoitzi baitzuen epaileak.
Messiren bi golak
Lehenaz gainera atzera egin zuen Real Madrilek, eta aukera noiz baliatuko patxadaren bila hasi zen Bartzelona. Izan zuen bat ederra Villak 67. minutuan, baina Casillasek gelditu zuen. Izan zuen bat ederragoa Messik 76. minutuan, eta gauzatu egin zuen Afellayren erdiraketa baliatuta (0-1). Izan zuen Messik oraindik beste bat ederragoa 87. minutuan, eta gauzatu egin zuen hura ere (0-2), munduko jokalaririk onena izatea zeri deitzen dioten ederki erakutsita. Itzulikoaren zain, Bartzelonak urrats galanta egin du Txapeldunen Ligako finala jokatzeko.
Real Madril 0. Bartzelona 2
Jokoa gailendu zaio dialektikari
Real Madrilek berdinketari eustera jokatu du lotsagabe, eta Bartzelonak ederki baliatu du haren zikoizkeria, Pepe kaleratu duteneanMessik sartu ditu kataluniarren bi golak, eta kanporaketa ia erabakita utzi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu