FUTBOLA

Jokoa penaltien giltzapean

Partida zirraragarri bat jokatu ostean, zortzigarren penaltiak sartu zuen Portugal finalerdietan

jon ordonez garmendia
2004ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Kanporaketak dira hauek. Hau da, bat kanpora eta bestea aurrera. Atzera pausorik ez dago. Bat aurreratzen dela, eta besteak berdintzen duela? Partida luzatzen da. Berriro gertatzen dela? Prestatu bada penaltiak botatzeko. Txapelketan jarraitu edo ez partida bakarrean jokatzen denean ez dago porrotik. Ez teorian behintzat, baina bai Ingalaterrarentzat atzo. Partida irabazita zuela egin zion ihes garaipenak, eta penaltietan Beckham ikurra galdu zuen.

«Wayne Rooney bere golak eta Owenenak ari da sartzen», entzun zen herenegun Portugalen. Lau gol daramatza Rooneyk. Atzo, ordea, bereak ere ezin izan zituen sartu. Min hartu zuen, eta horrek, partida hasi eta berehala Ingalaterra markagailuan aurreratu bazen ere, eraginkortasunik gabe utzi zuen bere selekzioa. Owenek sartu zuen Ingalaterraren lehen gola, berak horrenbeste behar zuena. Hasi orduko gainera. Txapelketako lehen partidan bezala, Greziaren aurka, atzo ere zelairatu eta berehala jaso zuen gola Portugalek. Horrek ez zuen, ordea, Scolari hautatzailearen diskurtsoa indartu baino egin. Partida hasi aurretik borrokaz eta gerraz hitz egin zuen, jokalariak suspertzeko, eta Owenen golak adorea gehiago eman zion Portugali.

Owenekin hasi orduko amaituta zegoen partida. Hori zirudien. Baina ez, ez zen horrela izan, zentzu bikoitzean. Jokoa egon zen, baloiaren joko ona, benetakoa. Haurrak futbolean aritzen direnean jolasean aritzen dira. Bi talde zakar eta beldurrez aritzen direnean jokorik ez dagoela esaten da. Baina futbola atzokoa da, Eurokopa hau uzten ari den partida ikusgarrien artean azkena, zirraragarriena. Eta amaitzear zenean, luzatu egin zen. Eta luzatu zenean, modurik dramatikoenean amaitu. Adorearekin Portugalek ordainekoa eman zion Ingalaterrari. Futbolean zelairatu eta berehala gol bat jasotzea baino gauza mikatzagoa da, partida irabaztear egonda, azken minutuetan garaipena galtzea. Adorearekin Portugalek bere saria lortu zuen, eta joko gehiago oparitu zion txapelketari. Eta penaltiak.Oreka nolabait hautsi behar da, eta baten batek joan behar du kanpora. Zortea hau izan zen, zigorra: Beckham kale, Decok barrura, Owenek barrura, Simaok barrura, Lampardek barrura, Rui Costak kale Ricardoren geldiketa, Terryk barrura, Cristiano Ronaldokbarrura, Hargreavesek barrura, Manichek barrura, Ashley Colek barrura, Postigak barrura, Vassellek kale Ricardoren geldiketa eta Ricardok berak barrura.

-Gaur futbola dago: Atzokoaren ondoren gezurra dirudi, atzokoak finala baizirudien. Baina gaur partida dago. Ea atzo bezain besteko jokoa dagoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.