Miarritze. Blaauw, Hegi, Van Staden; E. Lund, Thion; M. Lund, Lakafia, Lauret; Lesgourgues, Barraque; Ngwenya, Traille, Gimenez, Brew; Balshaw.
Montpellier. Watremez, Ladhuie, Pelo; Gorgodze, Privat; Ouedraogo, Tulou, Bias; Tomas, Trinh-Duc; Audrin, Combezou, Doumayrou, Nagusa; Peyras.
Markagailua. 3-0, 3-3, 6-3 (atsed.); 10-3, 13-3, 20-3, 27-3 eta 27-8.
Errugbi parodia eta emaitza kontable bikaina. Miarritzek eta Montpellierrek eskaini zuten ikuskizuna etsigarria izan zen, baina Miarritzek azkenean garbi irabazi zuen. Inor ezin da atzokoaren gisako partida batekin satisfos egon, baina Miarritzek gaizki jokatuta ere irabaztea lortu zuen. Talde handien bertutea da hori, eta sailkapeneko buruan jarraituko du Agilerako taldeak.
Atzokoa Top 14 hasierako partida pobreena izan zen. Bi taldeek aitzin pasa errekor tristea hautsi zuten. Beroak ez zuen lagundu. Sasoi hasieratik uztartzeetan bizi den komediak min egin zuen.Uztartzeetan bakarrik 15 zigor kolpe adierazi zituen epaileak.
Azalpenak anitz izanen dira, baina erabakien emaitza latza izan zen: erritmorik ez, baloiak etengabe lurrean, jokoa bi segundotik behin etenda... Top 14ak munduko errugbi onena izan nahi badu, arazo handia duela erakutsi zuen atzoko partidak.
Epaile eskasekoaren lana
Errugbi parodia horretan, Miarritzek aukerak izan zituen lehen zatian, baina Barraquek ez zuen ostikoekin asmatu. Lapurtarrak oso gaizki ari ziren jokatzen, baina Montpellier ere penagarri zebilen. Tartean, ikusleak aspertuta.
Partida estu zegoen, 6-3 Miarritzeren alde, epaile eskasekoak partidako protagonista izatea erabaki zuelarik. Botere gosez edo, zelaiko epailea bitan deitu zuen, Montpellierreko bi jokalariren aurka txartel horia ateratzeko gomendatu zuen. Iniziatiba penagarria, bitan txartela ez, falta ere ez zelako izan...
Noski, 15-13ren aurka jokatzea errazagoa da, eta Miarritzek bere hiru entseguak une horretan sartu zituen. Jokaldiak ongi lotu zituen, Ngwenyak eta Lesgourguesek batez ere, baina baldintza horietan errazagoa da jokatzea.
Bukaeran erasoko puntuak ihes egin zion Miarritzeri, Combezouren entseguarekin. Hala ere, hausnarketa sakona egin beharko da, izan uztartzeetan zein joko arruntean, epaileek goitik behera baldintzatu zutelako partida. Eta hori ez da onargarria.
Miarritze 27. Montpellier 8
Jokorik ez, puntuak bai
Partida txarra jokatu dute Miarritzek eta Montpellierrek, eta epaile eskasekoak baldintzatu du emaitza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu