Cristina eta Patricia Basarrate Getxoko ahizpa bikiek sei urte besterik ez zituztenean heldu zioten padeleko aurreneko palari. Orain 15 urte dituzte, baina garaipenen zakua ondo betea dute jada. Beti, gainera, elkarrekin. «Amak animatu gintuen, berak padelean jokatzen baitzuen. Hasieran tenisa eta padela tartekatu genituen, baina azkenean padela aukeratu genuen», dio Patriciak. Jolasetako klubean hasi ziren eta bertan jarraitzen dute egun ere.
Inor gutxik daki padelean nola jokatzen den. Binakako jokoa da. Eremu itxia da, angeluzuzena, eta 20x10 metroko luze-zabalera du. Lau pareta ditu eta erdian 88 zentimetroko altuerako sare bat. Pilota eta palak ere beharrezkoak dira. Tenisaren antz handia du. Padelean dirudun jendeak bakarrik jokatzen zuela aipatzen zen, garai batean. Gaur egun ez dela hala uste du Cristinak: «Era guztietako jendeak jokatzen du. Batzuk horretatik bizi dira, beste batzuek txapelketetan parte hartzen dute eta, azkenekoz, kirola egiteko soilik jarduten dutenak daude». Bigarren multzoan sartu beharko genituzke Basarrate ahizpak. Nahiz eta euren helburua aurreneko multzora salto egitea den. Horretan daude. Izan ere, Bizkaiko, Euskadiko, Espainiako eta Munduko txapeldunak izan dira gazte mailan.Euren mailan «handia» omen da lehiakortasuna. Horregatik, gogotik entrenatzen dira Eduardo Simal argentinarraren aginduetara: «Astean zehar entrenatzen dugu. Asteazkenetan alde fisikoa lantzen dugu eta astelehen zein ostiraletan teknika hobetzen saiatzen gara. Astearteetan eta ostegunetan, berriz, gimnasioan edo pistan jarduten dugu. Aste bukaeretan, txapelketak ez ditugunean, teknika lantzen dugu». Ordu askoan entrenatu arren, profesionalen aurka «ezer gutxi» egin dezaketela iritzi dio Cristinak: «Eurek padela dute bizibide, eta beraien aurka jokatzen dugunean aldea nabaritzen da. Beti irabazten digute».Munduan zehar sarritan jokatu dutenez, ongi asko ezagutzen dituzte herrialde bakoitzeko jokalarien ezaugarriak. Goi mailako padel jokalariak dituzten herrialdeak, ordea, ez dira gehiegi. Argentinarrek eta brasildarrek «maila bikaina» dutela uste du Cristinak. Espainia ere «puntan» dabil. «Sevilla eta Malaga aldean asko jokatzen dute, baita Madrilen ere. Euskal Herria ere kontuan hartu beharreko lurraldea da; batez ere Bizkaia.Aurten bi hitzordu garrantzitsu dituzte: Espainiako eta Munduko txapelketak. Aurrena hilaren 22tik 29ra jokatuko da Madrilen (Espainia); bigarrena, berriz, heldu den urriaren 3tik 9ra Badajozen (Espainia). 16 urtez azpiko mailan jardungo dute. «Helburua txapelketa horiek irabaztea da», diote.
Gurasoen babesa
Jolasa baino gehiago, ia bizibide bilakatu dute padela. Halere, «gustura» daude egin duten hautuarekin; baita beren gurasoak ere. «Ikasketak ez alboratzeko, baina padelean jokatzen jarraitzeko esaten digute». Cristina eta Patriciaren asmoa, alabaina, padelari esker bizi ahal izatea da: «Ikasten jarraitu nahi dugu, Unibertsitatera joan. Halere padelari esker bizitzeko aukera baldin badugu, ez genuke inolako zalantzarik izango».
Jolasetako perlak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu