Joseba Fernandezek eskarmentu handia du arraunean. San Juanen, Mecosen, Pedreñan eta Castron aritu da. Azken bost urteak etxeko taldean egin ditu, eta emaitza onak lortu ditu. Aurten, adibidez, San Miguel ligako bandera bat irabazi du San Juanek, laugarren postuan amaitu zuen sailkapen nagusian, eta Kontxako Banderan, ohorezko txandan aritu zen. San Juanek entrenatzaile berria bilatu beharko du orain.
Fernandezek Salsamendi ordezkatuko du Urdaibain. Oriotarrak lau urte egin ditu Bizkaiko taldean, eta, haren aginduetara, Urdaibaik emaitza bikainak lortu ditu. Hala, Kontxako Bandera irabazi du azken hiru urteetan, eta behin San Miguel liga (aurten). Salsamendik oraindik ez du erabaki zer egingo duen datorren urtean. Eskaintzarik ez zaio falta, eta horien artean bat nabarmentzen da, etxeko taldeak egin diona. Salsamendik badaki Orio entrenatzea zer den, 2005ean bertan aritu baitzen. Hurrengo egunetan askatuko da korapiloa.