Blatterrek 79 urte ditu, eta 1998az geroztik da FIFAko presidente. 1998an, Lennart Johansson suediarrari nagusitu zitzaion, eta, 2002an, Issa Hayatou kamerundarrari. 2007an, inor ez zen aurkeztu harekin lehiatzeko. 2011n, bai: Mohamed Bin Hamman qatartarra. Gutxi iraun zuen lehiak. Bozketara ere ez zen iritsi Hamman. Blatterrek salatu egin zuen Etika Batzordearen aurrean, botoak erostea leporatuta. Etika Batzordeak erruduntzat jo zuen, eta Blatter aurkaririk gabe geratu zen berriz.
2015ean erretiroa hartuko zuela agindu zuen orduan. Hitza jan du, ordea. FIFAko zazpi goi kargudunen atxiloketak piztutako eskandaluaren ostean heldu da Blatterren izendapena.
Joseph Blatter hautatu dute berriro FIFAko presidente http://t.co/rd14Gwuzdzpic.twitter.com/e20ufbzqqO
— Berria.eus (@berria) May 29, 2015
Bestalde, Israelek Palestinako futbolari oztoporik ez jartzeko mekanismo bat onartu du FIFAk. Palestinako Futbol Federazioak atzera egin du, eta ez du aurkeztu proposamena Israelgo selekzioak eta klubak nazioarteko lehiaketetatik kanpo uzteko. Yibril Rajub Palestinako Federazioko presidenteak jakinarazi duenez, FIFAko hainbat kidek eskatu diote proposamena ez aurkezteko, "futbolaren familian ondorio txarrak" eragin zitzakeelako.
Hala, horren ordez, FIFAren batzarrari eskatu dio batzorde independente bat sortzeko palestinarren eta israeldarren arteko arazoak bertatik bertara ezagutu eta irtenbide bat emateko. Batzarrak baiezkoa eman dio proposamenari, %90eko babesarekin. Israelgo ordezkariak eskerrak eman dizkie Palestinako ordezkariei, eta hori adierazteko, haiengana hurbildu eta bostekoa eman die.