Gendarmenmarkt plaza ez da txango turistiko guztietan sartu beharreko atrakzioa Berlinen. Denbora badago ikusten den horietakoa da: handik pasaz gero, ongi; bestela ere bai. Atzo goizean saskibaloi zalez betez joan zen, ordea. Lau taldetako jokalariak bertan dagoen Hilton hoteletik paseatzera irtenak zirela zabaldu zen hirian, eta selfie-aren ehiza zabaldu.
Zaila da Lauko Final bat eta Europako hiriburuaren bisita uztartu behar dituzten erdi zale, erdi turisten bizitza. Atzo eguraldi apartak laguntzen zuen monumentu pasa atsegina izan zedin. Gasteiztik iritsitako gehienak Alexanderplatzeko Baskonia Etxera bizkor samar bertaratzen joan ziren, ordea. Burua eta nerbioak bederatzietan hasi behar zuenean zituztelako, eta Brandenburgoko ateak gaur arte dagoen tokitik mugitzeko itxura handirik ez duelako.
Ostegun arratsean, Fanzone delakoaren ingurumarian, jakin-mina piztu zuten bai erraldoiek eta bai denak emanda ibili zen txarangak ere. Atzo, ordea, ezusteko konpetentziak ere bere tokia eskatu zuen. Fenerbahceko zaleek Berlinen bertan aritzen den jatorri turkiarreko txarangarekin Baskonia Etxearen sarreran errepasatu zuten errepertorio osoa. Efes garagardo turkiarrarekin orduak zeramatzaten euskal herritar batzuk ere animatu ziren lehiakideen dantzak imitatzera.
Hirugarren edo laugarren piezarekin, ordea, bati baino gehiagori entzumenak alerta bidali zion. Lehen akordeak Espainiako txarangek hain gustura jo ohi duten ¡Que viva España!-renak ziren. Zalantza segundo batzuk izan ziren: «Aizu, jotzen ari diren hau ez da ba izango... Ez dira adarra jotzen ariko, ezta?». Garrasi batean ari zen bandako liderra leloa kantatzen hasi zen, eta askotan gertatu ohi den bezala, doinua berbera bai, baina beste kanta bat zen hura, eta ez ¡Que viva España!.
Fenerbahce eta Baskoniako zaleak izan ziren Alexanderplatz bere egiteko kohesioa azaldu zutenak, elkarbizitza atseginean. Errusiatik etorritakoak presa gehiagorekin zebiltzan, baina bestela ere elkartu eta indar erakustaldirik egiteko irrika apartekorik ez zaie antzematen.
Saskibaloia. Baskonia Euroligako Lauko Finalean
«Jotzen ari diren hau ez al da...»
Kantxara mugitu baino lehenagoko orduak harmonian igaro dituzte Baskonia eta Fenerbahceko zaleek Alexanderplatzen: batzuk besteen txarangarekin dantzan, Turkiako garagardoa edaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu