Juan Martinez de Irujok gaur ekingo dio txapelketari, eta hura da faborito Eibarren
Juan Martinez de Irujok gaur ekingo dio lau t'erdiko txapelketari, Julen Retegiren aurka, Eibarko Astelena pilotalekuan (17:00). Iberokoa txapeldunorde izan zen iaz, eta final-laurdenetan sartu dute zuzenean. Pilota aukeraketan adierazi zuenez, gustura gelditu da prestaketarekin. Julen Retegiri dagokionez, Ekaitz Saralegi kanporatu ondoren sartu da final-laurdenetako ligaxkan (22-13). Bi aurrelariek bi aldiz jokatu dute elkarren aurka lau t'erdian, eta biak Irujok irabazi ditu: aurrenekoa 2009ko txapelketako finalerdietako ligaxkan (22-11) eta bigarrena aurtengo Nafarroako lau t'erdikoan (22-7). B multzoko beste partida bihar jokatuko dute Pablo Berasaluzek eta Abel Barriolak Gernikako Santanape pilotalekuan (17:00). 2001eko txapelketan elkarren aurka jokatu zuten, eta Barriolak irabazi zuen (22-19).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu