Juantxo Kokak bi edo hiru aste beharko ditu guztiz osatzeko

Bihurritua duela baieztatu dute erradiografiek; tratamenduan jarri dute

enekoitz telleria sarriegi
DONOSTIA
2003ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Bezperan Tolosan izandako ezbeharraren ostean, Iñigo Simon Asegarceko medikuaren kontsultan izan zen atzo goizean Juantxo Koka, Gasteizen. Erradiografiak egin zizkioten, eta Beotibar frontoian Ander Letamendiak esandakoa baieztatu egin zen. Letamendia ikusleen artean zegoen, eta ez enpresa bateko ez besteko medikurik ez zegoela ikusita hurbildu zen aldageletara. Kokak bihurritua dauka ezker hankako orkatilan. Lehen-bigarren gradukoa, Iñigo Simonek nabarmendu zuenez.

Tratamenduan jarri dute Koka. Fisioterapia: masajeak, hotza eta ultrasoinuak. Egunero joan beharko du medikuarenera eta bi edo hiru aste beharko ditu berriro frontoietara bueltatu ahal izateko.

Errasti eta Peñagarikano jokatzeko prest laster

Juantxo Kokaren lesioa izan zen herenegun Asegarcek jaso zuen albiste txarra, baina izan zituen atzo bi hobeak. Jokin Errastik medikuaren agiria jaso zuen atzo bertan, laster jokatzeko moduan izango dela esanez. Kepa Peñagarikano ere uste baino azkarrago ari da osatzen, eta azaroaren 7rako jokatzeko moduan izango omen da.

Espero baino azkarrago osatu dira biak, baina Jokin Errastiren kasua da nabarmentzekoa. Hiru hilabete beharko zituela esan zioten medikuek, baina bi hilabetean jarri da ongi. Valencia de Don Juanen jokatutako partida batean hartu zuen min. Ritxar Tirapuk belaunarekin eman zion kolpea gerrialdean eta hornoak mugitu. Ohean eta geldirik egoteko agindu zioten, eta kortse bat jantzita ahalik eta gutxien mugitzeko. Lehenengo egunak «oso gogorrak» izan zirela aitortu du pilotariak berak, baina pixkanaka onera egin du eta agindutako epea bete aurretik arituko da frontoietan Tolosan izan zen herenegun Kokaren eta Nagoreren artekoa ikusten.

Kepa Peñagarikanok entrenatzen ari zela bihurritu zuen orkatila. Bigarren graduko bihurritua izan zen harena eta berehala jarri zuten tratamenduan. Ongi bete ditu medikuaren aginduak eta asteburu honetan bertan lasterka has daitekeela jakinarazi diote. Azaroaren 7ko asteburuan bueltatu daiteke kantxetara, eta Asegarcek atzeko koadroetan zuen zuloa betetzen hasiko da horrela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.