Kolonbia-Uruguai (2-0)

Kafea, Kolonbiakoa

Taldeko joko landuarekin eta Jamesen bi golekin, arazo handirik gabe menderatu du Uruguai, eta historian aurreneko aldiz ariko da final 1/4etan.

James Rodriguez, goletako bat ospatzen. PAOLO AGUILAR / EFE
Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 29a
11:08
Entzun

Handia ari da egiten Kolonbia Munduko Kopa honetan. Final 1/4etan da, historian aurreneko aldiz. Partida handia egin du gaur Uruguairen aurka, eta partida handiak egin ditu lehen fasean, hirurak irabaziz. Lau jokatu eta lauretan garaile. Badu zerbait talde honek, eta ororen gainetik, jokatzeko era du bereizgarri.

Joko alaia egiten du, irekia, mugimendu askotan oinarritua. Hori erasoan. Eta defentsan, ez du lekua galtzen. Erasoko mugimendu bakoitzak defentsakoa izaten du ondoan: lekua utzi batek, leku hori bete besteak. Oreka, mugimenduen bitartez. Lortzen zaila, ikusteko bikaina.

Gero, edo ereduaren aurretik, gainetik edo parean, jokalariak daude. Denak dira teknikoki onak, eta batzuk oso onak. Gaur, aurreko partidetan bezala, James Rodriguez nabarmendu da. Baita Cuadrado, Armero, Zuñiga, Sanchez, Aguilar, Jackson... azkenean talde osoa idatzi behar. Horrek adierazten du zer den Kolonbia: taldea.

Peckerman entrenatzaileak lan bikaina egin du. Eta jokalariek fede itsua dute entrenatzailearengan eta ereduan. Konfiantzaz jokatzen dute, aske, erraz. Direna egitera atera dira zelaira. Baita Uruguai ere. Atzean sartu da Tabarezen taldea, kontraerasoan ateratzeko; gaur Suarez falta (puska batean faltako zaio), eta Forlan bere lekuan. Baina nekez lortu du Kolonbiari baloia kentzea, nahiz eta zelaiaren erdiko esparrua jokalari askoz itxi. Zer izaten diren gauzak, hala ere! Erdialdetik etorri da gola Kolonbiarena. Aurrenekoa. Jamesen trebeziak egin du guztia. Baloia bularrarekin ezker oinaren aldera jaitsi, eta ezkerrez zartako doitua eman baloiari. Langa ukitu eta barrura area kanpotik, urrunetik egindako jaurtiketa. 28. minutua zen.

Lanik zailena egina zuen Kolonbiak. Berean segitu dute bi taldeek, ereduan aldaketarik egin gabe. Bigarren zatian, ordea, eredua aldatzera behartu du Kolonbiak Uruguai. Beste gol bat sartu diolako. Berriz ere Jamesek gola. Jokaldia bikaina izan da, entrenamenduetan erasoan mugimenduak eta taldeko jokoa lantzeko egiten den horietakoa. Zehatza. Gola merezi zuen jokaldiak, eta Jamesek jarri dio saria taldeko lanari.

Hortik aurrera, Kolonbian orain arte aipatu gabeko jokalari bat azaldu da: Ospina atezaina. Uruguai egin da baloiaren jabe, eta argitasun handirik ez badu ere, heldu da Ospinaren ingurura. Baina atezainak ederki bete ditu lanak. Ziurtasunez. Handi. Kolonbiak ez du kontraerasorik lotu, eta horrela joan da partida bukatzen. 2-0, eta kafea, nola ez, Kolonbiakoa. Brasil orain parean. Jokuz ez da dudarik: Kolonbia askoz gehiago da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.