Arrauna

Kaiku eta Tolosaldea, garaile Pasaian

KAE1 ligan irabazleak bi segundo atera dizkio etxeko ontziari, San Pedrori. ETE ligan, berriz, Tolosaldea eta Deusturen arteko buruz burukoa baieztatu da.

Tolosaldea garaipena ospatzen Pasaian, joan den astean. Irudia errepikatu dute gaur. JON URBE / FOKU
2021eko ekainaren 27a
15:47
Entzun

Hiru estropada eta hiru garaile. Horiek dira momentuz KAE1 ligako emaitzak. Gaur jada bandera bat irabazia zuen San Pedrok etxean jokatu du, Pasaian (Gipuzkoa), baina ezin izan du bigarren garaipena lortu, Kaiku azkarragoa izan baita. Sestaokoek 1.92 segundo atera dizkiote Libia-ri, eta sailkapen nagusian bigarrenak dira, San Pedro baino bi puntu gutxiagorekin.

ETE ligan bestelakoa da joera, eta geroz eta nabarmenagoa da bi direla liga irabazteko hautagaiak: Tolosaldea eta Deustu. Garaipen bana zeramaten, berdinduta zeuden sailkapenean, eta gaur ere bi ontzi horiek sailkatu dira lehen bi postuetan. Aurretik, Tolosaldea izan da.

Estropada arraroa izan da KAE1 ligakoa. Pasaiako badiaren barruko aldean jokatu dute, eta sei luze eta bost ziaboga egin behar izan dituzte. Kaikuk estropada ona egin du, eta azken ziabogan zazpi segundoko aldea zuen San Pedrorekiko. Etxekoek, ordea, ez dute amore eman, eta azken segundora arte borrokatu dira; azkenean, bi segundo eskaseko abantaila eskuratu du Kaikuk.

Hirugarren sailkatua Deustu izan da, hirugarren txandako garailea; 18 segundo ehunen atera dizkio San Juani. Laugarren izan dira Pasaiakoak, eta sailkapen orokorrean ere laugarren posturaino igo dira. Bosgarren Getaria izan da, seigarren Zumaia, eta estropadako galtzaile nagusia, berriz, Pedreña izan da. Mailaz igotzeko faboritoen artean daude Kantabriakoak, baina gaur irteera txarra egin dute, eta zortzigarren amaitu dute.

Buruz burukoa

Mutilek baino baldintza okerragoetan egin dute arraun gaur neskek. Goizean goiz hotza eta euria ziren nagusi Pasaiako badian. Ohikoa den moduan, mutilen distantzia erdia egin dute; gaur, beraz, hiru luze eta bi ziaboga. Estropada osoan nor baino nor ibili dira Deustu eta Tolosaldea, eta, azkenean, gipuzkoarrak izan dira garaile.

Hirugarren Hibaika izan da, Deustutik lau segundo eskasera, eta laugarren San Juan, ohorezko txandako azkena. Bosgarren Zumaia izan da, bigarren txandako garailea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.